Gaizka Izagirre Brosa

2020ko telesailik onenak

Aitortu behar dizuet ikusitako onenen zerrendak egitea txokolatea jatea baino gehiago gustatzen zaidala. Zer hoberik, 2020. urte ezohiko honetan ikusitako ehunka telesailen artean onenak iruditu zaizkidanak aipatzea baino. Hartu bolaluma eta apuntatu oso ongi izen hauek.

‘Normal people’ telesaila.
‘Normal people’ telesaila.

8 Normal People

RAKUTEN TV

Sally Rooneyren eleberriaren moldaketa; “The New York Times” egunkarian millenial-en garaiko idazle handi bezala definitu dute irlandarra. Irlandako herrixka batean 2008ko finantza krisiaren ondorengo garaian girotua, Marianne (Daisy Edgar-Jones) eta Connell (Paul Mescal) dira kontakizun erromantiko-dramatiko honetako protagonista nagusiak. Coming-of-age generoa ardatz hartuz, sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko hamabi atal topatuko dituzu. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzu, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zara.

Bi protagonisten arteko kimika gutxi ez eta, ekoizpenaren gainerako alorrak ere azken zirrikituraino zainduak daude. Pertsonaien arteko igurtzi bakoitza, begirada bakoitza, topaketa bakoitza, behar bezala desfokuratutako lehen planoek indartzen dute adibidez. Ederra bezain frustragarria den kontakizun hau ikusleari helarazteko, zinema komertzialaren eta independenteren arteko oreka perfektua ere lortu dute. Zalantzarik gabe 2020ak eman duen harribitxietako bat.

7 Mrs. America

HBO

Phyllis Schlafly izan zen Estatu Batuetako gizonen eta emakumeen arteko lan, dibortzio eta jabetza arloko eskubide berdintasuna sustatzen zuen proiektuaren aurka azaldu zen politikari ultrakontserbadorea. Feminismoaren aurkako etsai amorratua, neurri batean emakumeen eskubideak geldiarazi zituena, horrekin guztiarekin gozatzen zuen bitartean. Ekoizpen paregabe hau, hein handi batean Cate Blanchett aktoreak maisuki gorpuztu duen Schlaflyren rolari esker, urteko telesailik onenen zerrendan sartu da. Oso telesail politikoa iruditu zait, botere borroken eta borroka dialektikoen gainean eraikia

dagoelako, eta historia aldatzeko gai diren iritzi korronte bihurtzen diren narratibak nola idazten diren erakusten duelako. Nabarmentzekoa da, protagonistek jaurtitzen dituzten mezuetatik harago, moral autoritarioaren gaitzespen hori ikusleari formaren bidez iristen zaiola. Phyllisen eszena gehienak, estetika eta ikuspegi zapaltzailea erabiliz, era kartesiar eta oso “akademikoan” filmatuak daude, bera beti planoaren erdian dagoela. Aldiz, eremu feministako eszenak kamera lurrunkorr

ago eta askeago batekin harrapatzen dira. Zuzendaritza lan paregabea eta gidoi biribila.

6 Når støvet har lagt sig

FILMIN

Eskandinaviako telebistan %42ko share ikusgarria lortu duen telesail hau ere ezinbestekoen zerrenda sartu beharko zenuke. Fenomeno horren zergatia guztiz ulertzen dut, urteko telesail nordiko onena iruditu zaidalako. Gurutzatzen diren istorioen egituraz baliatuz Kopenhage hiriko jatetxe batean gertatzen den atentatu terrorista basati baten gaineko kontakizun gordina da.

