Arnaitz Gorriti

Donostiarrak Castroko arantza errotik atera du eta Santurtzik mendekua hartu du Lekeition

Euskotren Ligak berdinduta jarraitzen du Oriok Arraun Lagunaki puntu bakarreko diferentzia berreskuratu eta gero. «Torrekua I.ak» denboraldiko aurreneko garaipena lortu du. Eusko Label Ligan, berriz, Santurtzik garaipen bikaina lortu du azken luze aparta eginda.

Pozez gainezka Donostiarrako traineruan, denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi ostean. (Jon URBE / FOKU)
Pozez gainezka Donostiarrako traineruan, denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi ostean. (Jon URBE / FOKU)

«Jaso ditugun hostia (sic) guztien ondoren, borrokan jarraitzen dugula ikusteak asko harritzen nau. Oso harro nago talde hau erakusten ari den hazkuntza prozesuaz, eta jendeak jakin dezala, hozka egiten jarraituko dugula». Ane Pescador hunkituta azaldu da Donostiarrak Lekeition denboraldiko aurreneko bandera eskuratu ostean. Bezperan Castro Urdialesen ziaboga aldrebes batek aurreneko luze aparta hondatu ostean, igande eguerdian arantza barru-barrutik atera du «Torrekua I.ak».

Hori guztia gutxi balitz, Oriok eta Arraun Lagunakek berriz ere bat egin dute Euskotren Ligako sailkapen nagusian. Bezperan «Lugañenek» puntu bateko aldea atera ostean, domeka honetan «mirotzek» puntu hori berreskuratu ahal izan dute, azken txanpa gogoangarrian azken orduan bigarren postua bermatuta.

Olatu motzak eta azkarrak izan dira Lekeition, poparean sekulako txanpa zoragarriak ikusi ahal izan dira, itsasoa eta haizea petraltzen tarteka, eta Hondarribia izan ezik, beste hiru traineruek bete-beteko sprinta bizi izan dute. Castron gertatu bezala, Donostiarrak sekulako aurreneko luzea egin du brankaz eta ziaboga itxurosoa emanagatik, poparean Arraun Lagunak eta Orio aurretik sartu zaizkio, hiruzpalau segundotako galera izan arte.

Castron ez bezala, talde guztiek beren kaleari eutsi diote, popareko olatuak probestu guran. Olatu motza eta azkarra, esan bezala, Oriok hartu ditu lehenbizi eta Arraun Lagunakek ostean. Hondarribiak erritmoa jarraitu ezin eta gainbehera egin du; ez ordea Donostiarak, azken metroetara aurreneko bien martxari lotu baitzaio.

Olatuek «zuloa» ere berekin dute, eta horixe izan da Arraun Lagunaken bekatua. «Lugañenek» bere martxa eten du, eta Donostiarrak hortxe ikusi du zerua bere horretan irekia. Oriok ere bigarren postua eskuratu du, baina ezin «Torrekua Ia» harrapatu, aurreko estropadetako arantza errotik ateratzeko puntuan sartu baita helmugara, emozioak lehertu beharrean. Ohiko poza eta besarkadez gain, malkoren batzuek ere ikusi ahal izan dira Donostiarrakoen traineruan.

Sailkapen nagusiari begira, Hondarribiaren kalterako suertatu da asteburua. Aurreko bi urteetan ez bezala, «Ama Guadalupekoa» maila ondotxo hobea ematen ari da, baina aurten ere laugarren postura –jeitsierako playoffetara– eroriko ote den dirudi, Donostiarrak gorantz begiratu dezakeen bitartean.

Aldiz, Arraun Lagunak eta Orio berdinduta dira berriz, 25na punturekin, 2021eko Euskotren Liga amaitzeko lau estropada baino falta ez direla.

