Asier Aiestaran

Peñak eta Albisuk sasoi betean daudela erakutsi dute Adarragan (17-22)

Ataungo atzelariak sekulako neurketa jokatu du eta merezita menderatu dituzte Ezkurdia eta Galartza. Arbizuko aurrelaria jokoaren zama bere gain hartzen saiatu da, baina deskonexio une bat nahikoa izan da urdinek markagailuan ihes egiteko.

Jon Ander Albisuk sekulako neurketa jokatu du gaur Logroñon (Idoia ZABALETA / FOKU)
Jon Ander Albisuk sekulako neurketa jokatu du gaur Logroñon (Idoia ZABALETA / FOKU)

Peña II.ak eta Albisuk sasoi betean daudela erakutsi dute Logroñoko Adarraga pilotalekuan eta Ezkurdia-Galartzaren aurka 17-22 irabazi dute Binakako Txapelketaren finalerdietako lehen jardunaldian. Markagailuan abantaila oso handiak izatera heldu dira (9-16 eta 11-20), baina azkenean Aspekoek tanteoa asko txukundu dute.

Neurketak hasiera ikusgarria izan du. Bezperan Labriten ez bezala, Logroñon lau pilotariek oso sartuta ekin diote norgehiagokari eta aurreneko tantoak erritmo oso bizian jokatu dituzte. Peñak eta Albisuk final-laurdenetako ligaxkan erakutsitako seriotasun berdinarekin jokatu dute, oso zuzen, eta gorrien artean Joseba Ezkurdia izan da bikotearen zama bizkar gainean hartu duena.

Arbizuko aurrelariak oso argi izan du atzelariari laguntzea ezinbestekoa zela, eta horretan saiatu da buru-belarri –adibide moduan, aipatu behar da Josebak 140 pilotakada jo dituela, eta Galartzak 89 baino ez–. Lehen tantoak oso parekatuak izan dira eta ez da alde handirik egon markagailuan. Berdinketak ere etengabeak izan dira: 1-1, 2-2, 3-3, 5-5, 6-6, 8-8 eta 9-9.

Baina hasiera horretan Ladis Galartzak oso txukun jokatu duen arren, pilota asko atzeratuz eta defentsan ere bikain moldatuz –ikustekoak izan dira 4-3koan zabaletik eraman dituen pilota zailak–, deskonexio une bat nahikoa izan da urdinek markagailua ihes egiteko.

Zehazki aurreneko atsedenaldi luzearen aurretik eta ondoren iritsi diren tantoetan gertatu da. Urdinek zazpi tanto jarraian egin dituzte, horietatik zenbait batere esfortzurik gabe –atsedenalditik bueltan, esaterako, Galartzak aukerako bi erresto huts egin ditu–, eta 9-16 aurreratu dira markagailuan.

Jon Ander Albisuren tantorik onenak izan dira. Ataungo atzelariak sekulako pilotakadak jo ditu atzera, aurrean defentsan ere zulo guztiak bete ditu, eta tantoa amaitzen ere asmatu du tarteka. Peña ez da beste batzuetan bezain inspiratuta ibili errematean, baina ez dute beharrik izan.

Neurketak antzeratsu jarraitu du 11-20kora arte, baina hortik aurrera urdinek ere nekea somatu dute eta partida ixtea asko kosta zaie. Garaipena arriskuan ez da inoiz egon seguru asko, baina gorriak 17-21 inguratu direnean, Ezkurdiaren bolea on batekin, aurkariak urduri jartzen ipiniko ziren.

Azkenean ez da ezustekorik egon, baina gutxienez gorriek tanteoa txukuntzea lortu dute, horren ligaxka motz batean garrantzitsua izan daitekeena.

«Partida gogorra izan da. Hasiera oso parekatua joan da eta lan asko egin behar izan dugu. Bagenekien etortzerako hala izango zela eta horretan segi dugu. Erdi parean Galartza irten eginda partidatik, baina bukaeran berriz estutu dute eta bukaerara arte segi behar izan dugu amore eman gabe», aztertu du Jon Ander Albisuk amaieran.

Ladis Galartza, bere aldetik, kexu azaldu da urdinek atera duten pilota batekin. «Sekulako botea zeukan. Sei eta erdian bote egin eta buru gainetik pasatzen zitzaidan. Pilota horrekin asko jokatzen dute eta maila horretan segitzen badute txapela ez dute urrun izango», bota du.

Pilotakadak: 464. Partidaren iraupena: 57 minutu eta 59 segundo.  
Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-3, 5-3, 5-5, 6-5, 6-6, 8-6, 8-9, 9-9, 9-16, 11-16, 11-20, 15-20, 15-21, 17-21 eta 17-22. Sakez eginak: 1 Ezkurdiak eta 3 Peña II.ak. Jokoan eginak: 6 Ezkurdiak, 5 Peña II.ak eta 6 Albisuk. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 4 Galartzak, 5 Peña II.ak eta 5 Albisuk. Gertaerak: Logroñoko Adarraga pilotalekua, ateak itxita.