Entrevue
Amaia Hennebutte
Galtzagorri elkarteko presidentea

«Liburu batekin aterako dira haurrak azokatik, batzuentzat euskarazko lehena izanen da»

Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azokari begira, bertaratuko den haur bakoitzari liburu bat oparitu ahal izateko diru bilketa kanpaina abiatu dute

Amaia Hennebutte. (Guillaume FAUVEAU)
Amaia Hennebutte. (Guillaume FAUVEAU)

Euskarazko literaturan haur eta gazteei soilik zuzendutako azoka prestatzen ari dira Saran, Euskal Herri osora hedatzeko xedearekin. Hiru eremu administratiboetako Kiribil konpainia, Galtzagorri elkartea eta Pamiela argitaletxea elkartu dira proiektuan. Iaz egin behar zen lehen edizioa, baina covid-19arengatik aurten egingo dute, urriaren 8an eta 9an.

Gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzeko, hitzordua berezi egin nahi duen proiektua gauzatzeko diru bilketa egingo dute uztailaren 10era arte. Eskolarekin bertaratuko den haur bakoitzari 15 euroko bonua eman nahi diote, azokan egongo den edozein obra eskuratu dezan.

Amaia Hennebutte izan da egitasmoaren sortzaile eta sustatzailea. Haur liburuen idazlea, Kiribil konpainiako sortzailea eta Galtzagorri elkarteko presidentea da.

Zer izango da zehazki Ikusi Mikusi azoka?

Bi egunez festa bat izanen da, euskal literaturaren inguruan asmatzen ahal den guztiarekin: tailerrak, ikuskizunak, topaketak idazle eta ilustratzaileekin, eta erakusketa bat. Sarreran hiru euro pagatu beharko dira, eta beste guztia dohainik izanen da. 3 eta 18 urte artekoentzako pentsatua da.

Ostirala eskolen eguna izanen da; larunbata familiena. Lehenean, lurralde guztietatik eskolak etorriko dira autobusez, eta denean parte hartzeko parada izanen dute. Aurretik izena eman behar da. Ez genuen nahi haurrek kontsumitzera soilik etortzea, eta horregatik galdetu diegu aurretik lan bat egitea, idatzian edo ilustrazioan, eta horrekin erakusketa handi bat izanen da. Nahi dutenek ahoz aurkezten ahal dute, edo bertsoan, antzerkian, rapean… nahi dutena.

Zergatik erabaki duzue Saran egitea?

Bertan Idazleen Biltzarra badelako duela hamarnaka urte; gainera, Sara muga madarikatu honen ondoan da, eta laguntzen du muga gainetik pasatzea. Euskal gizartea batu nahi dugu haur literaturaren inguruan. Ideia bota nuelarik, sekulako nahikeria eta gogoa erakutsi zuen Herriko Etxeak.

Bazko astelehenez egiten den Sarako Idazleen Biltzarrarekin bat egingo duzue, orduan.

Bai, asmoa dugu Saran literaturaren inguruko aste bat egitea: ostiralean eta larunbatean guk, eta beraiek igandean eta astelehenean. Aurten berezia izan da, eta data aldatu behar izan dugu, baina heldu den urtetik elkarrekin eginen dugu.

Beraiek historikoki Bazko astelehenean egiten dute, baina onartu dute astebetez aitzinatzea, zeren eta guk ezin dugu data horren aurreko egunetan egin, Hegoaldean Aste Santuko oporrak direlako.

Hala ere, ez ditugu helburu berak, Biltzarrak Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz argitaratzen diren obrak biltzen dituelako, frantsesez direnak ere bai. Gurea euskara hutsez izanen da, nahi diogulako euskarari egiazko tokia eman. Elebiduna baldin bada, hizkuntza nagusiak irabazten du.

Zergatik erabaki zenuten azoka hau antolatzea?

Euskal Herrian ez da behin ere izan azoka bat soilik haur eta gazte literaturari eskainia, eta beharra bada. Iaz ikusi genuen hori. Covid-19arengatik, lehen edizioa egin baino hiru aste lehenago bertan behera utzi behar izan genuen, eta hor ohartu ginen sekulako gabezia bazela, eskolengandik izan genuen erantzunarengatik. Aurreikusi nuen 300 edo 400 haur izanen zirela, eta 1.000 izan ziren, Gipuzkoatik, Iparraldetik eta Nafarroatik.

Uste dut biziki inportantea dela egitea, zeren eta euskal kulturaren arlo bat da, nahiz eta berandu garatu den historikoki. Orain sekulako abiadura hartu du, munduan ezaguna den ia edozein titulu euskaratua izan da, eta sorkuntza aldetik aberasten ari da: badira idazleak, ilustratzaileak, sortzaileak…

Gainera, Iparraldean entzuten da guraso batzuk erraten ez dela gauza handirik euskaraz. Gaur egun hori ez da egia, eta agerian ezarri behar dugu.

Zenbat eskolek eman dute izena?

Covid-19arengatik gutxiago dira Hegoaldetik, gehienak Iparraldekoak dira.

Eskolen egunean haur bakoitzari bonu bat eman ahal izateko, crowdfunding kanpaina egiten ari zarete.

Bai, doaike beste erokeria bat da, baina eroak izan behar gara. Galtzagorri elkartearekin azken bi urtez joan gara Paris ondoan dagoen Montreuileko Gazte Liburuen Nazioarteko Azokara; mundu mailan erreferentea da. Frantzia haur literaturan ere eredua da: urtean 6.000 liburu argitaratzen dira.

Azoka horretan, eskolen egunean, haur bakoitzari bonua oparitzen diote nahi duena eros dezan. Hori kultura eta irakurzaletasuna garatzeko apartekoa da. Ikusi Mikusin nahiko genuke gauza bera egin. Hala, haurrak etxera beren liburuarekin joanen dira, eta batzuendako euskarazko lehen liburua izanen da.

Ikastoletako haurrek badauzkate, baina eskola publikoetatik etortzen direnek ez beti. Familia batzuek ez dute inolako interesik euskal kulturan, eta ez dute sekula izan euskarazko liburu bat eskutan.

Argi dugu hori diru publikoarekin finantzatu behar dela, baina lehen edizioa denez, ezin dugu hori ere hortik atera. Horregatik ideia izan dugu euskal gizarteari laguntza eskatzeko. Kanpaina abiatu dugu Itsulapikoa plataforman. Iruditzen zitzaigun plataforma horrek Euskal Herri osoa hartzen duela; dena azaldua da euskaraz, frantsesez eta espainolez, eta aukera ematen du jende guztia hunkitzeko.

Paraleloki lana egiten ari gara herriko etxeekin. Badakigu eskola bakoitza zein herritatik etorriko den, eta galdetzen diegu ea prest diren bonu horiek finantzatzeko.

Kanpaina horretan idazle batzuen sostengua jaso duzue.

Hori da, bi egunean behin bideo bat sartzen aritu gara sostengatzen gaituzten artistekin: Itxaro Borda, Mariasun Landa, Asun Agiriano, Maite Gurrutxaga, Jokin Mitxelena, Mattin, Dani Martiarena; eta gero, Ruper Ordorikari ere galdetu diogu, Saran bizi baita.

Zenbat bildu nahi duzue?

Minimoa 10.000 da. Ontsalaz 15.000 behar genituen, 15 euro bider 1.000 haur, baina ez dut uste hainbeste haur izanen direnik. Herriko etxeekin, errazago izanen da.

Azokan mota guztietako jarduerak ere prestatu dituzue.

Bai, gauza ezberdinak izanen dira. Ikuskizunak obra literarioetan oinarrituak izanen dira, adinka antolatuak. Ttipientzat, Eliralek idatzi nuen “Lodi kroko” liburuaren moldaera bat eginen du. 6-9 urtekoentzat Bizkaiko Vademecum-ek magia, zirkua eta literaturaren inguruan eginen du. Nerabeentzat, Pantxix Bidartek Homeroren “Odisea”n oinarritutako obra bat aurkeztuko du, euskal poeta garaikide eta zaharrekin uztartzen duena.

Tailer mota oso ezberdinak izanen dira, horiek ere hiru adinetan banatuak.

Horretarako espazio anitz behar da, eta Saran ez da halako gunerik. Nola eginen duzue?

Ibiltaria izanen da, Lurberri salaren inguruan, toki ezberdinetan baina eremu aski hurbil batean, xapitoetan eta inguruko beste gune batzuetan.

Ez da Biltzarra egiten den kiroldegian eginen; aldiz, beraiek ohiko tokian egiten segituko dute.

Hori guztia egiteko aurrekontu aski handia beharko da.

Bai, 150.000 euro. Aurrekontu eta azpiegitura erraldoia da. Nahi genuen Euroeskualdearen dirulaguntza eskuratu, eta horretarako behar genituen Akitania Berriko, Nafarroako eta Euskadiko ordezkariak. Iparraldeko Kiribil taldearekin, eta Euskadiko Galtzagorri elkartearekin –hiru urte dira lehendakaria naizela, eta aipatu nielarik bikaina zela atzeman zuten–, behar genuen hirugarren zango bat Nafarroan, eta horregatik Pamiela argitaletxea deitu genuen. Beraiek lehenetarikoak izan ziren ausartu zirenak haurrentzako albumak euskaraz argitaratzen. Partaide izanen zela erran, eta hirurak abiatu ginen.

Baina Sarako Herriko Etxearen laguntza beharrezkoa zaigu, beraiek gabe ezin izanen zen egin: bertako langileek pasako dute astebete edo hamar egun dena muntatzen, eta gero desmuntatzen.

Beste dirulaguntza batzuk ere jaso ditugu: Pirinio-Atlantikoen departamentuak, Euskal Kultur Erakundeak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak sostengatu gaituzte ahal duten heinean.