Dabid Lazkanoiturburu

Txekiar presidentea hauteskundeak galdu dituen lehen ministroarekin bildu da

Milos Zeman presidenteari ez dio batere graziarik egin Andrej Babis lehen ministroak hauteskundeak gutxigatik galdu eta Gobernua osatzeko nahikoa kiderik gabe geratu izana. Bere etxean hartu du egoera aztertzeko.

Andrej Babis lehen ministro eta magnatea hauteskundeen ostean. (JOE KLAMAR-AFP)
Andrej Babis lehen ministro eta magnatea hauteskundeen ostean. (JOE KLAMAR-AFP)

Milos Zeman Txekiar Errepublikako presidenteak atzo hauteskundeak galdu zituen Andrej Babis lehen ministroa hartu du igande honetan bere egoitzan.

Presidenteak, komunista ohia eta Errusiaren eta Txinaren aldekoa, Babis magnatea babesten du eta berari dagokio lehen ministroa izendatzea. Hauteskundeen bezperan bera hautatuko zuela eman zuen aditzera.

Gaixorik, Zemanek bere etxetik bozkatu behar izan du eta gaur bertara gonbidatu du Babis aurrikusita ez zegoen bilera batera. Elkartze ofiziala datorren asteazkenean egin behar dute.

Presidenteak argi utzi du ez diola gobernu-osatzea koalizio bateko agintariari aginduko, alderdi bateko buruzagi bati baizik.

Izan ere, eta hasierako emaitzek Babisen ANO alderdiaren garaipena iragarri bazuten ere, kontaketaren amaieran eskuinaren, zentroaren eta kristaudemokratek osatzen duten Elkarrekin koalizioak lortu zuen lehen postua, oso gutxigatik izan arren (%27,78 eta %27,14).

Gainera, Elkarrekin taldeak eta Piratek eta Alkateen Mugimenduak osatzen duten koalizioak gobernua osatzeko asmoa iragarri dute eta horretarako gehiengo osoa dute (200 eserlekuetatik 108).

Babisi, ordea, ez zaizkio kontuak ateratzen. Bere kide sozialdemokratak eta komunistak Parlamentutik kanpo gelditu dira bozen %5a ez dutelako gainditu.

Pandora paperen eta hainbat iruzurren salaketen jomugan dagoen magnateari babestu izanak gogor ordaindu dute, batez ere Bohemiako eta Moraviako Alderdi Komunistak, II Munduko Gerratik gaur arte betik izan baitu ordezkaritza (bere garaian gobernua, sobietarren babesarekin).

Oraingoz lehen ministroa den Babisi Tomio Okamura jatorriz japoniarrak gidatzen duen alderdi ultra eta xenofoboarekin negoziatzea baino ez zaio geratzen baina SPDk lortu duen 20 eserlekuak ez dira nahikoak gehiengo osatzeko.

Hala ere, Babisek argi utzi du ez duela amore emateko asmorik.  «Ni manager bat nauzue eta nere tokia gobernuan dago».