NAIZ

Bilbao Basketek Alejandro Galan hegal-pibota fitxatu du

Denboraldi berrira begira Bilboko saskibaloi taldeak egiten duen laugarren fitxaketa da Alejandro Galan eta Urrezko LEB mailako HLA Alacant taldetik dator.

Alejandro Galan da Bilbao Basketen azken fitxaketa.
Alejandro Galan da Bilbao Basketen azken fitxaketa.

Extremaduran jaiotako Alejandro Galan jokalariak 21 urte eta 2.07 metroko altuera ditu. Hegal-pibot postuan jokatzen du eta aurreko denboraldian, Urrezko LEB mailako HLA Alacant taldean aritu zen. 8 puntu, 3.7 errebote eta 9.4 kredituko balorazioa izan zituen batez beste denboraldian zehar eta titulurako kanporaketetan batez bestekoak hobetu zituen: 9.2 puntu, 3.7 errebote eta 10.2 kreditu.

19 urte zituela, Alejandro Galan Zilarrezko LEB Kopako jokalari onena izendatu zuten Alacanteko taldearekin titulua lortu ondoren. Espainiako selekzioko kategoria gazteetan ohiko jokalaria da, eta Israelen jokaturiko 20 urtetik beherakoen Europako Txapelketan zilarrezko domina irabazi zuen.

Rafa Pueyo RETAbet Bilbao Basketeko kirol zuzendariaren hitzetan, «Endesa Ligan debutatuko duen jokalari gazte baten anbizioa eta ilusioa emango dizkigu». «Jokalari osoa da, argia baloirik gabe. Ondo bukatzen du jokaldia saskitik hurbil eta bat baten kontra jokatuz uztaira sartzen da. Erreboteatzaile ona da defentsan zein erasoan. Jokoan eta entrenamenduan duen energiak lagunduko digula espero dugu», azaldu du Rafa Pueyok Bilbao Basket taldeak helarazitako adierazpenetan.

Alejandro Galan Bilboko taldeak datorren denboraldirako egin duen laugarren fitxaketa da, Valentin Bigote, Andrew Goudelock eta Gytis Masiulisen ondoren.