NAIZ

‘Zutik, Zutik, Zutik’, Bizkaiko feminismoaren historia hurbilaren erakusketa

Berdintasunaren alde borrokatu duten emakumeei egindako omenaldia da Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen ‘Zutik, zutik, zutik’, Bilboko Zabalgune eraikinean urriaren 6ra arte ikusten ahalko den erakusketa. Mercedes Arbaiza komisarioak «esperientzia bat» eragin nahi dio bisitari bakoitzari.

Mercedes Arbaiza komisarioak eta Teresa Laespada Bizkaiko Berdintasun diputatuak hartu dute parte erakusketaren aurkezpenean, besteren artean. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)
Mercedes Arbaiza komisarioak eta Teresa Laespada Bizkaiko Berdintasun diputatuak hartu dute parte erakusketaren aurkezpenean, besteren artean. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)

1968 eta 1994 bitarteko Bizkaiko mugimendu feministaren historia eta memoria jaso ditu Foru Aldundiak ‘Zutik, Zutik, Zutik’ erakusketan. Mercedes Arbaiza irakasleak egin ditu komisario lanak eta, esan duenez, asmoa bisitariari «esperientzia bat» eragitea da. Bilboko Zabalgune eraikinean dago horretarako aukera, datorren urriaren 6ra arte.

Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun diputatuak, Teresa Laespadak, historian emakumeen papera «ezkutuan gordearazi» dela adierazi du aurkezpenean, «hainbat gertaeratan protagonista» izan arren. Erakusketa honekin, emakume feminista horiek aldarrikatzea da asmoa, «bizitzaren alderdi publikoan emakumeoi eskubide propioz dagokigun protagonista rola exijitu eta defendatu izan dutenak: kalera irtetea, lan egin ahal izatea, gizonezkoekin berdintasunean bizitza guztiz normalizatua izan ahal izatea». «Horixe izan da feminismoaren aldarrikapen nagusia», gehitu du.

«Omenaldi bat» ere izan nahi du emakume feminista horientzat guztientzat. «Uste dut omenaldi txiki hau egin behar diegula, eta zera esan behar diegula: hor egon zineten eta, zuei esker, gaur egun hemen gaude», agertu du Laespadak.

Hitza ematea

Erakusketaren komisarioak azaldu duenez, jatorrizko asmoa izan da «hitza ematea garai horretako protagonista izan ziren emakumeei, beren keinu txikiei, beren transgresio anonimoei, erresistentzia kolektiboei eta sortzaileak izan ziren borrokei, formari, proposamen ausartei nahiz lengoaia politikoei dagokienez».

«Urte horietan mugimendu feministak hankaz gora jarri zuen mundua, baita Bizkaian ere; izan ere, izateko nahiz emakume izateak esan nahi zuena esperimentatzeko era berriak proposatu zituen. Normaltasun maskulinoarekin hautsi zuen eta jendaurrean hitz egitea erabaki zuen, antolaketaren atalasetik harago joanda. Erakusketak, beraz, aitortza egiten dio Bizkaiko mugimendu feministak emakumeen eta gizonen arteko harremanak nahiz emakumeon artekoak errotik aldatu izanari», azpimarratu du.

Arbaizak agertu du, halaber, erakusketak «zeharkako ikuspegia» duela «politika feministaren gai nagusietan», eta Bizkaiko orainaldira ekartzen dituela, «erdietsitako konkistetatik eta etorkizuneko erronketatik» irakurriz.

Ezinegonaren eta esnatzearen garaia

Ibilbide historiko bat proposatu, eta mugimendu feministaren unerik garrantzitsuenetako batzuk erakusten ditu. 25 urteko denbora tarteari begiratzen dio. Urte haietan, «bigarren olatuko» feminismoak, «intuizio eta ausardia handiz», «bizia aldatu digun» gizarte mugimendua jarri zuen martxan. Ezinegonaren eta esnatzearen garaia izan zen, eztanda politikoarena eta antolaketarena nahiz egonkortzearena, eraketako aniztasunetik abiatuta.

Funts dokumental pribatu askoren laguntza izan du erakusketak, bereziki Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroarena. Honelako materialak jaso dira: liburuak, aldizkariak, pegatinak, aktak, argazkiak, kartelak...

Erakusketa honetan ez dago jatorrizko dokumenturik. Erreprodukzioak dira, fotokopiak, kopien kopiak, puskak eta zatiak, «gorputzetik pasa direnak», «eta batzuetan beharrezkoa da distantziatik edo beste ikuspuntu batetik ikustea, begietsi ahal izateko», adierazi du Mercedes Arbaizak.