NAIZ

Bizkaia FSNext, tokiko kultur sortzaileentzat ordainpeko plataforma berria aurkeztu dute

Bizkaia FSNext artistei eta kultura-erakundeei interneten egiten duten lana proiektatzen laguntzeko plataforma bat da. Ordainpekoa izango da eta sortutako balioaren %90 eskuratuko dute artistek. Momentuz 30 ekitaldi daude ikusgai.

Plataforma asteazken honetan aurkeztu dute, Bilbon. (NAIZ)
Plataforma asteazken honetan aurkeztu dute, Bilbon. (NAIZ)

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Fair Saturday fundazioak sortu dute Bizkaia FSNext aurkeztu dute, artista eta kultur erakundeentzako agertoki digitala, Laboral Kutxaren laguntzaz. Plataforma hori Bizkaian garatu da, eta kultura-erakundeei lagundu nahi die beren lana online proiektatzen, diru-sarrerak sortzen eta audientzia digitalak garatzen.

Plataformaren aurkezpenean, Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, proiektua «Bizkaiko antzerki digitala izateko asmoarekin sortu da. Gainera, kultur ondarea sortzeko modu bat da, Bizkaiko aberastasun artistikoa agertoki berean batzen duen plataformari esker». Diputatuak adierazi duenez «ez dator presentziala ordezkatzeko. Haren osagarri eta pizgarri izan gura du».

Bizkaia FSNext-en bidez artistek eta kultura-erakundeek on-line edukien salmentari esker diru-sarrerak sortzea espero da. Diru-sarrera garbien %90 kultura-erakundeentzat izango dira, eta gainerako %10a plataforma mantentzeko. Zentzu horretan, argudiatu dutenez, Bizkaia FSNext-ek nazioartean, artistei eta erakundeei diru-sarreren ehuneko handiena eskaintzen dien plataformetako bat izan nahi du. Irabazien zati bat proiektu sozialei laguntzeko aukera ere eskainiko zaie kultura-erakundeei.

Prezioa audientziak finkatuko du, kultura-erakundeek berek ezarritako gutxieneko oinarri baten gainean, eta audientziak sortzeko balioko duela ere uste dute sustatzaileek, Bizkaia FSNext-ek sortzaileei «aukera ematen baitie orain arte iristen ez diren entzule berriekin konektatzeko, bai distantzia fisikoagatik, bai lekualdatzeko ezintasunagatik».

Plataformaren lehen edukiak

Aurkezpenean azaldu dutenez, sustatzaileentzat funtsezkoa da konpromisoa sustatzea eta sektore kultural amateur zein profesionalaren aldeko gizarte-babesa motibatzea. Bizkaia FSNext-ek artistentzat eta kultura-erakundeentzat «erabilgarria izan nahi du, betiere haien lana digitalki proiektatuz, gizarteak baloratzeko aukera emanez eta garatzen jarraitzeko diru-sarrerak sortuz». Bizkaia FSNext-en kontzertu bat estreinatu duen lehen kultur erakundea Kantika abesbatza izan da, 360º-tan grabatutako ikuskizun batekin. Basilio Astulez zuzendariaren hitzetan, «Leioa Kantika Koralarentzat abentura eta haize freskoa izan da plataforma hori gure lana zabaltzeko baliabide gisa erabili izana, are gehiago osasun-egoerak baldintzatutako une berezi honetan. Bizkaia FSNext-ek kontzertua ulertzeko modu tradizionala zabaltzen eta aldatzen lagundu digu».

Plataformak 30 eduki inguru ditu une honetan, hainbat diziplinatakoak: dantza, antzerkia, kontzertuak... Besteak beste, Bilboko Koral Elkartea, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Kantika Korala, Miren de Miguel, Danco Estudio, Biarte eta Idoia abeslariak hartu dute parte oraingoz. Edukiak prestatzen ari direnen artean daude Haxotz, James Room, Zirzira Ahots Taldea eta Soinuaren Bidaia, besteak beste. Esaterako, datorren larunbatean, martxoaren 20an, digitalki estreinatuko da ‘Gora Bihotzak’, abenduan Euskalduna Jauregian egindako kontzertua; besteak beste, Eñaut Elorrieta, Izaro, Zea Mays eta Zetak izan ziren bertan, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta Bilboko Koral Elkartearen laguntzaz, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean.