NAIZ

Itxialdian zehar ospatutako festen akusazioak pilatzen ari zaizkio Johnsoni

Lehen ministro britainiarra, Boris Johnson, presiopean da 2020ko maiatzean, lehen konfinamenduaren baitan, ustez Downing Streeteko bere etxebizitzako lorategian ospatu zen festa jendetsuaren inguruko azalpenak emateko. Poliziak ikerketa bat abiatuko du.

Boris Johnson prentsa agerraldi batean covid-19 kutsatzeen berri ematen
Boris Johnson prentsa agerraldi batean covid-19 kutsatzeen berri ematen (Jack HILL | AFP)

Allegra Sttratonek, Gobernu britainiarraren bozeramaile ohiak, barre artean 2020ko gabonetan Downing Streeten festa bat ospatu zela aitortzen zuen bideoa filtratu zenetik, beste ospakizun batzuen susmoak arrapaladan etorri zaizkio gainera Johnsoni. Azkena, ustez 2020ko maiatzean lehen ministroaren lorategian ospatu zen festa bat da. Ustezko ospakizuna izan zen unean Ingalaterra itxialdi gogorrean zegoen eta prentsa britainiarrak baieztatzen duen bezala «party»a ospatu izan balitz, Johnsonek bere Gobernuak inposatutako neurri murritzaileak hautsiko zituzkeen.

Izan ere, ITV telebista kateak jakinarazi duenez, 2020ko maiatzean, Ingalaterran nukleo familiar desberdinetako bi pertsona soilik batu zitezkeen bitartean, Martin Reynoldsek, lehen ministroaren idazkari pribatuak, 100 pertsona inguru gonbidatu zituen Downing Streeteko lorategiko ospakizunera. Are gehiago, hainbat lekukok Boris Johnson eta bere emazte Carrie, 30 lagunekin batera, festa hartan ikusi zituztela baieztatu diote BBC telebista kateari. Johnsonek, oraingoz, ez du eskandaluari lotutako adierazpenik egin.

Festa horiek benetan ospatu ziren edo ez argitzeko Sue Gray funtzionarioa jarri dute ikerketaren buru. Hori horrela, pandemiaren hedapena galarazteko ezarritako neurri murritzaileak errespetatu ez zitezkeen hainbat data ikertu beharko ditu Grayk:

Maiatzak 15: Argazki batean Johnson eta bere lan taldea ardo botilekin eta gazta taula batekin ageri dira Downing Streeteko lorategian. Johnsonek, bere defentsan, argazkiko pertsonak «lantokian lanari buruz hizketan» zeudela argudiatu du.

Maiatzak 20: ITV katearen esanetan, Johnsonen idazkariaren e-postatik Downing Streeteko lorategian ospatzekoa zen festa baterako 100 gonbidapen inguru bidali ziren.

Azaroak 13: BBC kateak batutako lekukotasunen arabera, Downing Streeteko langile talde bat Carrie Johnsonekin, lehen ministroaren emaztearekin, batu ziren bikotea bizi den pisuan. Gobernu britainiarraren bozeramaile batek lagun bilera egin izana ukatu du.

Azaroak 27: Prentsak dioenez, Cleo Watson agurtzeko jai bat ospatu omen zen. Edariekin batera Johnsonek diskurtso bat eman omen zuen.

Abenduak 10: Hezkuntza Ministerioak beraien lanagatik eskerrak emateko langileak batu zituela onartu du. Langileek janaria eta edaria eraman omen zuten bilerara.

Abenduak 14: Alderdi kontserbadoreak bere Londreseko egoitzan «baimendu gabeko» elkartze bat egon zela aitortu du. Elkartze hori Londreseko alkatetzarako hautagaiaren, Shaun Baileyen, taldeak antolatu zuen. Baileyk laster dimititu zuen bere udal batzarreko polizia eta krimen batzordeko presidente kargutik festara joan zela publiko egin zenean.

Abenduak 15: Hainbat lekukok BBCri baieztatu diote Downing Streeteko langileentzat Gabonetako lehiaketa bat ospatu dela. ‘Sunday Mirror’ hedabideak Johnsonen lagunarteko argazki bat argitaratu du, baina lehen ministroak covid-19aren aurkako arauak errespetatu zirela ziurtatu du.

Abenduak 16: Data honetan Garraio Ministeritzako arduradunek bere bulegoetan festa bat ospatu zutela aitortu du.

Abenduak 18: ‘Daily Mirror’ hedabideak Downing Streeten Gabonetako festa bat ospatu zela baieztatu du, Gobernu britainiarrak akusazioa baztertu duen arren. ITVk lortutako bideo batek Allegra Strattonen, jada postutik dimititu duen prentsa idazkariaren, bideo bat argitaratu zuen, ustezko festa haren inguruan txantxaka.