NAIZ

Martxa zaratatsua Mutrikun, azken eraso matxista salatzeko

Mutrikuko Emakumeen Udal Feminismo Batzordeak eta EMA herriko talde feministak joan den asteburuan herrian izan zen azken eraso matxista salatu dute martxa zaratatsu batekin. Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbatean, eta epai azkar baten ondoren aske geratu da.

Manifestazio zaratatsu bat egin dute Mutrikuko kaleetan ostegun honetan, joan den asteburuan herrian izan zen azken eraso matxista gaitzesteko. Larunbatean, 33 urteko gizon bat atxilotu zuten bikotekideari eraso egitea leporatuta. Emakumea Mendaroko Ospitalean artatu behar izan zuten jasandako lesioengatik baina gizona aske gelditu da.

Gaurko martxan parte hartu duten herritarrak indarkeria matxistaren aurka agertu dira eta erasoa jasan duen emakumeari ez dagoela bakarrik adierazi diote.

Herrian zehar ibili dira manifestariak, beren aldarrikapena ozen entzunaraziz eta atxekimenduak bilduz. Adibide gisa, Mutrikuko futbol nesken taldeak entrenamendua eten egin du mobilizazioa zelai ondotik igarotzeko unean, elkarri txalo eginez.

Mutrikuko Emakumeen Udal Feminismo Batzordeak gaitzespenik irmoena adierazi nahi izan du eta babes eta elkartasun osoa adierazi die erasoa jasan duen emakumeari eta bere ingurukoei.

«Argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen. Emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxista oro arbuiatzen ditugu», azaldu du Batzordeak ohar batean.

Asteburuan gertaturiko erasoa «ez da kasu isolatua, sistema baten ondorio dela» defendatzen du Udalak, eta nabarmentzen du indarkeria matxista estrukturala dela: «Oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza eta diskriminazioa daude, eta sistema heteropatriarkalak sostengatzen du indarkeria hori».

EMA herriko talde feministak, bere partetik, erasotzaileak asteburu honetan, «berriz ere, beste emakume bat (oraingoan bere bikotekidea) jipoitu, sexu erasoak egin eta labanaz mehatxatu duela» salatu du, eta «emakumearen ausardiairi esker ihes egitea» lortu zuela zehaztu du.

Azaldu duenez, emakumearen bizitza «arriskuan egon da, eta fisikoki oso kaltetuta utzi du». Epai azkar baten ostean, dio taldeak, aske geratu da eta emakumeari babes neurriak jarri dizkiote.

Horrenbestez, Mutrikuko Emakumeen Udal Feminismo Batzordeak bat egin du EMArekin ostegun Goiko Plazatik abiatu den manifestazioan.

Aldundiaren babesa

Gipuzkoako Foru Aldundiak, adierazpen instituzional baten bitartez, gertatutakoa gaitzetsi du ere. Foru erakundeak, aldi berean, elkartasun osoa eta babesa eskaini dizkio erasoa pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.

Aldundiak herritar guztiei dei egin die indarkeria matxistaren aurka erne egoteko, egoera hori jasan dezaketen emakumeek gizartearen babes osoa senti dezaten: «Erakunde eta herritar guztiak hor gaude une oro laguntzeko». Hurrengo astean ikusaraziko da berriz bultzada hori, ostegunean ospatzen baita Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna.