Arnaitz Gorriti

Saski Baskoniak bere buruarekin eta Barçaren aurka gainditu behar du azterketa

Euroligako liderraren kantxan jokatuko dute gasteiztarrek, Pau Gasol blaugranaz jantzi bezperetan. Top 8ra bidean egiten ari den atzetik aurreranzko lasterketa ero honetan, ezin ditu Kopako finalerdietan egin zituen akatsak errepikatu.

Pierria Henry bikain moldatu ohi da Bartzelonaren aurka. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Pierria Henry bikain moldatu ohi da Bartzelonaren aurka. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

«Bartzelonari irabazi diezaiokegu. Zergatik ez? Ikusi egin behar Kopako partidan ezer ikasi geniuen ala ez, ea orduko ikasgaia baliagarri zaigun». Olympiacosi irabazi ostean, Bartzelonara bidean zuen begirada Dusko Ivanovicek, ostiral gaueko 21.00etan aurkari izango baitu TD Systems Baskoniak Euroligako liderra. Baina berdin zaio talde gasteiztarrari Euroligako liderra edo NBAko azken txapelduna, Top 8a badu helburu, irabazi egin behar du, eta kito.

Egia da galduta ere ez litzatekeela mundua amaituko eta oraindik beste sei jardunalditan atzetik aurrerako lanak egiterik izango lukeela talde arabarrak, baina akats askotarako ez dago Saski Baskonia, bere egunean nahikoa eta gehiago egin baitzituen. Bartzelonaren aurka, esaterako, Euroligako aurreneko itzulian: 69-58 aurretik jarri eta 71-72 galdu zuen. Halakorik behintzat ezin zaio ametitu.

Ezta Kopako finalerdietako akatsik ere. Orduko hartan, Dusko Ivanovicen iritziz, «errespetu larregirekin» jokatu ei zuten bere gizonek baugranen aurrean. «Baskoniak Europako talde onenen kontra lehiatzen du eta irabazi bezala galdu ere egin lezake, alde handiaz galdu ere zenbaitetan. Bina onartezina dela zera da: aurkariari dion errespetoagatik bere jokorik ez egitea», bota zuen duela aste pare bat Ivanovicek berak Kopako partida gogoan.

Izan ere azken hilabete eta erdian Barçaren aurkako partida hura bakarrik galdu du Saski Baskoniak, eta badu, ondorioz, gainditu gabe utzi zuen azterketa hura gainditzeko sasoia.

Irabazita ere oraindik ez litzateke Top 8an sartuko, baina presioa jartzen jarraituko lukete gasteiztarrek. Presioa, baita Bartzelonari berari ere. Hau da, Saski Baskonia Euroligako hamargarren postuan dago, Valentzia Basketekin berdinduta, 14-13 balantzearekin. Bederatzigarren, 15-12 beren alde, Zalgiris Kaunas dago; Euroligako bosgarrenetik zortzigarren postura bitarteko talde guztiek 16na garaipen dituzte, Baskoniak baino bi gehiago bakarrik alegia. Bartzelonak berak ere, liderra izanagatik, 19 garaipen ditu «bakarrik» –hartuko luke Baskoniak– eta oraindik ez du bermatu Top 8 horretan egongo denik.

Hau da, atzetik aurrerako lasterketa ero horretan presioa sartzen ari da Saski Baskonia eta bere aurkariek badakite sasoi onean dagoela talde gasteiztarra. Erakutsi zuten Khimkiren aurka; erakutsi ere, halaber, Izar Gorriari astindu eder askoa emanda. Eta zer esan asteazkenean Olympiacosi 91-66 irabazi ostean? Gaizki ekin bazion ere «oldarkortasunik gabe», Ivanovicek onartu zuen moduan, berehala eman zion buelta hasiera aldrebes horri eta bigarren zein laugarren laurdeneko jipoiek –51-19ko partziala lortu zuen Baskoniak bi laurden horiek batuz gero– partida goitik behera aldatu zuten, eta bide batez, gasteiztarrek Vassilis Spanoulis handiari erretiroko bidea erakutsi zioten.

Pau Gasol laster da

Pena bakarra izango da ostiraleko partidan, azken emaitza bat edo beste izan: Pau Gasol jokatzen ezin ikustea. Sant Boiko erraldoia Bartzelonan dago jada, baina oraindik talde blaugranak ez du aurkeztu. Domeka honetan Bartzelonak bere hauteskundeak ospatu behar ditu eta ziurrenik datorren astean aurkeztuko dute hogei urteren buruan etxera itzuli den semea.

Dena den, badauka Bartzelonak non aukeratua bere jokalarien artean. Nikola Mirotic da Saras Jasikeviciusek zuzentzen duen taldearen izarra, baina Cory Higgins, Abrines, edo Brandon Daviesek sekulako mina eman diote aurten talde gasteiztarrari, Victor Claver bere lesiotik itzuli dela ahaztu gabe edota Leandro Bolmaro gazte argentinarra gero eta sendoago jokatzen ari dela.

Horien guztien aurrean azterketa zaila izango dute gasteiztarrek, baina baita bere buruaren aurka ere, Top 8ra bidean egiteko duen lana dela-eta.

