NAIZ

Eremu ez formalak euskararentzat irabazi beharraren garrantzia nabarmendu dute A-3aren atarian

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen bateratu bat adostu dute EAEko herri erakunde eta talde desberdinek. Hizkuntza lan mundu, aisialdi, kultur eta kirol eremuetara zabaltzearen garrantzia azpimarratu dute.

Gasteizko Montehermoso kulturunean aurkeztu dute adierazpena. (Raul BOGAJO / FOKU)
Gasteizko Montehermoso kulturunean aurkeztu dute adierazpena. (Raul BOGAJO / FOKU)

Eremu ez formalak ere euskararentzat irabazi beharraren garrantzia azpimarratu du Euskararen Nazioarteko Egunari begira herri erakunde nagusiek adostu duten adierazpen bateratuak.

Iaz pandemiak eragindako etenaren ondoren, Lakuako Gobernuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, Eudel Udalen Elkarteak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak adierazpen instituzional bat adostu dute, eta asteazken honetan eman dute ezagutzera, Gasteizko Montehermoso kulturunean egin den irakurketa publikoan.

Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Lexuri Ugarte Arabako Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendariak, Miren Elgarresta Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendariak, Xabier Arauzo Bizkaiko Euskararen zuzendari orokorrak, Estitxu Pereda Gasteizko Udaleko Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen zuzendariak, Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Hezkuntza eta Euskara zinegotziak, Iraitz Lazkano Uemako presidente eta Elgetako alkateak eta Anartz Gorrotxategi Eudeleko ordezkari eta Arraiako alkateak irakurri dute ‘Euskara lanabes, aro berrirantz. Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskarak arnas berri’ izenburuarekin adostutako adierazpena.

Azaldu dutenez, covid-19aren pandemiak agerian utzi du «jakin bagenekiena», hots, «zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari».

«Orain, jakiteaz gain, sentitu ere egiten dugu errealitate hori: sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren, harremanaren funtsezkotasuna. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietariko bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki. Tinko», dio adierazpenak.

Halaber, hizkuntzaren erabilera formalekin batera, «eremu ez formaletakoa landu beharra» dagoela nabarmendu dute, «behar besteko lehentasunez» gainera. «Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat», esan dute.

Erakundeen ahalegina, «ezinbestekoa»

Adierazpenaren sinatzaileen arabera, «ezin dizkiogu euskarari ukatu gorputz eta espirituaren atseden eta gozamenari lotzen zaizkion eremu horiek. Eta hor aurrera egiteko, hiztunen konpromisoa ez ezik ezinbestekoa izango da instituziook egin behar dugun ahalegina: bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz».

EAEko herri erakundeen iritziz, «euskararen bizi indarra dago jokoan, eremu formalez gainera, eremu ez formal horiek euskararentzat irabaztearen erronkan». Izan ere, haien ustez, «alor horretan euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena».