NAIZ
DONOSTIA

Elena Odriozola 2022ko Andersen ilustrazio sarietarako hautagai izendatu dute

Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak lan ugari egin du Euskal Herrian zein nazioartean eta bere ibilbidearen aitortza dira jaso dituen errekonozimenduak, han-hemen. 2022an banatuko diren Hans Christian Andersen sari ospetsuetara izendatua izan da berriro; aurten, finalista izatera iritsi da.

Elena Odriozola ilustratzailea, Donostiako etxean. (Conny BEYREUTHER)
Elena Odriozola ilustratzailea, Donostiako etxean. (Conny BEYREUTHER)

Zaila da Elena Odriozola (Donostia, 1967) ilustratzailearen ibilbidea zein bere lanengatik jaso dituen sariak eta aitortzak lerro bakan batzuetan laburtzea. Birritan Euskadi Saria (2009an eta 2013an) eta Espainiako Ilustrazio Saria jasotakoa (2015), bai 2018an, baita aurten ere, bere alorrean Nobel sarien parekoak jotzen diren Andersen sarietarako hautagai izan da. Martxoan deliberatu zen saria ez zuen irabazi, baina finalisten artean gelditu zen.

Sariok bi urtetik behin banatzen dira, eta International Board on Books for Young People (IBBY) erakundeak antolatzen ditu. Bada, berriki jakitera ematen duenez, 2022ko Hans Christian Andersen Awards sarietarako hautagaien artean dago donostiarra oraingoan ere. Orotara 62 dira ilustratzaile hautagaiak eta 33 herrialdeetakoak dira.

Etxepare Euskal Institutuak ohar bidez azaldu duenez, Elena Odriozolaren izena proposatzea OEPLIk –Haur eta Gazte Liburuetarako Espainiako Erakundea– egin du Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Odriozolarekin batera, Jordi Sierra i Fabra idazle katalana dago 2022ko sarietarako hautagaien artean.

Andersen saria haur eta gazte-literaturaren alorrean ematen den sari garrantzitsuena da. IBBYk behin hautagaien zerrenda aurkezten duela, ondoren galbahea pasa eta finalisten zerrenda iragarriko du. Finalisten zerrenda 2022ko urtarrilean iragarriko dute eta urte bereko martxo-apirilean, Boloniako Ferian, irabazleen izenak aditzera emango dituzte.

Sarietaz eta ibilbide emankorraz aritu zen Elena Odriozola 7K aldizkariarentzat iragan maiatzean. Bere etxeko ateak parez pare zabalduta astekariari, aitortzak «loteria» apur bat direla esan zuen egileak, «faktore asko» baitaude tartean. Eta bitxia bada ere, 2018 eta 2020ko Andersen sarietarako hautagaitzen ondoren, bere izena ez zela berriro errepikatuko uste zuen. «Ziur aski, 2022an beste pertsona bat aurkeztuko dute». Erratuta zegoen.