NAIZ

Euskotren Liga lau partaidetik zortzira pasako da 2023. urtetik aurrera

Azken urteerako eskabidea aintzat hartu du Traineru Kluben Elkarteak, egungo formatuan Euskotren Liga motz geratu dela bistakoa baita. 2023tik aurrerako aurreneko hiru urteetan, partehartzaileetako bi galiziarrak izango dira.

Euskotren Liga lau partaidetik zortzira pasako da 2023. urtean. (Jon URBE / FOKU)
Euskotren Liga lau partaidetik zortzira pasako da 2023. urtean. (Jon URBE / FOKU)

Azken urteetan Euskotren Liga motz geratzen ari zela bistan geratu da eta parte hartzaileek eurek hurrengo urteetara begira, lehiakide kopurua handitzeko eskatu dute. Hala, Traineru Kluben Elkarteak –TKEk– aldaketa onartu du Euskotren Ligara begira, eta 2023az geroztik zortzi partaide izango ditu Emakumeen Traineru Liga nagusiak, horietatik bi galiziarrak.

TKEko Zuzendaritzak eginiko proposamena onartu dute Elkartea bera osatzen duten taldeek. Izan ere, egun, lau traineruk hartzen dute parte emakumezkoen lehiaketan, denak gipuzkoarrak, eta ondorioz, 2023. urtetik aurrera, bikoitza izango dira.

Bazkideek onartutako aldaketa honekin, lehenengo hiru denboraldietan, lehiaketako bi partehartzaile Galiziako Ligakoak izango dira.

TKEko presidente Borja Rodrigoren hitzetan, «emakumeen arraunarentzat aldaketa garrantzitsua izango dela uste dugu. Aurretiaz beharrezkoa zen denboraz proposatu dugun aldaketa bat da honako hau, 2023ko denboraldia goitik behera eraldatzen baitu».

«Bestalde, TKEk emakumeen arraunarekiko bere konpromezua are eta sendoago egiten du. Euskotren Ligaren bera handitu eta indartzeaz gain, Kantauri osoan emakumeen arrauna indartzeko ere balioko duela uste dugu», gaineratu du Rodrigok.

Horrez gain, Euskotren Ligako lehiakideek izen-ematea egiterako unean kuota bat ordaintzea ere onartu dute. Azkenik, 2022 eta 2023 denboraldietako emakumeen lehiaketaren play-off formatua onartzeko eskatu dio urtarrileko Batzarrari.

Bestalde, TKEko bazkideek estropaden antolaketan soilik eragina izango duten aldaketak onartu dituzte. Azkenik, ALNren (Asociación Liga Noroeste) eta TKEren artean indarrean dagoen lankidetza hitzarmenaren luzapena ere onartu da, 2022ko abenduaren 31ra arte.