Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Lege zurrun eta sexistak desafiatzen kirolean ere

Erosotasunaren argudioa auzitan jarrita, nola liteke hondartza-eskubaloian bikinia orain arte nahitaezkoa izatea? Norvegiako selekzioaren aldarrikapenaren ondotik, 2022tik aurrera ez da derrigorrezkoa izango. Lege sexista deuseztatu egin du IHF erakundeak.

Norvegiako jokalariek praka motzekin jokatu zuten Europako txapelketa, legedia urratuz eta hura aldatzera behartuz (@Norhandball)
Norvegiako jokalariek praka motzekin jokatu zuten Europako txapelketa, legedia urratuz eta hura aldatzera behartuz (@Norhandball)

«Gure ipurdi eta titiak famatuak ziren, bai». Karmele Makazagak esan du, 90eko hamarkadan ikur izan zen eskubaloi jokalaria, egun Euskal Selekzioko hautatzaile dena. Bere ustez, emakumezko kirolaria betidanik sexualizatu izan da eta horren adibide garbia dela dio hondartza-eskubaloian gertaturikoa, «kirol nahiko berria baita» eta horrek are gehiago zailtzen du oraindik ere indarrean dagoen legea ulertzea.

Izan ere, Nazioarteko Eskubaloi Federazioaren (IHF) legedian ageri da hondartza-eskubaloian emakumeek bikinian jokatu behar dutela. Aldiz, paragrafo berean jasotzen da gizonezkoek mahukarik gabeko kamiseta eta galtza motzekin jokatu behar dutela. Disimulurik gabe eta, gainera, emakumeen kasuan, alboko zabalerak gehienez 10 zentimetrokoa izan behar duela zehaztuz. Badago derrigortasun hori badenik zalantzan jartzen duenik ere, baina Norvegiako jokalariek egindako aldarrikapenaren ondotik jaso zuten isunak argi uzten du hala dela: Bulgarian jokatu zen Europako txapelketan bikiniaren ordez praka motzak, estuak, janzteagatik selekzioak 1.500 euroko zigorra jaso zuen –aurretiaz baimena eskatu zuen eta ukatu egin zioten–, «legediaz kanpoko janzkera erabiltzeagatik». Sekulako zalaparta piztu zuen eta, egiari zor, zerbaitetarako balio izan zuen, 2022tik aurrera, bikinia ez baita derrigorrezkoa izango hondartza-eskubaloian. 

«Emakumezkoen taldearen uniformea gorputzera egokitutako mahukarik gabeko kamiseta bat da, galtza motz estuak eta baimendutako osagarriak». Halaxe dio datorren urtean indarrean jarriko den legediak; hau da, gizonezkoen uniforme bera ezartzen zaio, ñabardura batekin, galtzak estuak izan behar direla –gizonezkoetan «ez hain zabalak» janztea ezartzen du–. «Poza» sentitu zuen Karmele Makazagak albistea irakurri bezain pronto, emakumeak jokatzeko orduan ez baitu «ikusgarri» izan nahi, baizik eta «eroso jokatu».

Nork ezarritako legeak?

«Pentsatzen dut arau horiek zehaztu zituztenean, tartean ez zegoela emakumerik», esan du Makazagak. Eta harrigarriena da inor ez dagoela ziur zergatik ezarri zen legedi hori. Makazagak «kirol berria izanik, hondartzan egina, normalean uda garaian jokatua, jendea erakartzeko» izan zitekeela uste du, erosotasunaren auzia nahiko zalantzagarria delako, nahiz eta duela urte batzuk boleiboleko AEBetako selekzioko zenbait jokalarik bikiniaren aldeko jarrera erakutsi.

May-Treanor hondartza-boleiboleko jokalari estatubatuarrak, esaterako, esan zuen bikinia jantzi txiki eta estua izanik, hondarra sartzea eragozten duela. «Zerbait handiagoa eta zabalagoa jantziz gero, hondarra leku guztietatik sartuko litzaiguke». Makazagak, aldiz, harriduraz hartu ditu adierazpen horiek, «gizonezko guztiek prakekin jokatzen baitute» eta hondarrarekin, berez, arazo bera izango luketelako.

