Arnaitz Gorriti

San Pablo Burgos playoffetako aurkaria bada, min emateko gai dela erakutsi du Gasteizen

Vildoza eta Sedekerskis gabe jokatu behar izan dute gasteiztarrek, eta oro har partida txukuna jokatuagatik, hirugarren laurdenean 12-32ko partziala jaso dute, eta azken minutuetako ahaleginak ez dira nahikoa izan San Pablo Burgos on bati aurre egiteko.

Giedraitis bikain hasi da, baina gero desagertu ere egin da beranduegi izan den arte. (Endika PORTILLO / FOKU)
Giedraitis bikain hasi da, baina gero desagertu ere egin da beranduegi izan den arte. (Endika PORTILLO / FOKU)

TD SYSTEMS BASKONIA 83 - SAN PABLO BURGOS 94

Kirolaren kontu hauek zer diren zeinek uler lezake! San Pablo Burgos Gipuzkoa Basketen aurka ideiarik gabe, behar bezala defendatu ezinik eta donostiarren hankapean ikusi eta bost egunen buruan, TD Systems Baskoniaren gainetik pasa da. Gasteiztarrek oso partida ona jokatu dute aurreneko erdian, baina hirugarren laurdenean dena batekoz bestera atera zaie, eta 12-32ko partziala «irentsi» behar izan dute. Saiatu dira azken minutuak arte partidari buelta ematen, baina alperrik, igande honetako San Pablo Burgos bikain hau ez baita izan GBCren menpeko izan zen hura.

Eta kontuan izan behar da playoffei begira, San Pablo Burgos Saski Baskoniaren aurkari izan daitekeelako. Koronabirusak hainbat bider kolpatu arren, Joan Peñarroyarenek erakutsi dute jokatzen badakitela eta makina bat errekurtso dauzkatela. Bada, ikasgaia atera beharko dute arabarrek, batez ere gaztelakoak final-laurdenetako aurkari egokituko balira.

Egia da, bestalde, Jekiri eta Vildoza galtzeaz gain, Sedekerskis gabe hasi dutela partida gasteiztarrek, antza, covid-19ak jota baitago lituaniarra. Horrez gain, jaurtiketa libreetan oso eskas aritu dira Dusko Ivanovicen mutilak: 25etik 14 bakarraik sartu baitituzte.

Hala ere, gauzak ez zaizkio gaizki atera aurreneko erdi horretan. Egia da Burgos 0-7 irabazten hasi dela, baina akordatzerako 8-0eko partziala lortu dute Ivanovicenek, Giedraitisen erakustaldia martxan jarri berritan. Lituaniarrak Estudiantesi 34 puntu sartu bazizkion, igande honetan ere bide beretik hasi da, aurreneko laurdenean 14 puntu saskiratuz.

Horrez gain, Pierria Henryri eta defentsa onari esker, Baskoniak aurreneko laurdena eroso, 25-18ko markagailuaz, eraman du. Burgosek alai eta korrika jokatu nahi izan du, baina gasteiztarrek ederto asko erantzun diote Burgosen proposamen horri.

Ezin izan dute, hala ere, gasteiztarrek hanka egin, San Pablo Burgosek ere saskiari begira sekulako eraginkortasuna erakutsi baitu. Ez Baskoniak adina, hirukoetan 10etik 7 sartu baititu, baina barruko jokalariekin, hala Kravicekin zein Jasiel Riverorekin, kanpotik lortu ez duten erregulartasuna aurkitu baitute.

Gasteiztarrek beti mantendu dute aurrea, baita Pierria Henry atseden hartzera joan denean ere, Dragic eta Sander Raiestek ere beren aletxoa ipini baitute. Esaterako, ikaragarri polita izan da hegaleko estoniarrak lortu duen birrintxea, bidean Xavi Rabaseda lako eskarmentudun jokalari bat atzean utzita.

