Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo
Entrevue
Iñigo Etxeberria
Behobia-Donostia lasterketaren koordinatzailea

«Pandemiaren ondorioz galdutako txispa hori oraingo Behobia-Donostian piztu nahiko genuke»

Eskarmentua du Etxeberriak proba hau gauzatzeko urteetan zehar izan dituzten arazoekin, baina covid-aren pandemia berria izan da denontzat. Orain, lasterketa bueltatzeak ekonomikoki Fortuna KE klubari egoera «oso zailetik ateratzen joateko» balio dio. Erronken artean emakumezkoen berrindartzea dago.

Iñigo Etxeberria, Behobia-Donostiako 56. edizioko kartelaren ondoan. (MAIALEN ANDRES/FOKU)
Iñigo Etxeberria, Behobia-Donostiako 56. edizioko kartelaren ondoan. (MAIALEN ANDRES/FOKU)

Bi urte igaro dira dagoeneko Behobia-Donostia lasterketa herrikoiaren azken edizioa ospatu zenetik. 2019ko azaroko edizioa ospatu eta hilabete batzuerara koronabirusa etorri zen, Fortuna Kirol Elkarteko arduradunek lanean jarraitu zuten 2020ko lasterketa ospatzeko, baina pandemiak dena geldiarazi zuen.

Aurten argia ikusiko du berriro ere hain giro ona sortzen duen proba honek. Asteartean urtero egiten duten prentsaurreko teknikoa eskaini zuten arduradunek, Iñigo Etxeberria buru zela, eta bertan zenbait berritasun jakinarazi zituzten pandemia dela-eta. Igandeko 9.30ean hasiko den lasterketa, beti bezala, lan gogor baten emaitza da, baina atzean ikusten ez dena are handiagoa da.

Bi urte pasa dira dagoeneko azken Behobia-Donostiatik. Luzea egin al da itxaronaldia?

Egin da oso deserosoa. Burua aldatzen duzu, beste gauza askotan bezala. Betiko martxa aldatzen duzu eta mentalki eskemak apurtzen dizkizu. Egin da luzea, zaila… korapilatsua.

Iaz pandemiaren errua izan zenuten. Urte bat lehenago hauteskunde egunarekin kointziditu zuen lasterketak eta konpondu behar izan zenuten ospatu ahal izateko. Lasterketaren historian zenbait arazori aurre egin behar izan diezue. Zer suposatu zuen iazko edizioa bertan behera uzteak?

Azken finean, bilakaera ikusita, logikoa izan zen. Hasieran izen-ematea martxan jarri genuen eta bageneuzkan 10.000 izen pasatxo. Baina ikusten zen eman zutenen izenak oso fidelak zirela eta ondoren ikusi zen joera ez zela ona. Tamaina honetako ekitaldetan planifikazioa behar duzu, eta egoera oso egonkorra ez izanda, ezin duzu inongo planifikaziorik egin. Astero aldatzen ziren gauzak eta abuztu bukaeran bertan behera uztea erabaki genuen. Zorionez, ondo, ondoren urriko olatua etorri baitzen eta bete-betean harrapatuko zuen lasterketa garaia. Eromena izango litzateke. Aurten aldatu egin da, txertaketarekin. Joerak hobera egin du, nahiz eta udara nahiko korapilatsua izan den, baina irailetik minimo bat utzi digu planifikaziorako eta iritsi gara gutxienez.

Eta orain zer suposatzen du zuentzat berriro ospatzeak?

Mentalki martxan jarri eta normaltasun batera iristeko lan egiteko bidea. Ekonomikoki ere klubari dagoen egoera oso oso zailetik ateratzen joateko balio dio. Horrek guztiak buruari eragin positiboa emango dio eta erantzunarekin oso oso pozik gaude. Azkenean, 20.000-25.000 inguru izango genituela pentsatzen genuen, eta orain ikusita, pozik.

Zergatik aukeratu duzue ostadarraren sinboloa?

Pandemia hasi zenean, itxialdian, erabili zen eta ideia bezala geratu zen, gehienbat irudikatzeko ekaitza edo okerrenaren pasatze hori eta garai hobeak bueltatzen zirela. Koloreak ere alaitasuna emateko, garai beltzenetatik garai alaiagoetara pasatzen garela irudikatzeko.

