NAIZ

Nilofar Bayat da aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiaren kartelaren protagonista

Nilofar Bayat aktibista eta saskibaloi jokalari afganiarra da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 19. edizioaren kartelaren protagonista. Afganistango emakumeen eskubideen alde jarduten du ‘Free Women for Afghanistan’ proiektuarekin.

Giza Eskubideen Zinemaldiaren 19. edizioaren kartela.
Giza Eskubideen Zinemaldiaren 19. edizioaren kartela. (Giza Eskubideen Zinemaldia)

Beste urteetako ildo kontzeptuala alde batera utzi du Giza Eskubideen Zinemaldiak eta aurten, 19. edizioan, Nilofar Bayat aktibista eta saskibaloi jokalari afganiarra da kartelaren erdigunea. Jaialdia apirilaren 1etik 8ra izango da Victoria Eugenia Antzokian eta Donostiako beste agertoki batzuetan.

Talibanen miliziek jaurtitako obus bat Bayaten etxera sartu zen eta larriki zauritu zuen, eta mugitzeko hainbat arazo utzi zizkion. Ordutik, Zuzenbide ikasketak egin ditu, Nazioarteko Gurutze Gorriarekin lan egin du eta gurpil-aulkiko saskibaloiko selekzio nazionalaren kapitaina izan da. Gaur egun, Bidaideak elkartearen saskibaloi taldean jokatzen du eta beste emakume batzuekin batera ‘Free Women for Afghanistan’ proiektua sortu du, bere herrialdean dibertsitate funtzionala duten emakumeekin lankidetza proiektuak garatzeko. Bereziki, talibanen gobernupean emakume horien egoera salatzen du.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian gai sozialak lantzen dituzten filmak proiektatzen dira, Giza Eskubideen inguruan hausnartzeko. Aurten apirilean ospatuko da, 1etik 8ra bitartean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Haur eta gazteei urtero eskaintzen dizkieten emanaldietarako hiru film luze hautatu dituzte: ‘Maixabel’, ‘Tximinoen izarra’ eta ‘Zutik!’. Lehenengoa Victoria Eugenia Antzokian proiektatuko da, baina beste biak online ikusi ahalko dituzte ikastetxeetan apirilaren 4tik 8ra bitartean.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan hartuko ditu. Proiekzioetaz gain, erakusketak eta solasaldiak egongo dira.

Ikastetxeen izen-ematea

Haurrei eta gazteei zuzendutako zinemaldia denez, ikastetxeek parte hartzeko eskaintza doakoa da. Izena emateko epea martxoaren 26ra arte irekita dago eta www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunearen bitartez egin behar da.

Gainera, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Pelikulak ikusi aurretik eta ondoren giza eskubideen inguruan kontzientziatzea eta hausnartzea da helburua, ariketen bidez.

Gazte epaimahaia

Bestalde, gazte epaimahaian parte hartzeko izena emateko epea irekita dago martxoaren 8ra arte. Urtero bezala, parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak jasoko dituzte.

Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute martxoaren 31n, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, zinemaldian zehar, gutxienez, 19:30eko saioen %80ra joan beharko dira.