NAIZ

Pasaiako badia bere egin du Albaolan eraikitako ‘Laguna’ ontzi veneziarrak

Albaola Itsas Kultur Faktoriak bertan eraikitako ‘Laguna’ ontzi tradizional veneziarra itsasoratu du. Itsasoaren Nazioarteko Egunarekin bat eginda, Pasaiako badia bere egin du bi herrien arteko lotura irudikatu nahi lukeen sandolo veneziarrak.

‘Laguna’ ontzi veneziarra, itsasoratzeko unean. (Maialen ANDRES | FOKU)
‘Laguna’ ontzi veneziarra, itsasoratzeko unean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Ontzi veneziar baten botadura egin da larunbat honetan Albaola Itsas Kultur Faktorian. Ontzigintza eskolako bi ikaslek, Italian jaiotako Saul Hoffmann-ek eta Greziar jatorria duen Ioanna Moutousidi-k hilabeteak daramatzate ‘Laguna’ izeneko ontzi tradizional veneziarra eraikitzen. Sandolo s‘ciopon bat da zehazki, 6.2 metroko luzera duena, eta bere eraikuntzak beraien formakuntzaren azken urteko proiektua izan da.

«Gure erronka veneziarrek aintzat hartuko duten ontzi bat eraikitzea izan da, haien itsas historia eta tradizioa errespetatuko duen itsasontzia alegia», azaldu dute Albaolatik, eta pozik agertu dira Venezian ‘Lagunaren’ eraikuntzak izan duen harreragatik: «Oihartzun handia lortu du eta oso pozik gaude lortu duen erantzunarekin eta bertatik jaso dugun babesarekin», ziurtatu dute.

‘Laguna’-ren eraikuntzaren hasiera pasa den martxoaren 25ean aurkeztu zen, Venezia hiriak 1600 urte betetzen zuen egunean hain zuzen. Larunbat honetan, bi hilabete geroago, Itsasoaren Europako Eguna ospatu dugun aste honetan, sandoloaren botadura egin da.

Ekitaldia Italia Txiki elkartearekin batera egin da. Elkarte honek Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian bizi diren italiarrak biltzea du helburu, harreman sozial, kulturak eta gastronomikoak sortzeko xedearekin. «‘Laguna’-ren proiektuaren berri izan zutenetik gertutik jarraitzen dute Albaolaren lana, eta oraingo honetan ospakizunaren parte ere izatea erabaki dute», azaldu dute Albaolatik.

Ospakizunerako Xabier Agote Albaolako presidentea eta bere taldea, eskolako ikasleak, Francesco Roncaglia Italia Txikiko presidentea eta elkarteko kideak bildu dira. Horien artean, Giovanna Bittantek, presidenteordeak, veneziar dialektoan testu baten irakurketa egin du partehartzaile guztien aurrean.

Ondoren, txalo artean sandoloaren botadura egin da eta badiatik nabigatu ondoren, elkarteak ekarritako ardo italiarrarekin topa egin dute partehartzaileek.

Bi herrien arteko zubia

Aurkepenean azaldu zuten bezala, ontziaren izena, ‘Laguna’, ez da kasualidadea. Izan ere, hitz honek esanahi bikoitza du; alde batetik, italieraz, Venezia-ko ingurune naturalari erreferentzia egiten dio. Bestetik, euskaraz, ‘adiskide’ esan nahi du. Era honetan, ‘Laguna’-k bi herriak gerturatzen ditu «eta aitzakia ederra bilakatu da bi kulturak elkarrekin lanean hasteko».

Sandoloa, beraz, Veneziak Gipuzkoan izango duen «lehen enbaxadorea» izango da, «eta bi tokietako ontzi tradizionalen erabileran, zaharberritzean eta azterketan interesa duten elkarteen sare bat ehuntzera gonbidapena luzatuko du», Itsas Faktoriaren hitzetan.

«Etorkizuneko planetan pentsatzeko momentua da orain», esan du bere aldetik ontziaren egileetako batek, Saul Hoffmann-ek. «‘Laguna’-k veneziar erara arraunean egiten ikasteko aukera emango du, hemen Pasaian, nahiz Oiartzun, Urumea edo Oria ibaietan, edo Kontxako Badian! Etorkizunean ere beste sandoloekin batera itsas festival batean parte hartzen ikusiko dugula ziur nago».