NAIZ

Alvarez: «60 minutuak konzentraturik jokatzen badugu, Parisen aukerak izango ditugu»

Gascan eman zen berdinketa dela-eta (27-27), Bera Berak gol gehiago izango duen berdinketa batek edo garaipena behar ditu igande honetan Issy les Moulineaux kiroldegian.

Imanol Alvarez, hedabideen aurrean, joaneko partidaren atarian. (Jon URBE/FOKU)
Imanol Alvarez, hedabideen aurrean, Paris 92-ren aurkako joaneko partidaren atarian. (Jon URBE/FOKU)

Super Amara Bera Berak hitzordu garrantzitsua du igande honetan Parisen. Igandean Gascan lortutako berdinketa dela-eta (27-27), donostiarrek gol gehiago izango duen berdinketa batek edo garaipena behar ditu Issy les Moulineaux kiroldegian (youtube Paris 92 bidez ikusi ahal izando da partida 16.00etatik aurrera).

Taldeak ostiral honetan entrenamendua egingo du Gascan eta larunbatean Biarritzetik Parisera abiatuko da, bertan 18.00etan entrenatzeko eta igandean European Leagueko itzuleko partida jokatzeko.

Gaur goizean komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Imanol Alvarez entrenatzailea konbentzituta agertu da kanporaketa gainditzearekin. «Aukerak izango ditugu», azpimarratu du.

Hori bai, badaki «ez dela erraza izango, baina 60 minutuak konzentraturik jokatzen baditugu, gure aukerak izango genituzke. Partidan ondo sartzen eta konfiantzarekin aritzen bagara, Paris urduri jar dezakegu eta mina egiteko gaitasuna dugu».

Hortaz, Alvarezek taldeari «60 minutu oso-osorik jokatzen jakitea» eskatu dio, eta era berean, «Paris 92ek partida laster apurtu saihestu behar dugu, tartea irekiz gero eroso joka lezake».

Aurkariaz «ez dut gauza ezberdinik espero«, aitortu du. Bere ustez, «beraiek partida etxera eraman dute, baloi jabetza gutxi gustoko dute, badakitelako eraso posizionalean baliabide ugari dituztela». Aitzitik, Bera Berak «partida bizia nahi du, eraso laburrak, kontraerasoak eta jaurtiketekin amaitzea», gaineratu du.

«Joanekoa partida ez genuen irabazi baina indarberrituta atera ginen», azpimarratru eta segidan adierazi du bere taldea «ohartu dela talde ona ere badela»; izan ere, «Frantziako ligan puntako taldearen aurka lehiakor agertu eta gainditzeko zorian egon da».