Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Euskararen erabilera erosoa lortzeko adostasun sozial zabala aurkeztu du Kontseiluak

Hizkuntza politika erdigunera ekarri, eta euskararen auzia herritarron bizkar uzten duen ezagutza-erabilera dikotomiatik aldendu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Horretarako, Euskal Herri osoko ehun eragile sozialekin dokumentu bat adostu du, hizkuntza politikek behar duten jauzia eragiteko.

Konpromisoa sinatu duten eragileak, elkarrekin Kursaalen. (Jon URBE | FOKU)
Konpromisoa sinatu duten eragileak, elkarrekin Kursaalen. (Jon URBE | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Batuz aldatu, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala’ dokumentua aurkeztu du larunbat honetan. Jauzi esanguratsu bat irudikatu du Donostiako Kursaaleko ekitaldian, askotariko eragileekin egindako lanaren emaitza ez ezik, prozesu berri baten lehen mugarria.

Izan ere, lankidetza ziklo berri bati ekin nahi diote, eta atxikimendu gehiago bilduz eta arloz arlo aldaketak bultzatuz, adostasun soziala politiko bilakatzea dute etorkizuneko erronka.

«Gaur egungo hizkuntza politiken langa gainditzeko» tenorea dela sinetsita zeuden lehendik ere, eta pandemiak «are nabarmenago» utzi du behar hori, «berme-neurririk gabe, zaurgarrienen kaltetan egiten baitu balantzak». Horregatik, bide-orri berria adostu dute 99 eragile sozialekin, euskararen erabilera erosoa eta ezagutzaren unibertsalizazioa ardatz hartuta. Sinatzaileek erantzukizun partekatuak hartu dituzte, subjektu aktibo bilakatuz aldaketa posible egiteko.

Kursaal jauregiak erranahi berezia du hizkuntza gutxituen historian. Duela lau urte eta erdi Europako hizkuntza komunitate gutxituek inoiz egindako ariketarik handienaren emaitza aurkeztu zuen Kontseiluak bertan: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. «Orduko uzta da gaur aurkeztu duguna, ardatz berdinetan eraikia izan baita. Orduan bezala, gaur ere, gizarte kohesioa bermatzea helburu, hizkuntza politiketan eragiteko adostasuna aurkeztu dugu», adierazi du Paul Bilbao idazkari nagusiak.

Ainhize-Monjolosetik Tuterara

Iazko abenduan Kontseiluak konpromiso zehatza hartu zuen eragile politiko, sozial eta sindikalen aitzinean, hizkuntza politiketan adostasunak eraikitzeko. Eta azken lau hilabeteetan buru-belarri ibili da prozesu horretan.

Hainbat mintegi eta bileraren ondotik, ehundik gora ekarpen jaso ditu jatorrizko dokumentuak. Orain, oinarrizko proposamen honekin bat egin dezaketen eragileei gonbidapena egin diete, ahalik eta adostasun sozialik zabalena lortzea baita asmoa.

Topaketa horietan, jauziaren beharra eta arloz arloko lanketetan parte hartzeko prestutasuna agertu dute askotariko eragileek. Tuteratik Ainhize-Monjolosera, Euskal Herriko gune batean eta bertzean egoerak ezberdinak direla jakinda, bide bat adostea lortu dute. Harrera ona izan du proposamenak eta kontent daude.

Eragile anitzen konpromiso eta urratsak

Ez dute 1998ko Bai Euskarari errepikatuko, baina alor ugaritako eragileak batu dituzte: Mondragon Korporaziotik Bilgune Feministara, Athletic eta Realetik Pediatren Elkartera, Laborantza Ganbaratik Wikilarien Elkartera, Ikastoletatik Sortzenera eta Heize-Euskal Eskola Publikoen Zuzendaritza Elkarteen Federaziora, EGItik Ernai eta Ikamara.

Dokumentuan jasotzen den edukia jendarteratzeko, eurena egiteko eta elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute guztiek, adostasun hori baliatu nahi dutelako egiturazko aldaketak ahalbidetzeko.

Norabidea eta lehentasunak

Adostasunaren edukia dokumentuarekin bat egin duten bi eragileren ordezkariek aurkeztu dute, Elkar taldeko Joanmari Larrartek eta Euskal Monetako Eva Mutiok. Eragileek zer errana badutela nabarmendu dute: «Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: giza harremanetarako edo harreman sozialetarako oinarrizko bitartekoa da hizkuntza. Eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza praktikak eta hautuak».

Bi ordezkariek proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu dituzte: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza politikaren zeharkako izaera, normalizazio prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Halaber, hizkuntza politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartua garatu behar dela azaldu dute.

Ezagutza unibertsalizatu eta ariguneak sortu

Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da etorkizuneko agertokirako helburu nagusia. Eta bi ardatz nagusitan kokatu dute norabidea. «Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Eta, bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik».

Dokumentuan azaltzen denez, ezagutza unibertsalizatzeko, hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean eta hizkuntza-transmisioan edo -sozializazioan jarri behar da arreta.

Espazioei dagokienez, bi esparru bereizi dituzte: eremu soziofuntzionalak eta eremu geografikoak. Lehenak, funtzio sozial jakin bati lotuta daude (administrazioa, ikastetxea, jantokia, mendi elkartea…); bigarrenak, berriz, lur-eremu jakin bati. Bistan da biak hartu-emanean daudela. «Eremu horien garapen jasangarria landu beharko litzateke. Eremu soziofuntzionaletatik abiatuta, ahalik eta eremu geografiko zabalenetan euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzen, garatzen eta elkartzen joan beharko gara», esplikatzen dute testuan.

Podemos-Ahal Duguren proposamena

Justu ekitaldiaren aitzinetik, Kursaaleko atarian, Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du Podemos-Ahal Duguk, euskararen araudi guztiak berrikusi eta lan eskaintza publikoetako hizkuntza eskakizunen berme juridikoak handitzeko. Hizkuntza Politikarako arduradun Miren Echevestek lanpostuaren arabera eskatzen diren gaitasunak bereizten dituzten hizkuntza eskakizun asimetrikoak (ahozkoak eta ulermenekoak) bultzatzearen alde egin du.

Elkarrekin Podemos eta IUk Gasteizko Legebiltzarrean erregistratutako proposamen horretan, HABEren homologazio parametroak berrikusteko ere eskatzen da, matrikulazio prezioari, ikasketa orduei eta egiaztapen sistemari dagozkionak.

Echeveste Irungo Udaleko Euskara ordezkaria ere bada. Hain zuzen, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingoko 12 lanposturen hizkuntza eskakizunak baliogabetu zituen joan den maiatzean, baldintza horiek «diskriminatzaileak» zirelako euskaraz ez dakitenen kasuan. Ebazpen horrek, Legez Besteko Proposamenaren arabera, «arriskuan jartzen ditu administrazio publikoan euskararen erabilera normalizatzeko egin diren urrats asko, eta argi geratu da beste edozein ekintza egin aurretik, bai urrats horiek sendotzeko, bai beste batzuk emateko, indartu egin behar direla euskararen berme juridikoak».