NAIZ

Estrategia berritzeko prozesua iragarri du Euskal Herrian Euskarazek

1979an sortutako Euskal Herrian Euskarazek azken hilabeteetan berritzeko prozesua abiatu duela azaldu du eta «Euskaltzale Independentisten Topaketak» iragarri ditu 2022rako «Euskal Herri euskalduna eraikitzeko tresna gisa».

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak berritzeko prozesua abiatu du. (EHE)
Euskal Herrian Euskaraz elkarteak berritzeko prozesua abiatu du. (EHE)

Lau hamarkadatako ibilbidearen ondoren, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak bere burua garai berrietara egokitzeko eraberritze prozesu sakona egin du azken hilabeteotan. «1979an sortu zenetik gaur arte mundua, Euskal Herria eta euskararen egoera izugarri aldatu direla jabeturik, egungo abaguneak dituen erronkei aurre egiteko helburuarekin garatu du EHEk eraberritze prozesu hau», jakinarazi dute.

Eraberritze horren lehenengo emaitza otsailean aurkeztu zuten ‘Euskal Herrian Euskaraz-en Ikusmira’ izeneko agiria izan zen. Agiri horrekin EHEren oinarri ideologikoa berrikusi zuten, oraindik ere baliagarria zena mantenduz eta berritasun garrantzitsuak txertatuz. Horietan nagusiena EHEk Euskal Herriaren independentzia «argi eta garbi» aldarrikatzen duela da, «ez helburu gisa baizik eta euskaraz normaltasunez bizi ahal izango garen Euskal Herri euskalduna eraikitzeko tresna gisa».

Prozesu honen erabaki garrantzitsuenetakoa «Euskaltzale Independentisten Topaketak» deitzea da, lehenengoak 2022 urtean izango direlarik. Aurrerago informazio osoa emango duten arren, topaketa hauetara euskaltzale eta euskalgintzako talde oro gonbidatua izango dela aurreratu dute, elkarrekin hurrengo urteetako erronkak aurreikusi eta egitasmo posibleen ibilbide-orria adosteko.

Antolaketari dagokionez, «soilik herrietako taldeen partaidetzan oinarritutako egituraketa izatetik, komunitate malgu eta parte hartzeko modu anitzera igaroko da Euskal Herrian Euskaraz» eta jada ez da ezinbestekoa izango herri bateko taldeko kide izatea EHEko kide izateko. Beraz, proiektuarekin bat egiten duten euskaltzaleak EHEn parte hartzera gonbidatu dituzte gaurdanik eta horretarako EHErekin harremanetan jartzera animatu dituzte.

Mugimendu honek adierazi duenez, «EHEren hurrengo urteetarako estrategiaren ardatza hori izango da: euskararen normalizazioan jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa gauzatzea». Horregatik, estrategia horren perspektiban kokatzen dira eraberritze prozesuan EHEko kidegoak hartu dituen erabakiak, hala nola «herriz herri eta eremuz eremu euskalduntzearen aldeko borrokak piztea eta sustatzea», «borroka ideologikoan urrats berriak ematea», «hurrengo urteetan euskararen normalizazio prozesua eta burujabetza prozesuak uztartzeko ekimenak garatzea», «gazte belaunaldiak euskararen borrokara batu daitezen lantzea», eta «intersekzionalitatearen ikuspegitik, jendarte-eremu eta herri eragileekin aliantzak eraikitzea».