NAIZ

Pierrot Duhalde, Baionako kultur animazioen sustatzaile «jeinutsu bezain xumea» zendu da

Eguberri garaian itzali da Pierrot Duhalde 99 urterekin. Donoztirin sortua, gazterik Baionarat bizitzerat jin zen gurasoen lanaren ildotik. Oldarra dantza taldean ibilitakoa, hiriko kultur eta besta animazioen sustatzaile «jeinutsu bezain xumea» izan zela oroitarazi dute Olentzero taldeko kideek.

Pierrot Duhalde, Baionako Santizpiritu auzoan gaztetatik sustraituriko donaiztiarra. (NAIZ)
Pierrot Duhalde, Baionako Santizpiritu auzoan gaztetatik sustraituriko donaiztiarra. (NAIZ)

Olentzero taldeko kide den Gillom Irigoyenek azaldu duenez, «hain maite zuen Eguberri garaian» itzali da Pierrot Duhalde.

Bourbaki karrikako santizpirituarra 99 urterekin joan da, bide luze eta betearen ondotik.

Donoztirin (Nafarroa Beherea) sortua, gazterik Baionarat bizitzerat jin zen bere gurasoen lanaren ildotik.

Gazte zenean dantzari izan zen Oldarra taldean, eta margotzen ere ikasi zuen.

Terrazamendu lanetan jardun zuen Simone emaztearekin hiru semeko familia hazi zuen Duhaldek.

«Erretreta bigarren bizi bat izan zen Pierrotentzat, urtean sei hilabete margoari eta familiari eskainiz eta gainerakoak besteei», oroitu dute lagunek.

Bere auzoko kantu saioetan, dantza taldearen eramale gisa, Olentzeroren jarraitzaile bezala, eta «urte guziz berria zen San Izpirituko elizako jaiotza airosaren eta Korsoko karro ikusgarri egile gisa» hogei urte baino gehiago egin zuen zendutakoak.

Hori soilik ez, ihauterietako mozorro asmatzale gisa, Hotsbere auzoko eta Baionako adiskideekin «hiriko animazioen sustatzaile jeinutsu eta xume gisa» jardun zuen Duhaldek, «lan hori guzia indarrik egin gabe, sekula galdu ez zuen haur izpiritu batekin».

«Ideiak tupustez jiten zitzaizkion eta berak zion bezala ‘Ez dakit nola, bainan eginen dizut ba zerbait’ esaldia ahotan» gaineratu dute Olentzero taldeko kideek Duhalde familiari publikoki helerazi nahi izan dioten mezuan.