NAIZ

Abarrategik eta Agirrek jantzi dute Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako txapela

Martin Abarrategik eta Manex Agirrek osatutako bikotea gailendu da Legutiok hartu zuen Arabako Binakako Bertsolari Txapelketan. Gertutik izan dituzte beste bi bikoteak, hamabi punturen barruan.

Martin Abarrategik eta Manex Agirrek jantzi dute Arabako Binakako txapela. (ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA)
Martin Abarrategik eta Manex Agirrek jantzi dute Arabako Binakako txapela. (ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Legutioko kiroldegiak hartu du larunbat arratsalde honetan Arabako Binakako Bertsolari Txapelketak apirilaren 17an hasitako ibilbidearen azken txanpa: finala.

Egoerak hala eskatuta, bere burua berrasmatuta eta binakako formatuarekin jokatu da aurtengo txapelketa eta Legutioko kiroldegiak egoerara egokituta eta aforo murriztuarekin hartu du saioa, 200 bertsozaleren aurrean.

Finalean Manex Agirre eta Martin Abarrategik osatutako bikoteak bildu du puntu gehien, 828 orotara, eta beraiek izan dira 2021eko txapela jantzi dutenak. Aramaioarrak dira biak. Lehenak 2018tik Kuadrilla arteko txapelketa guztietan hartu du parte. Bigarrenak 2010, 2018 eta 2020ko Arabako Kuadrilla arteko bertso txapelketetan irabazi zuten taldeko kidea izan zen eta Arabako Bertsolari Txapelketan txapeldun izan zen 2011 eta 2015. urteetan.

Bigarren postuan geratu dira Iñaki Viñaspre eta Unai Andara (820 punturekin) eta hirugarren egin dute, aldiz, Oihane Perea eta Manuel Bendalak osatutako bikoteak (816).

Saioaren gidaritza lanak, aldiz, Nieves del Alamo eta Eli Plazaolaren esku egon dira.

Bertsolaritza berrasmatzen

Berezia izan da aurten Arabako Bertsolari Txapelketa. Ezberdina. Bertsolaritzak egoera makurrenetara ere egokitzeko gaitasuna baduela frogatu eta, bertsolari guztiek aukera berdintasunean jokatzeko aukera izan zezatela ziurtatzeko, bikoteka hartu dute parte lehenengo Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa izan den honetan. Egoeraren aldakortasuna ere faktore garrantzitsua izan zen txapelketa formatu berritzailean jokatu zedin erabakitzeko.

Aurkezpenean azaldu zuten bezala, «txapelketak bertso komunitatean duen garrantzia kontuan harturik, bertso plaza eta kultura sustatzen jarraitu nahi izan da».

Txapelketa apirilaren 17an abiatu zen Izarran. Finalera iritsi diren hiru bikoteez gainera beste seik ere hartu dute parte sariketan: Ander Aranburu eta Rikardo Gonzalez de Durana, Eli Zaldua eta Aitor Ugarte, Irati Anda eta Aroa Arrizubieta, Peru Abarrategi eta Beñat Garaio, Xabi Igoa eta Felipe Zelaieta, eta Xabier Antia eta Andere Arriolabengoak osatutako bikoteek hain zuzen ere.

Izarra eta Legutioko finalaren artean lau saio izan dira, Araian, Oionen, Amurrion eta Gasteizen jokatu direnak.