NAIZ

Euskal Herriko Musika Bulegoak 107 proposamen jaso ditu 2021eko sarietarako

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) 107 proposamen jaso ditu maiatzaren 19an Biarritzeko Atabal aretoan banatuko diren hamar sarietarako. Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa da aurtengoa.

Musika Bulegoak 2019an berritu zuen zuzendaritza. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Musika Bulegoak 2019an berritu zuen zuzendaritza. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen iritziz, azken urtea «oso urte zaila» izan da euskal musikaren sektorearentzat, covid-19aren pandemiak gogor jo baitu. Hala ere, sarien aurtengo edizioak «baikortasuna zabaldu eta gauzak erraz jarri ez dizkien 2020an artista, talde edo musika proiektuek egindako lana baloratu nahi du» eta, horretarako, bosgarren urtez Musika Bulegoa Sariak banatuko ditu.

Sariketa maiatzaren 19an izango da Biarritzeko Atabal aretoan eta orotara 107 proposamen jaso dituztela azaldu dute, elkarren artean «oso desberdinak», «kalitate handikoak» eta musika eremu zabala hartzen dutenak: %43 inguru pop-rock estilokoak dira, %27 musika klasiko garaikidekoak, %23 folk estilokoak eta %7 jazzekoak. Gehienek disko osoak aurkeztu dituzte, baina badaude abesti bakarra proposatu dutenak ere, kasu askotan konfinamenduan gauzatutakoa.

Zenbaitek idatzizko lanak, partiturak, ikus-entzunezko proiektuak edo musika ekoizpen interaktiboak aurkeztea ere erabaki dute. «Azken batean, euskal musikaren sektoreak gaur egun egiten duen lan handiaren erakusgarri zabala da», nabarmendu dute.

Euskarazko lanak nagusi

Hizkuntzari dagokionez, aurreko edizioetan bezala, euskaraz egindako lanak dira nagusi, baina gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez egindako proiektuak ere jaso dira. Saritutako zortzi artista edo musika taldek 2.000na euro jasoko dituzte eskudiruan, bai eta Fernando Mikelarena ‘Baserri’ artistaren eskultura bana ere.

Bederatzigarren saria Etxepare Euskal Musika Institutuarena izango da (irabazleak diru sari eta eskultura bera jasoko ditu), eta laugarren urtez jarraian banatuko da. Sari horrek azken hiru urteetan Euskal Herriko sortzaile, interprete (bakarlari zein talde) edo konpositore batek euskal musika nazioartean hedatzeko arloan egindako lana aintzatetsi nahi du.

Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza batzordeak Ohorezko Saria emango dio Euskal Herriko musika jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edo ekoizpenean proiektu aipagarri bat gauzatzeagatik. Sari horrek ez du diru ordainsaririk izango.