NAIZ

Hiru adin txikikoren aurkako sexu abusuak salatu eta biktimei babesa adierazi diete Altzan

Donostiako Altza auzoan dozenaka lagun bildu da ustez masajista batek hiru adin txikikoren kontra eginiko sexu abusuak salatu eta nerabeen familiei babesa adierazteko. Auzoan biktimen salaketa ezbaian jarri dela salatu dute.

Sexu abusuen kontra Altzan egindako elkarretaratzea. (NAIZ)
Sexu abusuen kontra Altzan egindako elkarretaratzea. (NAIZ)

Donostiako Altza auzoko kolektibo feministek eta hainbat elkartek deituta, dozenaka lagun bildu da larunbat honetan 12.00etan Donostiako Larratxo auzoko Josu Artetxe plazan ustez masajista batek hiru adin txikikoren kontra eginiko sexu abusuak salatu eta nerabeen familiei babesa adierazteko. Erasoak jasan dituzten biktima bi Altzakoak dira.

'Eraso sexistak ez. Nosotras os creemos' lelodun pankartaren atzean elkartu dira plazan protestara atera direnak. Mobilizaziorako deia egin duten Altzako feministek «biktimei babesa» adierazi diete komunikatu batean, eraso sexistak salatzearekin batera.

Altzako eta Donostiako 30 elkarte eta plataforma baino gehiagok bat egin dute komunikatu horrekin; tartean, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak, PSEk eta EAJk.

«Denbora gutxi behar izan du patriarkatuak bere makinaria martxan jartzeko. Ikusi dugu segituan nesken hitza ezbaian jarri eta salatuaren irudi ona garbitu nahi izan dituzten albisteak», gaitzetsi dute.

Gainera, Altzako denda eta tabernetan biktimen salaketa auzitan jartzen dituzten zenbait «txutxumutxu» entzun dituztela segurtatu dute: gertatutakoa «ezinezkoa» dela, ustezko erasotzaileak ez lukeela halakorik egingo eta, finean, «gezurra» dela hiru adingabekoek salatutakoa. «Gutxi tardatu dugu, beste behin ere, biktimak berbiktimizatzen eta errua leporatzen. Berriz ere matxismoa indartsu agertzen da», salatu dute txutxumutxu horiek gaitzetsiz.