Asier Robles

Napoleonen tropek Nafarroa hartu zuen garaira garamatza Iñaki Irisarri idazleak

Iñaki Irisarri idazleak ‘…eta infernuko demonioa adiskide’ (Elkar) eleberria aurkeztu du astelehen honetan. Abenturazko kontakizuna da, 1811an Napoleonen tropa frantsesek Nafarroa hartu zutenean girotuta.

'…eta infernuko demonioa adiskide' liburua aurkeztu du Iñaki Irisarrik. (Gorka RUBIO/FOKU)
'…eta infernuko demonioa adiskide' liburua aurkeztu du Iñaki Irisarrik. (Gorka RUBIO/FOKU)

2021eko denboraldi literarioari ekin dio astelehen honetan Elkar argitaletxeak Iñaki Irisarriren ‘…eta infernuko demonioa adiskide’ eleberria aurkeztuz. Idazleak eta Xabier Mendiguren editoreak nobelaren nondik norakoak azaldu dituzte streaming bidez eskainitako prentsaurrekoan.

Liburua duela bi mende girotuta dago, 1811n hain zuzen, Napoleon Bonaparteren tropa frantsesak Nafarroan sartu zirenean Iruñeko zitadelaz jabetuz. «Jendea nazkaturik dago frantsesak jasan eta elikatu beharraz. Hori dela-eta, gero eta gehiago dira Espoz Minak gidatzen duen gerrillarekin bat egiten dutenak, soldaduak behingoz Nafarroatik botatzeko», dio sinopsiak.

Testuinguru horretan agertzen da protagonista nagusietako bat: Babil. Txirula jotzen duen eta mutu dagoen gazte hau gerrillarekin bat egitera doa etsaiek aita hil dutelako. Ama duela urte batzuk hil zitzaionez, umezurtz geratu da. Erakusle ipiniko diote Txarro, gizonkote zakar eta basa, eta eginkizun berezia emanen diete, biei eta Bordeletik datorren Lauren gazte ilustratuari: mugaldera joatea, handik dabilen bidelapurra atzemateko, merkatarien joan-etorriak babestearren.

Irisarrik azaldu duenez, garai bitxia izan zen hura. «Nafarroa antzinako erregimenarekin bizi zen oraindik, non eliz-gizonak eta nobleak sekulako pribilegiatuak ziren eta Napoleonek Frantziako iraultzaren ondoren beste aire batzuk ekarri nahi zituen».

«Anbiguotasun» handiko istorioa dela nabarmendu du Mendigurenek: «Gerra-egoeretan ez dago argi nor den ona edo nor gaiztoa, nor duzun lagun edo etsai, norengan fida zaitezkeen...».

Idazleak genero historikoan eta abenturazkoan kokatu du eleberria, eta «akzio bizikoa» dela nabarmendu du. Idazteko dokumentazio lan handia egin duela azaldu du eta, besteak beste, liburua girotzen den lekuak bisitatu ditu.

«Leku, giro eta garai zehatz baten kolore eta usainez ongi hornituriko kontakizuna, botereen eta armen aurrean herritar xeheak galtzeko guztiak dituela gogorarazten diguna», dio sinopsiak Irisarriren bakarkako lehenengo liburuari buruz.