NAIZ

Itsasargia aurkeztu dute Pasaian, emakume migranteen akonpainamendurako programa

Pasaiara iritsi berriak diren emakumeei harrera egin eta integrazio-prozesuan laguntzea du helburu Itsasargia programak. Pasaiako Udaleko Migrazio eta Aniztasun Arloak eta Berdintasun Arloak jarri dute martxan egitasmo berria, SOS Arrazakeria eta Elhuyar elkarteekin elkarlanean.

Itsasargia programaren aurkezpena, Pasaian. (PASAIAKO UDALA)
Itsasargia programaren aurkezpena, Pasaian. (PASAIAKO UDALA)

Itsasargia aurkeztu dute ostiral honetan Pasaian, emakume migranteen akonpainamendurako elkarte berria. Itsasargia du izen, «itsasargiak nabigatzaileari etxera iristeko bidea erakusten dion bezala», Pasaiara iritsi berriak diren emakumeei harrera egin eta integrazio-prozesuan laguntzea baitu helburu, arduradunek agertu dutenez.

«Pasaiako Udala aspalditik ari da herrian bizi diren bizilagun guztien aukera-berdintasuna eta elkarbizitza positiboa bermatzeko urratsak ematen: harrera-protokoloa, aholkularitza juridikoa, jatorri askotariko emakumeen taldea, 2019. urtean aurrera eramandako gizarte-mentoretzako proiektua… Testuinguru honetan, Udalak harrera- eta integrazio-prozesuan lagungarri izan diren elementu komunak identifikatu eta aurrerapauso bat eman nahi izan du eta 'akonpainamendu sozio-komunitarioa' ardatz duen egitasmo baten aldeko apustua egin du», azaldu dute prentsara igorritako ohar batean.

Pasaiako Udaleko Migrazio eta Aniztasun Arloak eta Berdintasun Arloak jarri dute martxan egitasmo berria, SOS Arrazakeria eta Elhuyar elkarteekin elkarlanean.

Itsasargia-ko protagonistak herrira iritsi berri diren emakumeak eta herriko emakume eta elkarteak izango dira: «Egitasmoan parte hartzeko prestasuna agertu duten emakume migratuek bizpahiru urte daramatzate Pasaian bizitzen. Akonpainamendua egingo duten pertsonak emakumeak eta udalerrian berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteak izango dira».

Ostiralean izan dute prestakuntza-zikloko lehen saioa eta, Itsasargia programaren helburuak eta funtzionamendua zehazteaz gain, egitasmoko partaideek elkar ezagutzeko aukera izan dute.

Hurrengo saioetan, berriz, honako gai hauek landuko dituzte: atzerritartasuna eta diskriminazioa, emakume etorkinekiko aurreiritziak eta estereotipoak, kulturarteko gaitasunak…

Ondoren, bikoteak osatu eta akonpainamenduari ekingo diote. «Edozein aitzakia izan daiteke ona elkartzeko: kafe bat hartu, paseo bat eman, ekitaldi batera joan… harreman pertsonalek sortzen dituzten loturetan oinarritutako programa da, eta, ondorioz, Pasaiako bizikidetza aberasten dute», agertu dute.

Horrez gain, hilean behin, Elhuyar eta SOS Arrazakeria elkarteetako dinamizatzaileekin jarraipen-bilerak egingo dituzte, akonpainamendua nolakoa izaten ari den jakiteko. Urrira arte elkartuko dira, eta orduan Itsasargia programaren balorazioa egingo dute.