X. Euskotren Bandera

1- Donostiarra 10:55.36

2- Orio 10:56.54

3- Arraun Lagunak 10:57.26

4- Hondarribia 11:04.40

Euskotren Liga, Sailkapen Nagusia:

1- Arraun Lagunak 25 puntu

2- Orio 25

3- Donostiarra 17

4- Hondarribia 13

Santurtziren mendekua

Aste eskasa osatu ondoren, igandeko ohorezko txandan berebiziko mendekua hartu du Santurtzik. Azken luze gogoangarri bati esker, «Soterak» Donostiarra, atzetik aurrera egin duen Hondarribia eta bigarren txandan bikain aritu den Urdaibai gainditu ditu. Ondorioz, berriz ere sei puntuko aldea lortu dute bizkaitarrek Hondarribiarekiko.

Emakumeen estropadan gertatu den moduan, ez da lan erraza izan arraunlarientzat. Printzipioz aurreneko txandatik hirugarrenera bidean haizeak lasaitzeko joera hartu du, baina ohorezko txandako irteera puntuan ufada eder askoak izan dira, hasiera baten irteera ustela eragin arte.

Bigarren saiakeran izan da irteera balekoa, eta aurreko egunetako lan bikainari segika, Donostiarrak eraman du. Kale zozketak nolabait lagunduta, «Torrekua IIak» bi traineru atera dizkie Orio eta Santurtziri aurreneko luzean, eta hiru traineru pasa Hondarribiari.

Aurreneko ziabogatik aurrera asko aldatu da estropada. Poparean «Sotera» bikain aritu da, Gorka Aranberri patroiaren eskua ezagun  izan dela. Une horretatik aurrera, Urdaibairen erreferentziak aintzat hartuta –bigarren txandan izan baitute arraunlariek itsasoarik aproposena– beti ere. Astean zehar bizkaitarrek erakutsitako ahuldadea atzean lagata, Santurtziarrek –eta Bermeokoek ere bai–, gipuzkoarren hierarkia ezbaian jarri dute.

Alabaina, estropada amaitu arteko azken bi luzeak oso gogorrak izan dira. Hirugarren luzean Donostiarra saiatu da beste martxa bat jartzen estropadari, baina «Soterak» ondo eutsi dio gipuzkoarren hordagoari, eta bien bitartean Oriok beherantz egin duen moduan egin du gorantz Hondarribiak.

Donostiarra eta Santurtzi parean sartu dira azken ziabogan, Urdaibairen denbora berberean, eta azken poparean ere denbora dexente elkarrekin eman dute, azken hiruzpalau minutuetan Gorka Aranberrik bere magia egin duen arte.

Hantxe apurtu du estropada «Soterak», nahiz eta «Bou Bizkaiaren» marka beti gainean izan azkenean, hiru segundo –traineru bat, alegia– izan ditu alde Santurtzik. Bestetik, atzetik aurrera azken luze agonikoa egin ostean, Hondarribiak puntu bat gehiago atera ahal izan du Donostiarraren kontura.

Gainerantzeko txandetan Urdaibairen erakustaldiaz aparte, Aresen gorakada nabarmendu behar da. Lekittarrarekin berdindu du bederatzigarren postuan, azken postutik gero eta urrutiago. Aldiz, Zarautzen Tirani bezperako puntua berreskuratu dio eta lau puntura hurreratu da sailkapen nagusian.

XXXVI El Correo Ikurriña

1-Santurzi 20:37.96

2- Urdaibai 20:40.96

3- Hondarribia 20:47.88

4- Donostiarra 20:48.16

5- Orio 20:58.74

6- Ondarroa 21:00.94

7- Cabo 21.17.74

8- Ares 21:23.56

9- Lekittarra 21:46.96

10- Zarautz 21:53.34

11- Tiran 21:55.56

Eusko Label Liga, Sailkapen Nagusia

1- Santurtzi 84 puntu

2- Hondarribia 78

3- Zierbena 72

4- Orio 68

5- Donostiarra 66

6- Urdaibai 62

7- Ondarroa 48

8- Cabo 46

9- Ares 35

10- Lekittarra 35

11- Tiran 25

12- Zarautz 21