Abiadura berreskuratzeko aukera eskainiko dio Alcorconek Eibarri

Azken sailkaturaren bisita hartuko dute larunbat honetan armaginek. Javi Muñozek harmailetatik jarraituko du partida, zigortuta baitago.

Bost partida jarraian irabazi ditu Eibarrek Ipuruan; azkena, Oviedoren kontra. (Jon Urbe/Foku)
Bost partida jarraian irabazi ditu Eibarrek Ipuruan; azkena, Oviedoren kontra. (Jon Urbe/Foku)

Eibarrek azken sailkaturen bisita hartuko du Ipuruan, aukera paregabea aurreko astean galdutako abiadura berreskuratzeko. Gaizka Garitano ez da «Alcorconez fio» eta bere taldea «partida zail bati aurre egiteko prest egon» behar dela esan du baina argi dago Lehen Mailara igo nahi duen talde batentzat bai ala bai irabazi beharreko partida dela larunbat honetakoa.

Egoerak, orokorrean, eta batez ere Eibarrek etxean egin duen ibilbideak –bost garaipen jarraian Ipuruan– faborito nagusitzat jotzen dute talde gipuzkoarra. «Asko irabazi dugu etxean, taldea bide onetik doa», esan du Garitanok. «Badauzkagu hobetzeko gauzak baina fidagarritasuna daukagu. Taldea beti dago partidan sartuta. Hobeto edo okerrago egon daiteke baina taldea fidagarria da», gaineratu du. Beharrezko hobetzearen bidean, min hartutakoen errekuperazioaren garrantzia azpimarratu du entrenatzaileak.

Arbillaren, Venancioren eta Fran Solen itzulerak gero eta gertuago daude baina oraindik itxaron beharko du euren entrenatzaileak. Biharko partida gainera, Javi Muñoz barik prestatu behar izan du; minutu gehien jokatu dituen armagina, alegia. Bosgarren txartel horia ikusi zuen Fuenlabradan eta Sielvari utzi beharko dio bere postua, beti ere, Garitanok marrazkia mantentzea erabakitzen badu.

Partidari dagokionez, bere taldean jarri du gakoa Garitanok. «Gakoa guk maila altua ematea izango da, azken bizpahiru partidetan baino freskoago ibiltzea. Defentsan asko hobetu dugu, gero eta gol gutxiago egiten digute, baina freskotasun pixka bat galdu dugu baloiarekin», onartu du. Eibarrek, izan ere, Etxeitak Oviedori egindako gol bakarra sartu du azken hiru partidetan. «Alcorconen aurka gure nagusitasun teorikoa erakutsi nahi dugu –gaineratu du– baina teoria gauza bat da eta praktika beste bat, batzuetan aurkariak ez baitzaitu uzten».

EIBAR
Hasierako hamaikakoa: Yoel; Correa, Burgos, Etxeita, Toño; Sergio, Sielva; Corpas, Expósito, Stoichkov; eta Blanco Leschuk.
Bajak: Arbilla, Venancio, Franchu eta Fran Sol, lesionatuta; eta Javi Muñoz, zigortuta.

ALCORCON
Hasierako hamaikakoa: Dani Jiménez; Laure, David Fernández, Gorosito, Bellvis; Lucho Vega, Aguilera; Juan Hernández, Juanma Bravo, Arribas; eta Marc Gual.
Deialdia: J. Suárez, José Carlos, Gorostidi, Hugo, Zarfino, C. Hernández, V. García, Xisco Jiménez, J.R. Suárez, Al Badaoui, Córdoba, Fornies, Asencio eta Moyano.
Bajak: Fidel Escobar, Panamak deituta.

Epailea: De la Fuente Ramos (Gaztela eta Leon).
Zelaia: Ipurua.
Ordua: 18.15 (Movistar+LaLiga).