Eraso hori gertatu eta hamar egun lehenago kokatzen da tramaren erpin bat, baina baita gertatzen den unean eta, noski, ondoren ere. Interesgarriena da guztia ikuspegi soziologiko baten betaurrekoetatik begiratzeko aukera eskaintzen digula, jakin gabe elkarrekin konektatuta daudela –edota egongo direla– eta beren bizitzako inflexio punturik gorenean nola erreakzionatuko duten jakin gabe. Pertsonaia sorta desberdin horiei esker –Justizia ministroa, etxerik gabeko ama, jatetxeko jabea, zerbitzarietako bat eta bederatzi urteko alaba, iturgin bat, jatorri palestinarreko ile apaintzaile bat, abeslari suediar bat eta mugikortasun arazo larriak dituen erretiratu bat–, telesailak milimetroraino aztertzen du daniar mikrokosmos hori. Hain bete-betean sartzen gara pertsonaien errutina horretan, narrazioa hain da zehatza eta sendoa, une batzuetan ahaztu egiten baitzaigu pantailaren aurrean gaudela.

Asko gustatu zait fikzioaren asmoa ez dela inongo momentutan atentatuen morboan zentratzea interesa. Guztiz kontrakoa. Helburua da zu eta ni izan gaitezkeen pertsonaia horiei nola eragiten dien erakustea. Nola hobetu edo okertu gaitzakeen. Elkartu edo zatitu. Gaitzestea edo askatzea. Benetakoa, gertukoa eta gordina, eta baita oso gizatiarra ere. Horrekin guztiarekin, telesail nordiko askok era paregabean egiten duten moduan, Danimarkako gizartearen erradiografia txiki bat ikusteko oso baliagarria iruditu zait.

5 Antidisturbios

MOVISTAR

Ohar garrantzitsua: utzi aurreiritziak alde batera, honakoa ez baita istiluen kontrako polizien irudia zuritzeko sorturiko telesail trakets bat. Ekoizpen paregabe honetan guztiz kontrakoa topatuko duzu. Adrenalina hutsa da. Akzioa eta thriller poliziakoa uztartzen dituen eta pertsonaietan guztiz zentratzen den lehen mailako ikuskizun paregabea. Trataera bisuala indartsua eta ikusgarria izateaz gain, pertsonaien garapena inongo momentutan ahaztu gabe nabigatzen du sei atal bikainetan zehar. Rodrigo Sorogoyen zinemagileak “El Reino” film bikainaren lorratzari jarraitu dio lan horretan hain indartsuak ziren estetika eta narratiba txertatuz.

4 Devs

HBO

Zeinen zaila den hainbeste zirrara eta sentsazio transmititu dizkidan telesail baten mamia hitzen bidez transmititzea. Buru hausgarri existentzial zoragarria iruditu zait, Alex Garland ironiak gainezka egiten dion gidoilari burutsua dela frogatu duen lan zirraragarria. Zientzia-fikzioz mozorrotua dagoen lan zorrotza eta txundigarria.

Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean kokatua dagoen enpresa teknologiko batean egiten duten lan, Amaya izenekoa. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs izeneko azpi-proiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan errekrutatzen dute. Egun batean ez da etxera itzuliko eta Lilyk enpresak bere bikotearen desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela uste du. Amaya enpresaren atzean zer ezkutatzen den eta haren proiektu klandestinoen benetako xedea zein den ikertzen hasiko da, eta ondorio beldurgarri eta latzak topatuko ditu.

Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa da. Urteko zientzia-fikziozko piezarik dotore eta pertsonalenetako bat izateaz gain, premisaz harago, telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller bezala planteatua dago. Hainbat kontzeptutan sakontzen du gainera, hala nola determinismoan, hautapen askean, ingeniaritza kuantikoan, zer egiten gaituen gizaki eta adimen artifizialaren mugetan. Galdera ugariz eta oso erantzun gutxiz betetako thriller teknologikoa.

3 I May Destroy You

HBO

Ziurrenik oraindik entzun ez duzun arren apuntatu ongi bi izen hauek: “I May Destroy You” telesaila eta haren sortzaile eta protagonista nagusia den Michaela Coel. Aktoreak berak jasan zuen sexu eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea iruditu zait. Tinder belaunaldiko sexu adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta. Gertaera trauma bat baino askoz gehiago dela frogatu nahi duen kontakizun desberdina eta iraultzailea.

