Asier Aiestaran

Iñigo Llopis zazpigarren izan da 4x100 estilo libreko erreleboan

Egindako marka eta lortutako diplomarekin pozik amaitu arren, igerilari donostiarrak estiloetako 4x100 proban du ipinia helburu nagusia, dominen lehiatik gertuago ibiltzea espero baitu.

Llopis, Tokioko igerilekuan (BASQUE TEAM)
Llopis, Tokioko igerilekuan (BASQUE TEAM)

Iñigo Llopisek diploma paralinpikoa gehitu dio bizkar estiloko 100 metrokoan lortutako zilarrari. Donostiarra estilo libreko 4x100 metroko finalean lehiatu da gaur, eta bere taldeak zazpigarren postuan bukatu du, podiumeko postuetatik urrun, baina bere marka onenetik gertu. 4:00.71ko denbora egin du espainiar selekzioak, Munduko errekorra hautsi zuen Australiako taldearen 3:44.31tik urrun.

Llopis igeri egiten hirugarren partaidea izan da espainiar selezioko erreleboan, Jacobo Garrido eta Sergio Salvador Martosen atzetik, eta Jose Antonio Alcarazi eman dio lekukoa. Donostiarrak aipatu duenez, estilo libreko erreleboa ez da taldeak gehien prestatu duen proba, estiloetako erreleboa baita beraien aukera onena dominen lehiara gerturatzeko.

«Zaila zen erreleboetan aurrean egotea, ikusi dugu bi edo hiru taldek munduko errekorra hautsi dutela. Gure errelebo indartsua estiloetakoa da, baina gure markarik onena 3:59 da eta gaur 04:00 egin dugu, beraz lan ona egin dugula esango nuke», aipatu dio Llopisek Basque Teameko komunikazio zerbitzuari lehiaketa amaitu berrritan.

Gainera, Llopisek onartu du asko kostatu zaiola errekuperatzea, 100 metroko bizkar estiloan zilarrezko domina eskuratu zuen jardunaldi gogor eta zirraragarriaren ostean. «Kosta egin zait. Ehun metro bizkar estiloko proba gogorra izan zen, egun guztian bizitako emozioak eta tentsioa… Kosta egin zait errekuperatzea. Ez dakit zer marka egin dudan nik pertsonalki gaur, baina uste dut ongi egon naizela», esan du.

Tokioko Aquatic Centren eguneko azken proba izan da finalaren ondoren, Iñigo Llopis berehala joan da giharrak askatzera, eta atseden hartzera; izan ere, bihar goizeko 9.00etan (02.00ak Euskal Herrian) izango du estilo libreko 400 metrokoan sailkatze saioa, eta finalean sartuz gero, 17.00etan jokatuko du (10.00ak Euskal Herrian). Gainera, igerilari donostiarra 4x100 metro estilotan lehiatuko da irailaren 3an. Eta proba horretan atzokoan baino emaitza hobea lortzea espero du.

«Aurten ehun metro bizkar estiloko proba prestatu dut batez ere, distantzia luzeagoak alde batera utzita, eta erreleboan gure helburua finalera pasatzea izango da. Marka hobea daukagu estiloetako erreleboan eta ea hor goian ibiltzen garen», aipatu du proba horri buruz.

Jardunaldia

Gainontzean, jardunaldiak hainbat lorpen aipagarri utzi ditu. Monica Olivia Rodriguez mexikarrak, Kevin Aguilarrek gidatuta, urrezko domina lortu du 1.500 metroko lasterketan (T11 klasean), munduko errekorra nabarmen hobetuz. Rodriguezek 4:37.40an igaro du helmuga, Jin Zheng txinarrak 2016an Rion lortutako 4:38.92koa segundo eta erdian jaitsiz.

Francisca Mardones Sepulveda txiletarra ere protagonista izan da, bere herrialdearentzat Paralinpiar Joko batzuetan urrezko domina lortzen duen lehen emakumea bihurtu baita. Pisu jaurtiketan lortu du, munduko errekorra hobetuz gainera (8,33 metro), eta inspirazio iturri izaten jarraituko du etorkizunean: bere omenez Barbie panpina bat ere atera baitzuten Txilen orain gutxi.