NAIZ

Elx utzi eta Norvegiako Vipers taldean jokatuko du Lysa Tchaptchet nafarrak Nerea Penarekin

Elxen azken hiru denboraldiak igaro ondoren, 19 urteko jokalari nafarrak ibilbide berri bat hasiko du Norvegian, Europa mailan erreferentzia den eta Txapeldunen Liga jokatzen ari den taldeetako batean.

Lysa Tchaptchet, Bera Beraren aurkako partida batean Fernandes frenatu nahian. (Jon URBE/FOKU)
Lysa Tchaptchet, Bera Beraren aurkako partida batean Fernandes frenatu nahian. (Jon URBE/FOKU)

Albistea asteazkenean atera zen. Lysa Tchaptchet nafarrak Elx utzi eta Norvegiako Vipers taldean jokatuko du. Bere agurraz jakinarazi zuen orain arte bere kluba izan denak ohar batean eta eskerrak eman zizkion: «Esker onak besterik ez ditugu; izan ere, Beti Onak taldetik etorri zenetik, Carrus Arena zaharrean jokatutako partida bakoitzean berarekin disfrutatu dugulako. Gogoratu behar diogu Elx beti bere etxea izango dela eta behar duenerako hemen egongo garela».

“DeporteCienporCien” eskubaloian aditua den webguneak lehenago aurreratu zuenez, 19 urteko pibotak Norvegiako Vipers Kristiansand taldean jokatuko du aurrerantzean, eta bertan Nerea Pena nafarrarekin arituko da.

Albistea atera eta gutxira, orain arte bere entrenatzaile izandako Joaquin Rocamorak hitz polit batzuk izan zituen beretzat Twitter bidez. Eta Tchaptchetek berak erantzun egin zion, bere agurra konfirmatuz.

Tchaptchetek Espainiako selekzioarekin jokatu du dagoeneko eta gainera Kopa eta Superkopako txapeldun izan da Elxerekin. Ohorezko Mailako piboterik onena izendatu zuten iazko denboraldian.

Tchaptchet 2001eko abenduaren 21ean Kamerungo Yaounden herrian jaiotako kirolaria da. Urte gutxitara, pibotea, bere familiarekin batera, Atarrabiara joan zen bizitzera eta Beti Onak taldean hazi zen jokalari bezala. Nafarroako selekzioarekin ere jokatu izan du gaztaroko urteetan.

Nafarroako Eskubaloi Federazioak albistea zabaldu zuen baita ere sare sozialetatik.