NAIZ

Kolonbiako protesten baitan izandako polizien sexu indarkeria salatu dute

Gobernuaren aurkako lanuzte nazionala eta indar polizialen jazarpenaren baitan gutxienez 16 emakumeren aurkako sexu erasoak salatu dituzte. Azkena asteazkenean atxilotu zuten 17 urteko emakume bat, zeinek atzo, ustez, bere buruaz beste egin zuen.

Kolonbiako protestetan hartutako irudia. (Joaquin SARMIENTO / AFP)
Kolonbiako protestetan hartutako irudia. (Joaquin SARMIENTO / AFP)

Kolonbiako hainbat erakunde feministek protestak egin dituzte ostiral honetan herrialdeko hiri askotan, segurtasun indarren sexu indarkeria salatzeko, Ivan Duque presidentearen Gobernuaren aurkako lanuzte nazionala eta protesten baitan.

Deialdia adingabe batek ustez bere buruaz beste egin eta gero zabaldu dute, Popayango (Cauca departamendua) hainbat polizia agenteen esku sexu-abusuak jasan izana salatu ostean. Grita Plataformak azaldu duenez, lanuzteak hasi zirenetik izan diren 2.100 indarkeria polizial kasuetatik gutxienez 16 emakumeren aurkako indarkeria sexualaren delituak izan dira.

Azken kasua 17 urteko emakume batena da, eta Poliziak asteazkenean atxilotu zuen Cauca departamentuan, protestak grabatzen ari zela. Agenteek sexu-abusuak egin zizkioten, salatu zuenez. Ostegunean aske utzi zuten, baina handik gutxira aurkitu zuten, ustez bere buruaz beste egin ostean.

Popayan Artikulazio Feministak ‘Ni una menos’ elkarretaratzera deitu du sare sozialen bidez, 10.00etan Popayango Polizia Metropolitarraren egoitzaren aurrean. Juventud Rebelde erakundeak, bere aldetik, 14-45etik aurrera kalera ateratzeko deia egin die herritarrei, poliziaren bortizkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurka daudela adierazteko.

«Polizia, ez nazazu bortxatu» edo «emakumeak ez gara gerrako harrapakinak» zioten pankartekin eta patriarkatuaren edo segurtasun indarrek egindako abusuen aurkako oihuekin egin dute protesta.