Behobia-Donostian parte hartzen duen jendea oso aktiboa izaten da sare sozialetan lasterketa goraipatuz. Denbora honetan beraien berotasuna nabaritu al duzue?

Bai, oso jarraitzaileak direnen animoak nabaritzen dira. Hala ere, giroan beti dago puntu bat ez dela normaltasunezkoa bete-betean. Agian falta da besteetan nabaritzen den berotasun puntu hori. Harremanak izateko moduan baldintzatuta gaude oraindik, baina saiatu behar gara pixkat laguntzen, arnasteko eta positiboan bizitzeko. Erantzuna oso polita izan da. Helburu nagusia izena ematea da, eta hainbeste jendek izena ematea, hori da azken finean balio duena.

Badirudi atletismoa berriro martxan jarri dela. Aurreko igandean New Yorkeko maratoia ospatu zen. Gertuago, Euskal Herrian, azaroan zenbait proba ospatu dira edo ospatuko dira (Donostiako Krosa, Donostiako Maratoia…). Esan dezakegu atletismoa normaltasunera itzultzen ari dela?

Guretzat pena txikia da, gu udazkeneko proba izanda, udaberriko proba guztiak udazkenera pasa direlako. Konpetentzia handitu da. Mundu mailan, major deitzen diren horiek, sei maratoi nagusi horiek –Londres, Boston, Chicago, Tokio, New York eta Berlin–, denak udazkenera pasa dituzte. Estatu mailan, Madrileko maratoi erdia igande honetan bertan egingo da, Bartzelonako maratoia aurreko igandean izan zen eta Madrilekoa irailaren bukaeran… Beldur pixka bat bagenuen, baina oso pozik gaude. Leku horietatik datorren jendeak eutsi egin dio eta portzentaje orokorrarekiko, gainera, hobetu egin dute. Orokorrean, %25a jaitsi bada izen-emateetan, Kataluniatik %18 jaitsi da. Bertakoek, hainbeste proba izanda bertan, Behobia-Donostian parte hartzea guretzat polita eta garrantzitsua izan da; estimu berezia diote lasterketari.

Aurtengo ediziorako parte-hartzaileen kopurua jaitsi egin da (25.379). Beherakada hau espero al zenuten?

Hasiera batean esaten genuen 'boom' antzeko bat izango zela normaltasunera itzultzean. Eta hori ez da gertatu. Jaitsieran faktore ezberdinak daude, baina koronabirusarena hor dago. Badago portzentaje bat nahiago duena itxoitea eta benetako beste egoera batean egotea. Jaitsiera horretan, nik uste dut koronabirusaren eragina zuzena dela. Gero bazegoen belaunaldien tendentzia. 'Baby boom' edo jaiotakoak hasi ziren korrikan, asko hasi ziren lasterketa guztietan, eta orain ikusten ari da belaunaldi hori zahartzen doala. Adibidez, orain Behobia-Donostian, 41-45 urtekoa da belaunaldi nagusia. Behobia-Donostia prestatzeko aurreko lasterketetan ere ikusi da –Hiru Hondartzetako Krosa edo 15 kilometrokoa– jaitsiera egon dela. Gu hori aztertzen aritu gara, hurrengo urteetarako ea joera den edo koronabirusarengatik izan den.

Korrituko duten korrikalari ospetsuen artean ez dago garaipenaren bila joango den atzerritarrik, baina bai Carles Castillejo, Jaume Leiva, Jesus Olmos, Nuria Lugueros edota Maite Maiora, Maite Arraiza eta Aitor Etxeberria gipuzkoarrak…

Castillejo eta Leiva beteranoak dira baina hemen arrakasta izan dute. Polita da hemen ikustea. Nahiz eta oso beteranoak izan, badituzte oso oroitzapen onak. Castillejok, adibidez, duela hiru urte “Eskerrik asko Behobia” jarri zuen bere dortsalean. Korrituko duen Jesus Olmosek, adibidez, fruta-denda bat du. Oso azkar korrika egiteaz aparte, goizeko bostetan joaten da lanera, fruta jaso eta gero afaltzera. Duela bi urte Chakib Lachgarrek ere ezustekoa eman zuen... Adidasekin Nuria Lugueros etorriko da eta hemengoen artean ez dago inongo munduko mailakorik, baina Maite Maiora eta Maite Arraiza mendian ibiltzen direnek paper ona bete dezakete. Hemengo gizonezkoen artean, Aitor Etxeberria egongo da, Donostiako 15 kilometroak irabazi zituena.

