Oihane Irazu

Guneak ibilbidearen ordez

Lau gune prestatu dituzte eta bertako ekintzetan parte hartzeko aurretik eman behar izan da izena, edukiera une oro kontrolatuta egon dadin

Hondartzak protagonismo berezia izango du aurtengo Ibilaldian.
Hondartzak protagonismo berezia izango du aurtengo Ibilaldian.

Ez kontzerturik, ez jende pilaketarik, ez ibilbiderik, ez txosnarik… Aurtengo Ibilaldia ez da orain arte egiten ziren Ibilaldien antzekoa izango, baina ahal den moduan disfrutatzeko ahalegina egin dute Ander Deuna eta Betiko ikastolek elkarlanean. Osasun arauak jarraituta, urtero egiten den ibilbidearen ordez, lau gune egongo dira txikientzat eta familientzat herrian zehar banatuta.

Edizio honen ezaugarri bereziak kontuan hartuta, ezinezkoa izango da gune batetik bestera mugitzea; parte hartzaileek aukeratu egin beharko dute. Ildo horretan, guneren batean izan ahal izateko, aurretik Ibilaldiaren webgunean izena eman beharko da. Horrela egin ezean, ez da aukerarik izango Ibilaldiko guneetan sartzeko. Beraz, kontuan izan derrigorrezkoa dela webgunean izena ematea.

Guneak lau toki ezberdinetan kokatuta daude: Ander Deuna ikastolan, Betiko ikastolan eta  Barinetxeko bi aparkalekuetan (bata eskuinaldean eta beste ezkerraldean). Guneak non kokatu aukeratzeko orduan, pandemiaren ondorioz ezinbestean bete beharreko osasun neurriak ahalik eta bermerik handienarekin betetzeko aukera ematen duten lekuak lehenestea izan da irizpide nagusia. Aktibitateekin lotura duten izenak jarri dizkiete lau guneei: sua, lurra, haizea eta ura. Izenak bizitzaren elementu klasikoei begira hautatu dituzte.

Gune bakoitzeko egitaraua izendatutako elementua kontuan hartuta diseinatu da. Horrela, gune bakoitzeko egitarauan bi jarduera mota txertatu dira. Bata parte hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duena (tailerrak), eta, bigarrena, ikuskizuna; pasiboagoa eta ikustea edota entzutea eskatzen duena.

Urtean zehar Ibilaldiarekin lotuta antolatutako aktibitateetan adin guztietako lagunentzat jarduerak eskaintzen saiatu dira antolatzaileak. Hori bai, gaurko antolatu direnak familiei zuzenduta daude, helduek eta umeek elkarrekin disfrutatzeko aukera izan dezaten.

1. SUA GUNEA (Ander Deuna ikastolan)
Zurezko jokoak eta dantza tailerra eskainiko dira bertan eta «Deabru beltzak» ikuskizuna. Hasierako ekitaldia, 09:15ean izango da gune honetan eta instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan. Ekitaldian, Betiko eta Ander Deuna ikastolek lekukoa pasatuko diote 2022ko edizioko antolatzailea izango den Bilboko Abusu ikastolari.

2. URA GUNEA (Barinetxeko goiko aparkalekuan):
Gune hau Barinetxeko goiko aparkalekuan egongo da, hondartzaren gainean, zehazki itsasoari begira dagoen eskuineko aldean. Hondartzako tailerrak izango dira bertan, umeentzat bereziki. Bi aktibitate izango dira: baten helburua munduko herri batzuetako kultura ezagutzea izango da, bereziki saharar herriarena. Gaia Lehen Hezkuntzako ikasgeletan landu dute ikasleek aurretik. Bestetik, «haurren hondartza» diseinatuko dute umeek. Hondartzan ur-jolasak ere izango dira.

3. HAIZEA GUNEA (Barinetxeko goiko aparkalekuan):
Haizearekin harremana duen gunea ere Barinetxeko goiko aparkalekuan egongo da, baina ezkerraldean. Haizearekin harremana hainbat aktibitatetan islatuko da, eta kometa eta perkusio tailerrak izango dira bertan. «Turutukupa» ikuskizunaz gozatzeko aukera ere egongo da. Ikuskizun horretan erabilitako materialak, musika tresnak eta eszenografiak birziklatutako materialekin eginda daude, gure kontsumo ohiturak berrikusi eta ingurumen zaintza bultzatzea helburu.

4. LURRA GUNEA (Larrabasterrako Urgitxieta plazan):
Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruetan kokatuta egongo da. Talo eta tai txi tailerrak ere egongo dira bertan, baita «Gora kasete» ikuskizuna ere.