NAIZ

Adinekoen egoitzetako protokoloak berrikustea eskatu diote Gipuzkoako Aldundiari senideek

Adineko pertsonen familiek uste dute euren bizi kalitateak okerrera egin duela pandemia hasi zenetik, hartutako neurrien ondorioz. Hala, protokoloak berrikusteko eskatu diote Gipuzkoa Aldundiari, tartean, erabiltzaileek bizi duten isolamendua salatuz.

Gipuzkoako Senideak elkarteak Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratze bat.
Gipuzkoako Senideak elkarteak Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratze bat. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gipuzkoako Senideak elkarteak Foru Aldundiari neurriak eskatu dizkio, egoitzetako erabiltzaileen ongizatea bermatua egon dadin. Izan ere, pandemia hasi zenetik nagusien bizi kalitateak okerrera egin duela uste dute. Hala, covid protokoloak berrikus ditzaztela eskatu dute, Gipuzkoako Esku-hartze Sozialerako Etika Batzordearen gomendioetan oinarrituta, familiek euren senideei eragiten dieten erabakiguneetan parte hartzeko bideak errazteko.

«Salatu nahi dugu egoitzetan bizitzen jarraitzen den egoera, erabiltzaileen isolamenduari dagokionean. Aipatutako isolamenduak beherakada fisiko nahiz emozional izugarria dakar. Ez dezagun ahaztu pertsona horietako askorentzat, ziurrenik, azken gabonak izan direla, eta horietako askok ezin izan dutela familiarekin egon», aipatu du Gipuzkoako Senideak elkarteak.

Familiek jasotzen duten informazio eskasak egoera zailtzen duela adierazi dute, gainera. «Gizarte Politiken zerbitzuari gure iradokizunak aurkezteko ezintasuna ikusita, ez baitie elkarte honen bilera eskaerei erantzuten, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu bere erantzukizuna bere gain har dezala eta egoitzak behartu ditzala familiei bakoitzaren egoeraren berri ematera», aldarrikatu dute.

Hala, eskatzen dute isolamendu protokoloetan kontuan hartzea Gipuzkoako Esku-hartze Sozialerako Etika Batzordeak eta Matia Fundazioaren Esku-hartze Sozialerako Etika Batzordeak egindako balorazioak. Azkenik, premia dela eta, eguneko zentroak ixten jarraitu behar badute, zerbitzu horien erabiltzaileentzako etxez etxeko laguntzak behar besteko aurrerapenarekin aurreikusita izatea galdegin dute.