Azpimarratu behar da mediatikoa den eta profil oso esanguratsua duen Susana Rodriguez ere arituko dela. Tokioko Paralinpiar Jokoetan triatloi proban txapeldun izana da, “Time” aldizkarian agertu zen eta medikua da.

Agian pena Iraitz Arrospide gipuzkoarra ez egotea?

Bai, pena da. Agian aurten bere urtea zen. Hainbeste borrokatu du… duela bi urte bezala, hortxe-hortxe izan zuela. Herrikoien artean datorren kirolaria da eta pena da gurekin ezin ez egotea.

Aurreko asteartean Fortunako egoitzan egindako prentsaurrekoaren momentu bat. (Maialen ANDRES/FOKU)

Emakumeen parte-hartzeari dagokionez, hemen ere beherakada txiki bat egon da. Aurten 6.491 dira. Nola ikusten duzue 2025erako duzuen 50/50 erronka?

Hasieratik esan genuen zenbaki oso altuak zirela eta erronka oso zaila zela. Baina ez bagenuen erronka anbizioso bat jartzen, ez zuen hainbesteko esangurarik izango. Aurten egia da, honekin guztiarekin, dena oso murriztuta utzi dugula eta ez dugula jarraitu lehenagotik genuen lana, baina bueltatuko gara eta jarraituko dugu, jakinda anormaltasun batean bizi garela orain. Aurreratuak garela dirudi, baina ikusten da gabezia batzuk badaudela.

Beraz, erronka mantenduko duzue edo saiatuko zarate betetzen, ezta?

Bai, bai. Ea berrindartzen dugun. Emakume gazteen artean joera bat ikusten ari da: gehiago ikusten dira kalean, lotsa guztiak galtzen eta ohitura hartzen ari dira. Hori oso garrantzitsua da, neska gazteenak sozialki erreferenteak izatea. Izebak, amak, lehengusina zaharrenak… honelako lasterketetan parte hartzen ikustea. Lehen gizonezkoentzako bakarrik egiten ziren probak eta garrantzitsua da beraiek ere ikustea erreferente horiek ere parte hartzen dutela eta horrela bai eman daiteke salto bat.

Zer espero duzue igandeko lasterketaz?

Lasterketara datorrena gozatzera datorrela badakigu, hori argi dugu. Izena eman duenak badaki zertarako eman duen izena eta disfrutatzera datorrela. Horrek guztiak kutsatzen ditu giroa, ikusleak… eta espero dezagun lehen genituen sentsazio horiek berreskuratzea. Eta helburu bezala, nahiko genuke parte-hartzaile guztiak pozik bukatzea, irribarre batekin ikustea helmugan edo emozionatuta. Hori espero dugu.

Aurten agian emozio gehiagorekin, pandemia ondoren…

Baita, baita. Pertsonalki, ikusten dut oraindik txispa pixka bat falta zaigula gauza guztietarako, baina agian piztuko da txispa hori.

Behin lasterketa amaituta, atsedena hartzeko unea izango da ala dagoeneko datorren urteko ediziora begira jarriko zarete?

Ez da ikusten hemen atzean dagoen lana. Behin lasterketa amaituta, ondoren jasotzea eta ixtea datorkigu. Aurretik pilatzen dugun nekea eta estres guztia etortzen zaizkizu, baina lan asko geratzen da. Material asko jaso behar da, gauza asko itxi, lasterketaren alderdi bakoitzean gertatu dena ahalik eta hoberen jaso... Abenduan hasten gara lasaitzen.

Eta etorkizunera begira dituzuen ideiak paperean irudikatzen…

Bai, hori da. Zikloa oso itxia da. Horrela egoten gara abendurarte, eta urtarriletik aurrera hasten gara ideiekin eta planifikazio hori martxan jartzen. Martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran izen-emateekin hasten gara eta ordurako gauza asko prest eduki behar ditugu.