NAIZ

Anne Etchegoyen abeslaria: Bai da Bai, Alain Rousset sozialistaren alde

Martxoaren 22ko Deia. Historia markatzeko frantziar Estatuan baliatzen den moldea hartuz 500 pertsona ezagunek Alain Rousset Akitania Berriako lehendakari sozialistaren aldeko agiria plazaratu dute gaur. Euskal Herrian Anne Etchegoyen abeslariaren izena agertzen da izenpetzaileen artean.

Anne Etchegoyen abeslaria kontzertu batean. (NAIZ)
Anne Etchegoyen abeslaria kontzertu batean. (NAIZ)

Alain Roussetek oraindik ere ez du argitu ea bosgarren legealdiaren xeka heldu den ekainean izanen diren eskualdetako bozetan hautagai izanen den. Berriki Rousseten aurka ezarritako salaketak -laguntzaile ohi batek aurreko hauteskunde kanpainan eskualdeko baliabideak erabiltzea izana egotzi dio- ez dio mesede handirik egin. Baina Martxoaren 22ko Deia izenburu duen agiria gaur astelehenean plazaratu ondoren, aski ziurtzat eman daiteke Rousset berriz hautatua izateko lehian sartuko dela.

Orotara 500 lagunek izenpetu dute «guretzat, Akitania Berriarentzat, Alain Rousset da» adierazpen zinez argiarekin bukatzen den manifestua.

Idatzi horretan pandemia egoerak areagotu dituela erronkak –berdin gizarte, ekonomia zein ekologiaren ikuspuntutik– nabarmendu dute sinatzaileek, horiek aurrera eramateko agintari sozialista pertsonarik egokiena dela gaineratu dutela.

Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienek eta gizarte kolektibo anitzek errefusatzen duten AHT berriaren defendatzale sutsua den Roussetek «dogmak baino ideiak» defendatzen dituela, bere alderdiaren eremutik harago elkarrizketaren bidez egitasmoak aitzineratzen, adierazi dute bere hautagaitzari bide ematen agiria zabaldu duten sinatzaileek.

6 milio biztanle barne dituen makroeskualde batetaz ari garenez, sostenguak lurraldeka aurkezteko beharra sentitu dute nonbait manifestuaren sustatzaileek.

Hala, Pirinio Atlantikoen departamenduaren «euskal eremuan» izen bi nabarmendu dituzte.

Itziar Ituño aktorearekin batera «Ez da Ez» sexismoaren aurkako ereserkia sortu zuen Anne Etchegoyen abeslaria eta Hazparneko Armand David laborantza lizeoko zuzendari den Bertrand Gaufryau agertzen dira zerrenda horretan.