Ane Urkiri

Paris 92 indartsua izango da Bera Beraren lehen aurkaria European League txapelketan

Uda honetan urrats handia eman duen Paris 92 taldea izango da Bera Beraren lehen aurkaria European Leaguen. Lehen neurketa Donostian jokatuko da urriaren 16 edo 17an; hurrengo astean, Parisen erabakiko da kanporaketa. Gaindituz gero, Errumaniako Valcea izango dute aurkari. 

Bera Berako jokalariak Imanol Alvarezen azalpenak entzuten. (Gorka RUBIO / FOKU)
Bera Berako jokalariak Imanol Alvarezen azalpenak entzuten. (Gorka RUBIO / FOKU)

Estatu frantsesa «gertu dago, baina hobe beranduago», zioen Bera Bera taldeak bezperan bidaliko prentsa oharrak. Astearte honetan European League txapelketako aurreneko bi kanporaketak zozkatu dira eta alajaina, talde donostiarrak lehen aurkari moduan ikusi nahi ez zuen Paris 92 taldearekin neurtu beharko ditu indarrak urriko kanporaketan. 

Lehen neurketa, gainera, Donostian jokatuko da (urriaren 16 edo 17an) eta itzulerakoa, erabakigarriena, Parisen jokatuko da (urriaren 24 edo 25ean).

Klub donostiarrak azaldu duenez, talde paristarrak «urrats handia» eman du aurtengo udako merkatuan: Lara Gonzalez, Gnonsiane Niombla, Namizara Fofana eta Marie-Helene Sajka fitxatu ditu. Fitxaketez harago, talde indartsua daukate paristarrek, zeinetan Olinpiar Jokoak jokatuko dituen Laura Flippes albokoa nabarmentzen den.  

«Ez dugu izan zorte handia», adierazi du zalantzarik egin gabe Imanol Alvarez entrenatzaileak. «Paris 92 tokatu zaigu eta gainera lehen partida etxean», gehitu du ermuarrak. Onartu du ez zutela «beraien aurka hain azkar jokatu nahi» baina nolanahi ere, «ilusioz beteta» aurre egingo diotela kanporaketari: «Europan urrats bat eman nahi dugu, asmo horrekin joango gara». 

Lehen kanporaketa hau gaindituz gero, Errumaniako Valcea izango da donostiarren aurkaria (azaroaren erdialdean jokatuko da kanporaketa hau). Hori izango da donostiarrek gainditu beharreko azpen oztopoa European League txapelketako multzoen fasean lekutxo bat egiteko. 

2018-2019 denboraldian, hain zuzen ere, EHF Cup txapelketaren multzoko fasera iritsi zen eta orain, Europako txapelketa honek formatu berritua duen arren, balentria berdindu nahi du talde donostiarrak.