Entrenatzaileak ez dira hain gustura izan, ordea, erasoko eraginkortasunak atzean batek ere ez duelako ikusi. Baina haserreak haserre, gozatzeko moduko aurreneko erdia markagailua 46-42 dela amaitu da, Saski Baskoniaren mesedetan.

Dena batekoz bestera

Aurreneko laurdeneko hasieraren antzera ekin dio Baskoniak bigarren erdiari. Vitor Benite eta Renfroe solteegi laga ditu talde gasteiztarrak eta hauek biek markagailuari buelta eman diote, 1-12ko partzial bat erdietsiz. Gozoa jarri da ba Dusko Ivanovic! Batez ere defentsako hankasartzeekin eta erasoan behartu gabe galdi dituzten pare bat baloirekin. Orotara 17 baloi galdu dituzte gasteiztarrek, gehienak hamar minutu malapartatu horietan.

Haserretzeko moduko laurdena egin du, izan ere, TD Systems Baskoniak. Ez du ba, Burgosek, halako defentsa onik egin! Edo bai, McFaddenen eta Renfroeren esku bizkorrei esker makina bat baloi berreskuratu ditu Gaztelako taldeak, eta erasoan, gainera, Baskoniak hirukoetan kale egin du, aurreneko erdian ez bezala. Aldiz, Burgosek bota eta sartu ia dena egin du.

Ondorioz, aurrea hartzeaz gain, aldea ere itzelezkoa atera du: 58-74 laurdenaren amaieran, 12-32ko laurden ikaragarria erdietsi ostean. Ivanovicek Kurucs eta Dragic baliatu ditu Pierria henryren lekuan, baina alperrik, gainetik pasa zaiolako Joan Peñarroyaren taldea laurden malapartatu horretan.

San Pablo Burgos 18 puntu aurretik ere egon da (60-78). Baina inon talderik bada halako aldeei buelta emateko kapaza denik, Saski Baskonia da hori. 17-4ko partziala erdietsi dute Dusko Ivanovicenek, Giedraitis –denbora luzeegin desagertuta egon eta gero–, Polonara eta Pierria Henryren lanari esker. Berriz ere jokalari «txikiak» atera ditu Ivanovicek eta 77-82ra iristean hutsartea eskatu behar izan du Joan Peñarroyak. «Ez diete faltarik adieraziko. Badakigu nolakoak diren!», esan die Burgosko entrenatzaileak bere jokalariei.

Omar Cook eta Vitor Benite sartu dira kantxara ostera ere, eta Burgosek ez du barkatu. Eskolta brasildarrak jaurtiketa libreak ateratzen asmatu du eta, Baskoniak ez bezala, ez du kale egin 4,60 metroko marratik. Horrez gain, defentsa asko indartu du Jasil Riverok eta Habanako hegal-pibotaz batera, Rabaseda ere fin aritu da. Orotara, 1-11ko partziala sartu dio Burgosek Baskoniari eta akabo partida.

Orain atseden hartzeko sasoia izango du Saski Baskoniak. Tartean, zorte apur batekin Sedekerskis osatuko da, eta agian baita Vildoza ere –ea ez diren zurrumurruak betetzen, zeren eta New York Knicks argentinarra fitxatzeko nahian ei dabiltza-eta–, eta Jekiri berak ere errekuperazio denborak murrizteko aukera izango du.

Dena beharko du talde gasteiztarrak, Burgosek garbi erakutsi baitio, ACBko playoffetako final-laurdenetan aurkari egokitzen bazaio, lana gogotik eragingo liokeela.

PARTIDAKO FITXA

Saski Baskonia: Pierria Henry (10), Alec Peters (18), Giedraitis (19), Polonara (14) eta Diop (5) –hasierako bostekoa–, Dragic (7), Fall (6), Raieste (4) eta Kurucs.

Burgos: Renfroe (14), Benite (17), Rivero (16), Kravic (20) eta Salvo –hasierako bostekoa–, Cook (3), Rabaseda (7), Horton (8), McFadden (9), Salash eta Sakho.

Partzialak: 25-18, 21-24, 12-32, 25-20.