Zorterik ez ostegunean

Bartzelonaren aurka jokatu bezperan zorte handirik gabe ibili da beste behin Saski Baskonia, izan ere bere zuzeneko arerio gehienek irabazi egin baitute.

San Petersburgon gasteiztarrei hobeto zetorkien Zeniet Real Madrili irabazi izan balio –Baskoniarekin berdinketa egonez gero, aintzat hartu behar da Real Madrili birritan irabazi diola talde arabarrak eta Zeniten aurka joanekoan galdu egin dutela–, baina 71-75 nagusitu dira Pablo Lasorenak. Askoz hobeto ekin diote partidari madrildarrek, Tavares eta Alocenen eskutik, baina hirugarren laurden gogoangarria egin dute errusiarrek, 29-14ko partziala erdietsiz eta azken hamar minutuetara markagailua 58-52 dela iritsi dira.

Alabaina, azken laurdenean Real Madrileko argentinarrek partidari buelta eman diote. Deck eta Laprovittola bikain aritu dira eta Tavares erraldoia batu zaie hauei biei Zeniten erreakzio saiakerak bertan behera uzteko. Hala, Real Madrilek hamazazpigarren garaipena erdietsi du, San Petersburgoko taldea 16rekin geratu den bitartean.

Horrez gain, Anadolu Efesek gorantzko bidean darrai. Moskuko CSKA hartu du ostegunean Ergin Atamanen taldeak –Gasteizko Final Fourreko final nagusiaren errepikapena, hain zuzen– eta ez da kolorerik izan, turkiarrek nahi bezala irabazi baitute: 100-70, joaneko partidan errusiarrek beren alde erdietsi zuten 100-65 hartatik oso gertu.

Aurreneko laurdenetik hautsi da partida, 31-13 amaitu baitira aurreneko hamar minutuak. Atsedenaldiaz geroztik Istanbulgo taldeko izarrek atseden minutu dezente izan dituzte, baina aurrez partida behin betiko erabakita laga dute, bigarren laurdenaren amaieran markagailua are nabarmenagoa izan baita: 55-28.

Handik aurrera errusiarrek itxura hobea eman dute, baina partidari buelta emateko aukerarik gabe. Milutinov gabe, barruko jokoan asko galdu dute Dmitris Itoudisen gizonek eta Anadolu Efes nagusi izan da errebotean Horrez gain, turkiarren defentsak ito egin du CSKA eta 19 baloi galdu ditu. Bada, azken hamar partidatik bederatzi irabazi ostean, 17 garaipenekin jarri dira, Moskuko CSKAk baino bat gutxiago.

Munitxeko Bayern ere gogor dabil eta denboraldiko hamazortzigarren garaipena lortu du. Panathinaikos izan da bere aurkaria eta lana beltz egin arazi dio talde greziarrak Andrea Trinchierik zuzentzen duen taldeari. Aurreneko laurdenean 14-21 aurreratu da PAO eta kosta egin zaio Bayerni buelta ematea, baina minutuek aurrera egin ahala, lortu dute eta 76-71 nagusitu dira.

Wade Baldwin IV izan da alemaniarren salbatzailea: 27 puntu, 6 asistentzia eta 34ko balorazioa lortu ditu Bayerneko eskoltak. Vladimir Lucicek beste 14 puntu erantsi dizkio alemaniarren markagailuari eta gainontzekoa, egia esan, Panathinaikosek berak jarri du. Hau da, 16 baloi galdu ditu; 18 hirukotik 4 baino ez ditu sartu eta 28 jaurtiketa libretik 11 huts egin ditu talde greziarrak.

NBAtik itzuli berritan, saiatu da Mario Hezonja kroaziarra PAOri azken segundora arte aukerak ematen, baina bere talentua ez da nahikoa izan Munitxekoen lana zapuzteko.

Aukeran, jardunaldiko emaitzarik onena Valentzia Basketen porrota izan da. Jaume Ponsarnaurenek Maccabiren kantxan galdu dute 84-72. Israeldarrak baino hobeto hasi dira taronjak, baina partidak aurrera egin ahala indarra eta kemena galdu dute.

Beste behin Derrick Williams izarra oso eskas aritu da –akaso Labeyrie, Kalinic eta Dubljevic txukun aritu direlako– eta izarraren erreferentziarik gabe, itzaltzen joan dira bere taldekideak ere. Maccabiri dagokionez, nahiz eta Wilbekin hutsean geratu den, Tyler Dorsey, Ante Zizic, Chris Jones eta Omri Casspi bikain aritu dira, 13 puntu edo gehiago lortu baitute guztiek ere. Harritzekoa izan da Casspik aspaldiko partez eman duen maila bikaina, lesioek ez baitiote behinola Sacramenton edo Golden State Warriorsen aritu zen hegalekoari etxeko taldean dizdirarik egiten laga.

Valentzia, hortan, 14 garaipenekin geratzen da eta hanka sartzeko tarte txikiagoarekin. Badaki orduan Baskoniak zer ez zaion gertatu behar Palau Blaugranan.