NAIZ

Azaro Roker hegal pibota fitxatu du Gipuzkoa Basketek datorren denboraldirako

Bahamas Uharteetan jaio zen 1997an, 1,98 metroko altuera du eta Urrezko LEB ligan estreinaldia izango du GBCren eskutik. Kanadan egin du bere ibilbidea orain arte eta azken denboraldian, bataz beste, 17,6 puntu, 13,2 errebote eta 1,1 asistentzia sinatu zituen bertako ligan.

Irudi honekin aurkeztu du GBCk Rokerren fitxaketa (GBC)
Irudi honekin aurkeztu du GBCk Rokerren fitxaketa (GBC)

Acunsa Gipuzkoa Basketek Azaro Roker hegal-pibota fitxatu du datorren denboraldirako. Roker Bahamas Uharteetan jaio zen 1997an, 1,98 metroko altuera du eta Urrezko LEB ligan estreinaldia izango du GBCren eskutik.

Talde donostiarrak jakinarazi duenez, jokalari amerikarrak Kanadako unibertsitatean egin zuen bere prestakuntza-ikasketa osoa, eta, ondoren, herrialdeko liga profesionalean debuta egiteko aukera izan zuen.

Unibertsitatean «urtez urte gero eta joko maila hobea erakutsi zuen» klubaren hitzetan eta azken denboraldian, bataz beste, 17,6 puntu, 13,2 errebote eta 1,1 asistentzia sinatu zituen, jaurtiketetan %58,6ko asmatze kopuruarekin. Hori bai, aurreko denboraldian ezin izan zuen jokatu, pandemiaren ondorioz Kanadako liga gelditu egin zelako.

Altuera txikia izan arren, barneko posizioak betetzeko dator Gipuzkoara Azaro Roker. «Energia, aire-jokoa, mugikortasuna eta aldakortasuna dira haren dohainak. Altuera txikikoa baina bihotz handikoa, ikusleak dibertitu egingo dira, zalantzarik gabe, bere motorrik gabeko hegaldiekin», dio GBCk jokalaria aurkezteko.

Apurka-apurka GBC ari da denboraldi berrirako taldea osatzen, Lolo Encinas entrenatzaile berriarekin Urrezko LEB Ligari ekiteko.