NAIZ

Musukoa, derrigorrezkoa aurrerantzean Lapurdiko kostaldeko herri nagusietan

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak osasun neurriak gogortu ditu eta, ondorioz, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da aurrerantzean Baiona, Biarritz, Angelu, Getaria, Donibane Lohizune eta Hendaiako karriketan. Kutsatze tasak gora egin du, batez ere gazteen artean.

Jende pilaketa handiak izaten diren Angeluko pasealekuan musukoa derrigorrezkoa da. (Guillaume FAUVEAU)
Jende pilaketa handiak izaten diren Angeluko pasealekuan musukoa derrigorrezkoa da. (Guillaume FAUVEAU)

Kutsatze kopuruak gora egin ostean, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak kanpoaldean maskara erabiltzera derrigortu du kostaldeko zenbait herritan. Osasun egoerak okerrera egin ostean neurriak gogortzeko beharra adierazi zuen prefetak uztailaren 26an argitaratu zuen idatzian eta, ondorioz, uztailaren 27tik aitzina derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera Baiona, Angelu, Biarritz, Getaria, Donibane Lohizune eta Hendaiako kaleetan.

Aipatu herrietan musukoa eraman beharko dute 11 urtetik gorako pertsona guztiek goizeko 9.00ak eta gaueko 21.00ak bitartean. Haurrez gain, ezintasunen bat dutela adierazten duen ziurtagiri medikoa duten pertsonak ere musuko gabe ibili ahal izango dira kalean.

Bestalde, aipatutakoez gain, Ipar Euskal Herriko herri guztietan maskararen erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraitzen du aire libreko merkatuetan, azoketan, kalean egiten diren ekimen kolektiboetan, kultur erakustaldietan, manifestazioetan eta jende pilaketak eragiten dituzten bestelako edozein ekintzetan. Horrekin batera, kostaldeko herri guztietan debekatua da espazio publikoetan alkohola edatea.

Kutsatzeak gora

Neurriak gogortzeko arrazoia Pirinio Atlantikoetan, baina batez ere Ipar Euskal Herrian azken egunetan izan den kutsatze kasuen gorakada izan dela adierazi zuen Spitzek. Covid-19aren intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 405 kasukoa dela jakinarazi zuen prefetak, eta duela aste bat intzidentzia tasa 267koa zela oroitarazi zuen. Bere esanetan, kutsatze kasu gehienak 10 eta 29 urte bitarteko herritarren artean eman dira.

Aitzitik, ospitalean diren pertsonen kopuruak behera egin duela eman zuen aditzera Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetak. «Ipar Euskal Herri osoan covid-19ari aurre egiteko suspertze eremuan 20 ohe ditugu, baina egun soilik lau pertsona aurkitzen dira erreanimazioan», azaldu zuen suprefetak.

Azken asteetan ospitaleratuen kopurua egonkor mantendu da eta gaur egun 15 gaixo daude covid-19arekin ingresatuak Baionako ospitalean.