Nabarmentzekoa, lehenik, hasieratik erakusten duen ausardia ikaragarria. Askok polemikotzat edo asaldatzailetzat jo dute dagoeneko, ziurrenik gizarte gisa erabat prestatuta ez gaudelako gai horiei buruz hitz egiteko. Harrigarria iruditu zait beharrezkoak diren gai ugari nola jorratu dituen, gizonen zein emakumeen aurkako sexu indarkeria islatzen duten azpitramak txertatuz: trauma osteko sindromearen normalizazioa, gehiago entzuteko beharra duen belaunaldi baten argazki leiala, arrazismoa, transfobia, homofobia, suizidioa, depresioa –baina figura arrakastatsuen bidez azalduz–, bakardadea, eta noski, gero eta polarizatuagoa den mundu batean geure lekua edota izena sortzeko nahiak eragiten duen antsietatea.

Telesail hau sexu hezkuntzako klaseetan jarri beharko litzatekeela iruditzen zait. Deserosoa eta gogorra izan arren, beharrezkoa da bertan planteatzen zaizkigun gaiei heltzea eta gogoeta sakonak egitea. Bizitzaz diharduelako azken finean, baina bizi dugun errealitate berriaren betaurrekoetatik, sare sozialez eta sexuaz.

2 Gangs of London

RAKUTEN TV / STARZPLAY

Ahoko babeslea eta ubelduren aurkako krema alboan dituzula ikusi beharko duzun akziozko thriller frenetikoa, zorabiagarria, gordina eta oso basatia. “Peaky Blinders” gustuko baduzu, baina erritmoa eta indarkeria hamarkoiztuz, Guy Ritchieren “Lock & Stock” edota “Snatch” filmen zalea bazara baina umore dosia ekuaziotik ezabatuta edota mafia giroan kokaturiko filmak atsegin badituzu, hau da ikusi behar duzun hurrengo telesaila. Mafiak, gezurrak, kaleko bandak eta indarkeria oso basatia dira Londres hirian girotutako telesail honen osagarri nagusiak. Gareth Evans zinemagileak hain berezkoa duen estilo hori gaur egungo Londresera eraman du. Gidoi bikaina du, erritmo ikaragarria eta berak bakarrik planifikatzen dakizkien indarkeria eta zartadaz josiriko borroka koreografiatu txundigarriak.

1 Better Call Saul

MOVISTAR

Telesail hau 2015. urtean estreinatu zen arren, aurten bosgarren denboraldia eman dutelako sartu dut zerrenda honen gorenean, oso telesail gutxik jokatzen baitute “Better Call Saul”-en liga berean. “Breaking Bad” maisulanaren spin off-a oraindik ikusi ez baduzu ez dakit zertan ari zaren, Saul Goodman abokatu xelebrea oinarri duen harribitxia galtzen ari baitzara. Telesail originalari erreferentziaz eta loturaz josia, drama eta umore beltzaren nahasketa perfektua osatzea lortu du Vince Gilligan sortzaileak, betiere gidoi bikain baten babespean. Ekoizpen honen bikaintasun maila zoragarria iruditzen zait; horren erakusgarri, gidoia, metafora bisualak, argazki zuzendaritza zaindua eta pazientzian eta zehaztasunean oinarritutako muntaketa ia perfektua, besteak beste. Aipamen berezia jakina, pertsonaiei oro har, eta protagonistari bereziki, Bob Odenkirkek Walter Whiten mailara igoarazi duen pertsonaia eraikitzea lortu duela uste baitut.

Ez nuke esango derrigorrezkoa denik, baina bai garrantzitsua, lehenago “Breaking Bad” telesail bikaina ikustea, telesail honen atzealde eta zentzu guztia hobeto ulertu ahal izateko, pertsonaiekiko enpatia maila altuagoa edukitzeko eta oro har askoz ere gehiago gozatu ahal izateko. Letra larriz idatzitako maisulana.