NAIZ

Bizitza ariketa bezala

Artium Museoak «Juncal Ballestin. Bizitza ariketa gisa» erakusketa zabalik dauka. Bi multzotan banatu dituzte lanak, bat artistaren pinturako serie nagusian oinarritua, eta, bestea, zenbait objektu serie biltzen dituena.

Artium Museoko erakusketa maiatzaren 23ra arte dago irekita. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Artium Museoko erakusketa maiatzaren 23ra arte dago irekita. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Juncal Ballestinek (Gasteiz, 1953-2015) serieka antolatutako lan multzotan egituratu zuen bere obra. Eta, hain zuzen ere, artistak erabilitako sailkapena errespetatu da Artium Museoko erakusketa honetarako: bi multzo nagusi berezi dira, bat artistaren pinturako serie nagusian oinarritua, eta, bestea, zenbait objektu serie biltzen dituena.

Bi multzo nagusi horiei gehitu zaizkie, gainera, inongo serietan txertatuta egon ez arren artistaren ibilbidera hurbiltzeko funtsezkoak diren zenbait obra. Fernando Illanaren komisariotzapean, pintura, objektu eta instalazio sorta bat hautatu dute –tartean jendaurrean erakutsi gabeko zenbait lan–, artistaren ibilbidera hurbiltzeko.

«Artistaren ustez, artea errealitatearen barnera begiratzeko modu garaikidea da, edozein zantzu metafisikotik haratago. Bere agerpenean, bere ‘ikusgarritasunean’ munduaren zirrikitua den errealitate bat, presentziaren eta ez egotearen arteko jolas soilera mugatu ezin daitekeena», nabarmendu dute Artium Museotik.

Arte objektu eta praktikara iristeko bitarteko gisa hitzei uko egiten bazien ere, Amarika Aretoan 1993an egindako erakusketaren katalogoan zenbait ohar utzi zituen idatzita Ballestinek, premiei, sentsazioei eta materialei buruzkoak, bere lanarekiko ausazko hurbilketa gisa: «gehiegi errespetatzen dut gu guztion denbora. Beti eskertu izan dut hitzen argitasun laburra. Nahiago dut irudia zabal eta libre utzi (…)». «Nire ustez, nire lanak sorrarazten dituen prozesuaren nondik norakoa eta zergatia azaldu besterik ez dut egin behar, sailak iruzkin errazen bidez sarraraziz. (…)», dio beste pasarte batean.

Artiumeko erakusketaren atarian, binilo batean jaso dira Ballestinek bere obrari eta lan prozesuari buruz esandako zenbait esaldi: «Objektu eta materialetako batzuk halabeharrez iristen dira niregana, eguraldi txarrak ekarrita (haize gogor batek zuhaitza bota eta, harekin batera, hura besarkatzen duen huntza erortzen da). Beste batzuk, landa-lanak direla medio, hala nola inausketa edo baratzerako zurkaitzak bilatzea…».

Erakusketako ibilbidearen abiapuntu modura, izenbururik gabeko bideo bat proiektatzen da horma beltz batean. Bertan, pintura gainalde batean behera isurtzen ikusten da.

Ibilbidean zehar, espazio bat atondu da Ballestinen lanaren hainbat alderdi ilustratzen dituzten dokumentuak erakusgai jartzeko.

Txikitatik izan zuen marrazteko zaletasuna Ballestinek. Gaztetan, Jose Luis Gonzalo Bilbao erretratugile eta pintura irakaslearekin hasi zen bere lehen pausuak ematen, eta, ondoren, Rafael Lafuente arabar abangoardistarekin Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan aritu zen. Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan sartu zen, eta grabatuan eta pinturan lizentziatu eta espezializatu zen. Otazun jarri zuen bere lanerako txokoa, eta, bere ibilbide artistikoari hasiera emateko, 1970eko hamarkadan Arabako hiriburuko hainbat galeriatan eta Bilboko Recalde galerian erakutsi zituen bere lanak.

1970eko hamarkadaren amaieratik 1980ko hamarkadaren hasierara bitartean hainbat erakusketa kolektibotan ere parte hartu zuen. Urte haietan euskal artisten erakusketa kolektibo batean ere parte hartu zuen Pragan. Bere jarduera artistikoarekin batera, Bilboko Arte Ederren Eskolako irakaslea izan zen. 1990eko hamarkadaren erdialdean ekin zien berriz bakarkako erakusketei.

Bilduma pribatuetan ez ezik, bere obra Artiumen, Espainiako Liburutegi Nazionalean eta Nikaraguako Museo Nazionalean ere aurkitzen da.

Artiumeko A3 Aretoan dago ikusgai erakusketa maiatzaren 23ra arte. Asteartetik ostiralera 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara bisita daiteke. Larunbatetan eta igandeetan, 11.00etatik 20.00etara.