NAIZ

Kutxabira ekimenak modu arrakastatsuan bete du dagoeneko bere ibilbidearen erdia

Pozik dira Kutxabira ekimenaren antolaitzaileak. Ibilbidearen erdi bete dute eta hasieran zituzten asmoak bete direla nabarmendu dute. Gaur, Maitzaren Lehena, atsedenaldia egingo du mobilizazioekin bat egiteko. Bihar, Balmaseda, Turtzioz, Algorta eta Sopelan izango da.

Patagoniatik abiatu zen Kutxabirak Euskal Herriko lurrak zeharkatzen jarraitzen du. Aste honetan Aretxabaleta, Aramaio, Elorrio, Zeanuri, Laudio, Bilbo eta Deustun barna ibili da. Gaur Maiatzak 1 kari geldialdia eginen du, langileekin bat egin eta Lorentxa Beyrieren ongi etorriarekin bat egiteko. Bihar berriz martxan emanen da, Balmaseda, Turtzioz, Algorta eta Sopela bisitatuz. Heldu den astean Plentzia, Gernika, Lekeitio, Larrabetzu, Urkabustaitz, Agurain, Altsasu, Arbizu, Gares, Aibar, Irunberri, Burlata eta Iruñea zeharkatuko ditu. Ondoren Bartzelonarako bidea hartuko du.

Ibilbide erdia egin eta gero antolatzaileek «orain arte kutxabirak egin duen ibilbidea zaila bezain aberatsa izan da, egoera zailari herritarrek irudimen eta alaitasunez erantzun diote ‘bizi gira’ leloari sekulako balioa emanez», adierazi dute.    
«Bizi dugun osasun krisiak galera emozionalak eragin dizkio gure herriari, eta Iparra-hegoa elkarteak galera horiek apaltzeko asmoz abiatu zuen ekimen hau. Kutxabira pasa den herrietako irudiak ikusi besterik ez dugu ohartzeko eskas bat badela, herri honek bere nortasuna adierazteko behar hori baduela. Beraz ikusitakoarekin kontent gira», gaineratu dute.

«Gure hizkuntzari konfinamendu luzea ezarri zitzaion hegoaldean frankismo garaian, 40 urtez egon zen etxe barruan bizirik irautea kondenatua, egun ere itxiera perimetralak baditu, ez bai da ofiziala euskal lurralde osoan. Aldiz txertoa guk dugu, gutako bakoitzak badu bere mihian euskarak behar duen txertoa, mintza gaitezen eta immunizatu dezagun», adierazi dute.

«Lekarozeko lagunek makroproiekturik gabeko Lekaroz amesten zuten, beraien ametsa kutxan sartu eta astebete pasata hondeamakinak joan dira Aroztegiatik. Ametsak lorgarriak diren erakusle. Nahikeria duen herriak ametsak gauzatzen ahal dituenaren erakusle», txalotu dute.

«Herriz herri ametsak biltzen dituen kutxak bere bidea segi dezala, desioak bildu eta kutxan sartzen, alaitasunez, orain arte bezala. Herri bakoitzak, elkarte, ikastetxe eta norbanako bakoitzak bere kolorea emanen dio kutxari, eta ametsak betetzeko direla erakuts diezaiogun munduari», nabarmendu dute.