NAIZ

Kutxan sartutako ametsak Urruñara iritsi dira, eta bihar amaituko da ibilaldia, Seguran

Bi hilabetetan munduko txoko askotatik bueltaka ibili den Kutxa Bira Urruñara iritsi da larunbat honetan, Donostiatik igaro ondoren. Egurrezko kutxa honetan, ehunka herrirtarrek hautatako euskarari lotutako aldarrikapena edo ametsa sartu dute, eta ekimenak bihar amaituko du ibilbidea, Seguran.

Kutxa Bira ekimenaren ekitaldia, Donostian. (Maialen ANDRES/FOKU)
Kutxa Bira ekimenaren ekitaldia, Donostian. (Maialen ANDRES/FOKU)

Euskararen aldeko ekitaldi batzuk bertan behera geratzearen «galera emozionalak» konpentsatzeko eta «herria» erdigunera eramateko helburuz sortu zuen Kutxa Bira ekimena Urruña eta Segurako herritarrak biltzen dituen Iparra Hegoa elkarteak.

Carmen de Patagonesen (Argentina) ekin zion ibilbideari, martxoaren 20an, Hego Amerikako euskal etxeetatik pasatuz. Ondoren, apirilaren 8an Euskal Herrira iritsi zen, Baionako Etxepare Lizeora. Handik Euskal Herriko itzulia egin zuen, baina kanpoan ere ibili da, hots, Bartzelonan. Hala, Euskal Herriko eta euskal diasporako herritatik igaro ondoren, astuburu honetan izango dira amaiera ekitaldiak, Urruñan eta Seguran.

Horren aurretik, Donostiara iritsi da larunbat honetan, Gipuzkoako Lasarte-Oria, Hernani eta Igeldotik pasa ondoren, eta Ehun mugimendua arduratu da antolakuntzaz. Auzoz auzo ibili dira Kutxa garraiatzen, musikadun kamioi baten atzetik bizikletan eta oinez, «Bizi gira... kutxa bira!» lelopean.

Bukaera Bulebarrean izan da, Euskal Errepublika aldarrikatzeko «burujabetza ekintzen» bitartez. Bertan, antolatzaileek adierazi dutenez, «hemen gaude, egunerokoan eragiten diguten arazoak, urteak joan eta urteak etorri, bere horretan edo okerrera doazela sentitzen dugun herritarrak».

«Hemen gaude, gaur egungo markoan, nahiz eta saiatu, konponbiderik ez dagoela gero eta argiago ikusten dugun herritarrak. Hemen gaude, Espainiako eta Frantziako bankukrazietan, arazo guzti hauek konpontzeko behar den borondate politikoa ez dela egon, ez dagoela eta etorkizunean ez dela egongo uste dugun herritarrak«, gaineratu dute. 

Eta «hemen gaude, arazo hauek konpontzeko, Estatu propio batek ematen dituen baliabideak behar beharrezkoak ditugula uste dugun herritarrak», nabarmendu dute. 

Antolatzaileen esanetan, «arazoa, gaur eta hemen, Frantzia eta Espainia dira». Horregatik, «hemen gauden herritarrak, egunerokoan eragiten diguten arazoak konpontzeko, Espainia eta Frantziatik atera eta euskal errepublika behar dugula esan nahi dugu. Hemen gaude eta ez gaude konforme».

 

Amaiera ekitaldia Urruñan

Baionako manifestazioan egon ondoren, Urruñara eraman dute kutxa eta 18:00etan hasi da amaiera festa. Bertsolariak eta dantza saio baten bitartez ospatu dute eta musika, Iturengo joaldunak eta zirtzilak ez dira falta izan.

Ekimenaren bukaerako ekitaldia zuzenean eman dute Kanaldude telebistan, Pantxika Maitiak aurkezturik. Bertan elkarrizketa bana egin diete Argentinako Aberri Etxeko eta Uruguaiko Euskal Erria Euskal Etxeko eragileei.

Platoan izan dira Iparra Hegoako kideak, eta Bernat Etxepare lizeoko protagonistak ere bai. Solasaldien ondotik, bertso emanaldiak izan dira, Odei Barroso eta ikastetxeko ikasleen esku.

Ikastolako haurrek «maitasun-nortasun» kantua abestu dute ondoren, eta Urruña eta Segurako auzapezen hitz hartzeak ere eman dituzte Kanalduden.

Euskal dantzak eta Urruñako «ametsaren irakurketarekin» amaitu da ekitaldia, Aberriaren mugak kantua abestuz, ikurriña baten gainean kokatutako egurrezko kaxaren aurrean.

Igande honetan, 12.30ean, egingo diote Seguran egurrezko kutxari ongi etorria eta ordubatean izanen da ekitaldi nagusia. Bertan irakurriko dituzte azken bi hilabetetan herritarrek sartutako ehunka mezuak. Arratsaldean, Galerna taldearen musika emanaldia izanen da.