NAIZ

Ruben Garate dispertsioaren biktima oroitzeko murala kentzeko agindu du Auzitegiak

EAEko Auzitegi Nagusiak Ruben Garate dispertsioaren biktima oroitzeko Otxandioko eraikin baten jarritako olana kentzeko agindu duela salatu dute Udalak, Etxeratek eta Garateren senideek.

Egoitz Garmendia Otxandioko alkatea, Patricia Velez Etxerateko kidea eta Ibon Garate Ruben zenaren anaia, gaurko agerraldian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Egoitz Garmendia Otxandioko alkatea, Patricia Velez Etxerateko kidea eta Ibon Garate Ruben zenaren anaia, gaurko agerraldian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ruben Garate dispertsioaren biktima oroitzeko Otxandioko eraikin baten jarritako olana kentzeko agintzen duen epaiaren balorazioa egin dute gaur Otxandioko alkatea den Egoitz Garmendiak, Rubenen anaia den Ibon Garatek eta Etxerat elkarteak. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du murala kentzeko Bilboko Administrazio Auzietarako Auzitegiak Otxandioko Udalaren aurka emandako ebazpena.

Otxandioko Udala Ruben Garateren heriotza dispertsio politikaren ondorio izan zela adierazteagatik jazarpen polizial eta judizial «onartezina» jasaten ari dela salatu du alkateak.

«Udaletik Otxandion gatazka politikoari lotuta izandako sufrimendu guztia aitortu eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu, baina Guardia Zibilak, eta Gobernu Delegaritzak zangotrabatu egiten gaituzte, behin eta berriro. Zergaitik ez digute elkarbizitzarako bidea lasai eta bakean egiten uzten? Zergatik eta zertarako jazarpen guzti hau?», adierazi du Garmendiak.

Otxandioko Udalak Ruben Garateren lagun eta senitartekoen mina aitortu eta errekonozitzen jarraituko duela nabarmendu du, «maite ditugulako, eta nekez eraiki daitekeelako elkarbizitza hainbat eta hainbat herritarren minari bizkar emanda».

Epai honen aurrean «minduak, erasotuak eta gutxietsiak sentitzen direla adierazi du Ibon Garatek, Ruben Garateren anaiak: «Ez da bakarrik sakabanaketa politikaren biktimak bezala aitortzea ukatzen digutela, baizik eta horrelako epaiekin umiliatu egiten gaituztela. Aitortza ofiziala, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatzen ditugu, eta debekuarekin erantzuten digute».

Patricia Velez Etxerat Elkarteko bozeramaileak dispertsioak eragindako sufrimenduaren aitortza gehiengo sozial, politiko eta baita ere, instituzioen aldetik onartuta dagoela esan du. Eta era berean salbuespenezko espetxe politika urte luzeek zuzenean eta zeharka eragin dituzten heriotzek planteatzen duten erronkari aurre egiteko unea iritsi dela azpimaratu du: «Pertsona horiei, Ruben barne, errekonozimendu ofiziala eta erreparazioa eskeini behar zaie».

«Salbuespenezko espetxe politikak heriotzak eragin ditu, eta horiek ere haien lekua izan behar dute memoriaren mapan, etorkizuneko bizikidetza elkarrekin eraikitzen jarraitu ahal izateko. Presorik gabeko etorkizuneko bidean aurrera egiteko», aldarrikatu du Velezek.