NAIZ

Etorkinei botoa ematen uzten dien legea blokeatu nahi dute New Yorken

Legegile errepublikanoen talde batek salaketa jarri du New York hiriko hauteskundeetan etorkinei botoa emateko aukera ematen duen legearen kontra. Legea «antiamerikarra eta antikonstituzionala» dela diote.

New Yorkeko bizilagun bat botoa ematen.
New Yorkeko bizilagun bat botoa ematen. (John Nacion / SOPA Images via ZUMA / DPA)

Alderdi Errepublikanoaren legegile talde batek etorkinei botoa ematen uzten dien legea blokeatu nahi du New Yorken. Joan den abenduan onartu zen legea eta Eric Adams alkate berriak berretsi egin zuen urtarrilaren 1ean kargua hartu zuenean. Aukera emango du New Yorkeko hautesleen erroldan ia 900.000 pertsona gehitzeko, horietako asko latindar jatorriko etorkinak.

Legearen testuaren arabera, hautesle berri horiek alkatea, zinegotziak eta tokiko beste kargu batzuk aukeratu ahal izango dituzte, baina Estatuko edo hauteskunde federaletan ezin izango dute parte hartu.

Salaketa astelehenean aurkeztu zuten Albanyko Auzitegi Gorenean (New York Estatuko hiriburua), eta hiriko 17 legegile errepublikanoek sinatu dute. Haien ustez, horrelako lege baten helburua «herritarrak eta ez-herritarrak bereizten dituzten lerro guztiak ezabatzea da», Nick Langworthy New Yorkeko talde errepublikanoko presidenteak ohar batean adierazi duenez.

«Hitzeman genuen tresna legal guztiak erabiliko genituela lege antikonstituzional eta antiamerikarra hau blokeatzeko. Ez diegu beste herrialdeetako herritarrei botoa ematen utzi behar gure hauteskundeetan. Adams bi aste bakarrik darama gobernuan, eta udalerriko sektore erradikalaren aurrean makurtzen ari da jada», esan du Langworthyk.

Beste sinatzaileetako batek, Vito Fossellak (Staten Island barrutiko presidenteak) adierazi du legea «zaplazteko bat» dela «jaio edo bertakotu den estatubatuar bakoitzaren aurpegian».

Garraioetako zinegotzi berria den Ydanis Rodriguezek, lege honen bultzatzaile nagusia izan denak, testu legegilea «New Yorkentzat eta demokraziarentzat une historikoa» dela nabarmendu du.