Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Euskal komikia sasoi onean dago

Komikia zabaltzea eta binetetan harrapatuta gelditzea dena da bat: Far West basatiko lautadetan zamalkatuko zara, Kolonbiako oihanetan galdu, gazte rockzale baten abenturak biziko dituzu... Zaletuen gozamenerako, euskal komikia loraldi ederra bizitzen ari da.

Julen Ribasek kaleratutako «Sua» komikia. Musika eta letrak, hori bai, Su Ta Gar talde ezagunarenak dira. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Julen Ribasek kaleratutako «Sua» komikia. Musika eta letrak, hori bai, Su Ta Gar talde ezagunarenak dira. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Bi hamarkada luzeko ahaleginari esker, Bilboko Astiberri argitaletxeak leku propioa egitea lortu du Europako merkatuan, helduei zuzendutako nobela grafikoetan kalitate sinonimo bihurtu baita. Estatu espainiarrean lehen mailako argitaletxeekin ari da borrokan... bere nortasuna galdu gabe, noski. «Lanean daramatzagun bi hamarkadotan 800 bat titulu atera ditugu, baina hemen jarraitzen dugu, bertako inprimategi batekin lanean, Basaurin», argitu du Iñaki Garmendiak,  Azokara David Abia gidoilariarekin batera hurbildu dena Astiberriren erakusmahaian izateko.

Azken zazpi-zortzi urteetan Durangon presente egon da argitaletxe bizkaitarra. Hurrengo hitzordua urtarrilean dute, hilak 27tik 30era Angulema hiri frantsesean egingo den jaialdian. Nazioarte mailako hitzordurik garrantzitsuenean zer egiten da? «Nobelen eskubideak saldu eta berriak erosi», laburbildu dute.

Durangora ekarri dituzten nobedadeen artean Javier de Isusiren ‘Transparentes. Historia del exilio colombiano’ dago. Bertan Kolonbiako 50 urte baino gehiagoko barne-gatazkaren ondorioak islatu ditu nazioartean izen handia duen komikigile euskaldunak. 2020an Espainiako Komikiaren Sari Nazionala jaso zuen. ‘Transparentes. Historia del exilio colombiano’ lanak ere aurtengo Euskadi Literatura saria lortu du.

Paco Roca komikigile handiaren lanen albotik –euskarara ere itzuli dituzte bere zenbait lan–, album bat atera dute. «Hau oso interesgarria da, bitxia oso, desberdina», aipatu dute liburua zabaltzen duten bitartean. Izenburua, ‘Voces de Chimalpopoca’. Egilea, Shu Otero. Nor da? «Azken hamarkadan euskal komikiaren suspertze bat egon da, salto bat eman da eta batez ere emakumeen presentzian nabaritu da. Horren adibide, Su Otero, Gasteizen bizi den egile nafarra». Gehien saltzen direnak? «Manga estilokoak». Eta gero? Haurrentzat atera duten ‘Biga’ liburu sorta. Katalanez, euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu dute.

Westernak eta rocka

Gregorio Muro Harriet gidoigile hernaniarra klasiko bat da. Agian gaur egungo egileen ‘aita’ kontsidera daiteke, 80ko hamarkadan bera izan baitzen aitzindaria euskal komikigintzan. Harriet Ediciones argitaletxearen standean egon da asteburuan, baina atzo semeak, Mikel Murok, hartu zion erreleboa. Aitaren lekukoa hartu du, haurrentzako ‘Galerna eta kresala’ ipuin ilustratuarekin estreinatu baita.

Harrietarren standeko ‘izarrak’, Unai Elorriagaren gidoia eta Alex Orberen irudiak dituen ‘Jarraitu inurriari’ eta Harriet berak, Ivan Gilek eta Garluk Agirrek sinatutako ‘Mugako dragoiak’. «Esan daiteke ‘Mugako dragoiak’  euskal western bat dela. Bilaketa lan izugarria egin du aitak», aipatu du Mikel Murok. 108 orrialde ditu eta bukaeran datu historikoen azalpena dago, Muroren lan bibliografiko zorrotzaren adibide. Euskal sustraiak zituen militar bat komantxeen aurka borrokan aritu zeneko abentura komiki bihurtu dute. Protagonista, Juan Bautista Anza Sonorara migratutako hernaniarren semea.

Tasioren azken marrazkien liburua ere aurkitu dugu Zorrotz argitaletxean, eta oso gertu Asisko Urmenetaren ‘Sugarren mende’ (Erroa). Duela 410 urte Logroñon sorginen kontra egindako autoan girotuta dago. Patxi Ugarte Zaldiero marrazkigilea  ‘Arranotxu, euskal gerlari mitikoa’ (Ikastolen Elkartea) komiki bildumarekin dago Durangon. Eta musikaren ‘kalean’ ere aurkitu dugu komiki bat: ‘Sua’, Su Ta Gar musika talde eibartarraren proposamena. «Orain lau bat urte Alex Tellok deitu ninduen hau proposatuz, baina ni orduan oso lanpetuta nengoen. Halere, galdetu nion: ‘Ze proiektu da?’. ‘Su Ta Garri buruzkoa’. ‘Ene!’». Hitz egiten ari dena Julen Ribas marrazkilaria da. 2018an Euskadi Saria irabazi zuen Eider Rodriguezekin batera “Santa Familia” albumagatik. Ribas da Sua gazte androgino eta rockzalearen unibertsoaren egilea.

‘Sua’ komikia ezohikoa da: ez dago elkarrizketarik, Su Ta Gar taldearen kanten bitartez lotzen da kontakizuna. «Ez da komiki konbentzionala. Baina bi alde ditu: Su Ta Gar taldearen zaleentzat erakargarria da, bideoklipa baten moduan ikusten delako; eta narratzaile orojakile baten ahotsaren bidez ere jarrai dezakezu kontakizuna. Poesia ukitua du gainera. Taldekideak oso pozik daude eta guretzat luxu bat da», dio Ribasek. Kanten zerrenda bat eta Mikel Sotok idatzitako testu bat daude bukaeran. Taldearen argazki zahar bat seinalatu du Xabi Bastidak: «Gu hemen Sua gara!». Eta orduko gaztetxoei so eginez, Suaren begirada berdina dutela ohartu gara.