NAIZ

Eskola jangelen aferan «aldebakarreko erabakiak» hartu izana leporatu dio LABek Bildarratzi

LABek salatu du Lakuako Hezkuntza Sailak eskola jangelen funtzionamenduaren inguruko zirkular bat argitaratu duela sindikatuarekin kontsultatu gabe.

LABeko ordezkariak Lakuako Gobernuaren aurrean, Gasteizen. (LAB)
LABeko ordezkariak Lakuako Gobernuaren aurrean, Gasteizen. (LAB)

LAB sindikatuak mobilizazioa egin du asteazken honetan, Gasteizen, Lakuako Gobernuaren aurrean, EAEko Hezkuntza Sailak eskola jangelen funtzionamenduan «aldebakarreko erabakiak» hartu dituela salatzeko.

Sindikatuko ordezkariek iragan den ikasturtean ohartarazi zuten «premiazkoa» zela eskola jantoki publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko agindua aldatzea eta baita 2019tik aurrera eskola jangelen funtzionamenduari buruzko administrazio eta zerbitzuetako sailburuordearen zirkularra ere.

Hala ere, sindikatuak begi txarrez ikusi du Hezkuntza Sailak, pasa den irailean, langileekin kontsultatu gabe 2021-2022 ikasturterako jangelen funtzionamenduari buruzko zirkular berri bat argitaratu izana. «Horri buruzko edozein erabaki edo aldaketa langileen ordezkariekin adostu behar du», exigitu du sindikatuak.

Hori horrela, LABek langileen eskakizunak kontuan hartu ez izana leporatu dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari: «Erabaki hori berriz ere alde bakarrekoa izan da, eta ez ditu jasotzen gure aldarrikapen asko, zerbitzu hau, oro har, hobetzea helburu dutenak». Era berean, hitzarmen kolektiboa errespetatu ez izana egotzi dio Hezkuntza sailburuari.

Sindikatuaren aldarrikapen nagusiak ratioen jaitsieran, langile gehiagoren kontratazioan eta lanaldien gehitzean oinarritzen dira.

Horretaz gain, LABek ikasleen garapenean jangelek duten garrantzia nabarmendu du. Sindikatuaren esanetan, eskola jantokiak «funtsezkoak» dira ume zein nerabeek jasotzen duten hezkuntza integralean. Eta, argudio horretan oinarrituta, ohartarazi du jangelak ez direla zerbitzu «osagarri soil» baten moduan baloratu behar behar.