Kontuan hartu behar da, gainera, gizarteak jada barneratuta duela zer den «normala» emakumeentzat eta zer gizonezkoentzat. Emakumeek «femenino» agertu behar dute, Matilde Fontechak eldiario.es hedabidean 2016an idatzitako artikuluan ondo zehaztu zuen legez. Rioko Olinpiar Jokoak hartu zituen adibidetzat eta bertan nabarmentzen du sexualizazioa «diskriminazio faktore sotilagoa» denez, askotan oharkabean pasatzen dela. «Zergatik, esaterako, makillatzea hain normalizatua dago? Zergatik makillatzen dira igerilariak, uretan sartzerakoan makillajerako erabilitako produktuak ondo lehiatzeko oztopo izan daitezkeenean?», dio. Gizonezkoak izerdi patsetan agertzea ondo ikusita dago, baina ez da onartu emakumezkoak hala agertzea, «zikintzat» jotzen da. Esfortzua sekulakoa izanik ere, dotore agertu beharra barneratu da.

Barneratuta dago ere ekitaldi batera kanonak ezartzen duen legez joatea. Halaxe gogoratzen du Makazagak, zeina Bartzelonako Olinpiar Jokoetan lehiatu zen. Irekiera ekitaldira gona jantzita joan behar izan zuten eta, nola ez, takoiekin. «Takoiak kentzen bukatu genuen; hainbeste ordu zutik eta takoi horiekin, oinak minduta bukatu genuen», oroitu du. Aurten takoirik gabe baina gonarekin joan ziren batzorde espainiarreko kirolariak Tokioko irekiera ekitaldira.

Era batera jantzi edo bestera jantzi, ez dira berehalakoan amaituko emakumeen itxuraren gaineko komentarioak, lizunak asko eta asko, eta mingarriak gehienak. Gogoan hartu behar da Serena Williams tenislari arrakastatsuak ere desafiatu zuela Roland Garroseko antolakuntza 2018an. Ama izan ondotik, erosoago aritzen zen gorputz osoko elastikoarekin, eta gona txikia ez erabiltzeagatik txapelketa frantseseko zuzendaritzak ohartarazi zion ez ziotela gehiago utziko horrela jokatzen. «Jokoa eta lekua errespetatu egin behar dira», esan zuen Teniseko Federazio frantseseko presidente Bernard Giudicellik.

Serena Williamsek gorputz guztia estaltzen zion jantziarekin jokatu zuen 2018ko Roland Garros; kritika ugari jaso zuen (Cristophe SIMON / AFP)

Halako adibideak edozein kiroletan daude. Emakume futbolariek «galtzatxo motz eta estuekin» jokatu beharko luketela proposatu zuen duela ez urte asko Joseph Blatter FIFAko presidente ohiak karguan zegoela, kirola «erakargarri» egiteko asmoz.

2011n, Munduko Badminton Federazioak ezarri zuen emakumeek gonarekin jokatu behar zutela, «urteetan behera egin zuen jendearen interesa hauspotzeko».

Jantzi motzegiak janzteagatik ere kritikatu dituzte emakumeak, «gehiegi erakuste» hori ere ez baita hain zuzena. Agerian geratzen da hala kirolari gisa baino gorputz soil gisa ikusten dela emakume kirolaria. Olivia Breen atleta paralinpiarra Ingalaterrako txapelketan lehiatzen ari zela beste praka batzuk janzteko gomendatu zioten, jantzita zituenak «motzegiak eta esanguratsuegiak» zirela argudiatuta. Lehiaketetarako espresuki diseinatuta daude, berak «ahalik eta arinen» sentitu nahi baitu lasterketetan. «Nahi duguna janzteko askatasuna izan beharko genuke», aldarrikatu zuen, betiere kontziente izanda kirol bakoitzak bere legedia duela eta segurtasuna bermatzeko kontu batzuk zehaztu behar direla.

