NAIZ

Krispin Lazkanoren laneko heriotza salatu dute Getarian

Lan istripu hilgarrien azken biktima da Krispin Lazkano, LABeko ordezkari izandako langilea. Getarian zendu zen joan den ostiralean, gidatzen ari zen traktorea iraulita. Gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dute, Lazkano oroitu eta «bizitza lehenetsiko duen lan eredu bat» bultzatzeko.

Gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dute Getarian, Krispin Lazkanoren lan heriotza gogor salatzeko eta haren hurbilekoei elkartasuna adierazteko. (LAB)
Gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dute Getarian, Krispin Lazkanoren lan heriotza gogor salatzeko eta haren hurbilekoei elkartasuna adierazteko. (LAB)

Krispin Lazkanorekin, 32 dira jada aurten Euskal Herrian hil diren langileak, LABek jakinarazi duenez. Nabarmendu duenez, lan heriotza bakoitzaren atzean «izen eta abizenak daude, familiak daude, arduradunak daude». Eta «bada garaia arazo larri hau agenda politikoan kokatzeko».

Elkarretaratzea egin dute Getarian, Lazkanok bizia galdu zuen herrian, gehiengo sindikalak deituta, LABeko ordezkari izandako langilearen senide eta lagunei «elkartasun eta babes osoa helarazi» eta beste lan eredu bat sustatzeko, «langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko duena».

Joan den ostiralean hil zen Lazkano, Getariako Igarategi industrialdean. Arratsaldeko 16.00ak ziren GI-3392 errepidean gidatzen ari zen traktorea irauli zenean. Protestan parte hartu duten sindikatuek azaldu dutenez, gertatutakoa ez da berria; urtero izaten dira traktoreekin lotutako lan istripuak. Hala eta guztiz ere, «praktikan ez dituzte neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen».

«Non daude administrazio publikoetako arduradunak?»

«Antza, administrazio publikoetako arduradunek ez dute honen berri, edo ez dute honi buruz ezer jakin nahi. Non daude administrazioko arduradunak heriotz hau salatzeko? Zein aldaketa eta zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu hiltzaile hau geldiarazteko?», galdetu dute.

Sindikatuek argi dute lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak: «Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira. Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintzen eta lan egiteko moduen emaitza dira».

Horregatik, bizi eta lan duinen alde egin nahi dute, «lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako». «Odolustearekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, eta lan harremanen eta joko arauen aldaketa batetik etorriko da konponbidea», ondorioztatu du LABek.