Iñaki Aldekoa ezker abertzaleko diputatu eta preso ohia hil da

Iñaki Aldekoa Azarloza (Zornotza, Bizkaia, 1940) ezker abertzaleko diputatu eta preso ohia hil da. Herri Batasuneko parlamentari eta Mahai Nazionaleko kide izan zen. 2001etik Aralarreko Batzorde Exekutiboko kide ere izan zen.

Iñaki Aldekoa. (Juanan RUIZ/FOKU)
Iñaki Aldekoa. (Juanan RUIZ/FOKU)

Iñaki Aldekoa Azarloza 81 urterekin hil da asteazken honetan. Politikan ibilbide luzea egindako ingeniari doktorea izan zen, eta ezker abertzaleko diputatu, parlamentari eta batzarkidea.

Bere ibilbide politikoa klandestinitatean hasi zuen, EGIn afiliatu zenean. Horregatik, urtebeteko espetxealdia bete zuen Larrinagan.

ETA-(m)ren jarduerekin ados ez zegoenez, ETA Berrira pasa zen, handik laster bereizi zen arren. Ondoren, ELA sindikatuan sartu zen, eta bertan garatu zuen bere militantzia politikoa, Franco hil ondorengo garai politikoa iritsi zen arte.

1977an ESB-Euskal Alderdi Sozialista alderdi berriaren idazkari nagusi hautatu zuten. Alderdi hau Herri Batasunan sartu zenean, bere baitan jarraitu zuen Aldekoak.

Nafarroako foru parlamentari hautatu zuten 1979an, Herri Batasunaren eskutik. 1983ko maiatzaren 8ko hauteskundeetan berriz hautatu zuten.

1982ko martxoan, «talde armatuari» laguntzea leporatuta epaitu zuten, eta hiru urtez (1983-1985) espetxean egon zen, Alcala de Henaresen.

Aljerreko elkarrizketetatik Aralarrera

Ondoren, 1986ko Estatu espainoleko Kongresurako hauteskundeetan HB ordezkatuz aukeratu zuten Nafarroako lehen diputatua izan zen (hauxe bere diputatu-argazkia, zapi gorria lepoan).

Aljerreko elkarrizketetan parte hartu zuen Iñaki Aldekoak (1989an), aholkularitza lanetan, eta Txilen bizi izan zen ondoren.

Gero HBtik aldendu eta 2001etik aurrera Aralarreko Batzorde Exekutiboko kide izan zen. 2007an Arabako batzarkide aukeratu zuten, Aralar-EB koalizioarekin. Patxi Zabaleta izan du eredu politikagintzan, bai eta lagun estua ere.

Gaixo zebilen aspaldi, baina ustekabean heldu zaio heriotza. Ondoezik sentitu ondoren erietxera joan zen asteazkenean eta hor artatu ostean etxera bidali zuten baina bihotzekoa jasan zuen gero. Hiru seme izan ditu Aldekoak eta Nafarroa eta Arabatik pasa ondoren jaioterri izan zuen Bizkaian eman ditu azken urte hauek, Mungia aldean.

Honela agurtu du EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik:

 

Sortuk doluminak helarazi dizkie Iñaki Aldekoaren senide eta hurbileko lagunei, «saminez betetako une honetan». «Aldekoa errepresaliatu politiko bat izan zen, herri honen independentziaren alde aritzeagatik espetxeratu zutena. Haren konpromiso militantea balioan jarri eta aitortu beharra dago», adierazi du.