Komentario sexistak

«Ez dakit eskubaloia ikustera edo neskak ikustera etortzen diren», adierazi zuen Karmele Makazagak berak 1990. urtean Garbiñe Ubedari “Argia”-n emandako elkarrizketan. Eta 30 urte beranduago, benetan susmo hori zutela ziurtatu dio GARAri. Hasieran aipatu bezala, komentario lizunak une oro entzun behar izaten baitzituzten. «Nola babesten ginen? Bada, geure artean, orduan ez genekien salatu genitzakeela. Nolanahi ere, guri inork ez zigun kasurik egiten», azaldu du, salatuz gero ere beraien hitzak ez zuela deus balioko iradokiz; «lehen zuzendari taldeetan gizonezkoak baitziren denak».

Erakundeen babesa funtsezkoa dela ere nabarmendu du Makazagak, Norvegiako hondartza-eskubaloi selekzioarekin gertatu legez. Pink abeslariaren babesa eta gizartearen zati handi batena –sare sozialak gizartearen erakusle badira, behintzat– lortu zuten norvegiarrek, baina legedia ez da horregatik aldatu, baizik eta herrialde eskandinaviarreko lau ministrok Nazioarteko Eskubaloi Federaziora helarazitako idatziarengatik.

«Ni eskubaloian hasi nintzenean emakumeek kulerotan jokatzen zuten», kontatu du Makazagak. «Gero gizonezkoen arropak janzten genituen», baliabiderik ez baitzuten inbertitzen emakumezkoen eskubaloian. Beraz, «gauzak hobetzen joan» direla esan du. Hala ere, oraindik kezka eragiten dio «gero eta galtza motzagoak» erabiltzeko ohitura horrek.

Izan ere, 2021. urtean gauden arren, ez gaude joera sexistetatik salbu. Osasuna B futbol taldeko jokalari Karolina Sarasuak Santanderren jaso zituen irain eta mehatxuak dira horren adierazgarri. «Altxa ezazu kamiseta zure titiak ikusteko», «tanga igartzen zaizue», «bortxatu egingo zaitut» eta abar, emakume izate hutsagatik jasotakoak, emakumeen gorputza kapitalizatua eta sexualizatua baitago oraindik ere.

Sarasuak eta taldekideek publikoki salatu zituzten hitzok eta, gaitz erdi, kluben eta erakunde publikoen babesa jaso zuten taldekideek zein epaileak, zeinak antzeko irainak jaso zituen. Karmele Makazaga zarauztarrak aitortzen du alde horretatik asko hobetu dela. «Salatzea besterik ez zaigu geratzen gauzak alda daitezen».

Barneratuta dagoena iraultzen Belaunaldi berriei begira

Hondartza-boleibolean jokalariak ez daude derrigortuta bikinia erabiltzera, baina oraindik ere batzuek halaxe jokatzen dute. Gimnasian ere ohitu gara emakumezkoek kasik ipurdi erdia bistan dutela lehiatzen ikustera  eta ez daude jantzi horiek erabiltzera derrigortuta –elastiko luzeak jantz ditzakete–. Baina orain arte kasik ez da ikusi kontrakorik eta, beraz, erreferente falta nabarmena da.

Horri aurre egiteko eta belaunaldi berrietako gazteentzako eredu izateko, Alemaniako gimnasia taldea elastiko luzeekin lehiatu zen Tokion; «emakumeok eta mundu guztiak, oro har, zer jantzi nahi dugun erabakitzeko eskubidea daukagu» aldarrikatu zuten.

Herrialde ugaritako atletek txalotu zuten alemaniarren jarrera; Ellie Black gimnasta kanadarra eta Georgia Godwin australiarra tartean. Gimnasta ohi britainiar Jennifer Pinchesek emakumeak nahi dutena janzteko «ahaldunduta» sentitzea poztekoa dela esan zuen, «estiloa eta errendimendua gutxitu gabe».

Simone Biles izar estatubatuarraren babesa ere jaso zuten, baina zehaztu zuen berak nahiago duela maillotarekin jarraitu, bere hankek hala luzeago diruditelako eta altuago sentitzen delako.