naiz

Osasungintza publikoaren alde, erakundeei «mezu argia» bidaliko diete Arabatik maiatzaren 22an

‘Osasun publikoa aurrera’ plataformak manifestaziora deitu ditu arabar guztiak, osasungintzaren pribatizazioa eta Lehen Arretako egoera salatzeko, besteak beste. Maiatzaren 22an, 18.00etan, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da protesta.

Osasun Publikoa Aurrera plataformak astelehenean emandako prentsaurrekoa. (OPA)
Osasun Publikoa Aurrera plataformak astelehenean emandako prentsaurrekoa. (OPA)

Erakundeei «mezu argia» bidali nahi diete Arabako osasun langile eta erabiltzaileek. Maiatzaren 22an, larunbata, egingo duten manifestazioaren bitartez salatuko dute instituzioek pribatizazioen eta prekarizazioaren bitartez osasungintza ahuldu dutela.

‘Osasun publikoa aurrera’ elkarteak goiz honetan emandako prentsaurrekoan gogorarazi du pandemia hasi zenetik osasun krisiari aurre egiteko baliabideak «oso urriak» zirela. «Lehen mailako arretaren egoera ahulak erantzun azkar eta eraginkorra ematea eragotzi zuen. Zaharren egoitzetan bizi izandako egoerak agerian utzi du Araban ez dagoela egoera honi zein beste askori aurre egiteko sare ezta koordinazio soziosanitariorik. Egoitzen egoera negargarria izan zen, kasu askotan egoera moralitate ezatik oso hurbil geratzen zelarik, gure osotasun fisiko zein mentala zaintzeko ardura duen edozein erakundek ezingo lukeena onartu», agertu dute plataformako kideek.

Ohartarazi dute, gainera, arazo hauek guztiak «pandemiaren aurrekoak» zirela, eta instituzioen kudeaketak «larriagotu» eta «bizkortu» egin dituela. «Pandemia hainbat Gobernuk ezarri dituzten murrizketa politiken katalizatzaile bat besterik ez da izan», esan dute.

Plataformako kideen aburuz, instituzioek osasungintzaren gainean ezarritako murrizketen ondorioetako bat da San Martingo EAG (Etengabeko Arreta Gunea) ixtea 2019an.

Arabako elkarteen babesa

«Ez gara hobeto aterako aurretik egiten ziren gauza berberak eginez. Arabako osasunak, gaur egun, hemen bizi garenon bultzada eta defentsa irmoa behar ditu. Egoera honetatik sartu ginena baino hobeto atera nahi badugu, ezinbestekotzat jotzen dugu bai jendartearen mobilizazioa, zein epe motzeko politikek, pribatizazioek eta inbertsio ezak sortzen dituzten arazoen kontzientzia hartzea», adierazi dute.

Horregatik, plataformaren sorreran, manifestu bat kaleratu zuten, eta Arabako elkarteen atxikimenduak jasotzen ari dira. 35 inguru dira momentuz, eta agertu dute babesa jasotzeko epea maiatzaren 22ra arte, manifestazioaren egunera arte, luzatuko dutela.

Bost puntu jasotzen ditu aipatu manifestuak: Lehen Mailako arreta berreraikitzea; osasun mentala indartzea, egoera hau psikologikoki gainditzen laguntzeko zerbitzuek «gabezia handiak» dituztelako; pribatizazioaren ordez sistema publikoa indartzea eta eremu soziosanitarioan eta harekiko koordinazioaren gainean egon ez den kontron publikoa bermatzea.

Hala, manifestu honek jasotzen dituen aldarrikapenak kalera aterako dituzte maiatzaren 22ko manifestazioan. Gasteizko Bilbo plazatik aterako da, arratsaldeko 18.00etan.