Nafarroako 0-3 Plataformak haur eskolak bere gain hartzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari

Nafarroako 0-3 Plataformak mobilizazioa egin du Iruñean larunbat honetan, Maria Chiviteren Gobernuari ziklo honetako haur eskolen titulartasuna bere gain hartzeko eta ratioak jaisteko eskatzeko.

Nafarroako 0-3 Plataformaren mobilizazioa, Iruñeko autobus geltokiaren aurrean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Nafarroako 0-3 Plataformaren mobilizazioa, Iruñeko autobus geltokiaren aurrean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroako 0-3 Plataformak manifestazioa egin du larunbat honetan Iruñean, Hezkuntza Sailak ziklo honetako haur eskolen titulartasuna bere gain har dezala eta hezkuntza «publiko, kalitatezko, unibertsal eta doakorako» ratioak jaits ditzala eskatzeko.

«Sistematikoki gaizki tratatzen gaitu» sistema honek, adierazi dute ohar batean, eta gaineratu dute «inposatzen» zaien ratioa «jasanezina eta arriskutsua» dela, «benetako hezkuntza-kalitatea eragotziz».

Salatu dutenez, hezkuntza sistemak adingabeen «laguntza indibiduala eta beharretara egokitutakoa galarazten die», eta baita «gure ahalmen profesional guztia pedagogikoki gauzatu ahal izatea» ere.

Gainera, salatu dute sistemak «tratu txarrak» ematen dizkiela Hezkuntza Sailak ziklo hori «ahaztu» egiten duenean, honen «hezkuntza-balioa aitortu gabe», eta haur-eskoletako hainbat lan-baldintza oso desberdinak eta 0-6 bi zikloen arteko «diskriminazioa eta zatiketa» sustatzen dituenean, guztiak publikoak izanik.

Halaber, nabarmendu dute «tratu txarrak» ematen zaizkiela klase politikoak 0-3 zikloa «lehenesten ez» duenean.

Gainera, oposizioak «itunei eta akordioei eusten» diela salatu dute, «agintean dagoen alderdiak betetzen ez dituen bitartean». Eta erabaki aldebakarrareen bidez PSNko Gobernuak «lan-mahaia boikoteatu» duela salatu dute, «lan eta esfortzu handiko urteen ostean lortutako tresna bakarra».