NAIZ

Perfumerias Avenida, aurkari gaiztoena Lointek Gernikaren emaitza bolada txarra apurtzeko

Bizkaitarrek azken bost jardunaldiak galdu dituzte eta Top 8tik at daude uneotan. Salamancako taldea, bestalde, min hartutako dezenterekin egonagatik, Ligako azken hamar jardunaldiak jarraian irabazita dator eta sailkapeneko liderra da.

Defentsan sentsazio onak aurkitu nahi ditu Lointek Gernika Bizkaiak.
Defentsan sentsazio onak aurkitu nahi ditu Lointek Gernika Bizkaiak. (Gorka RUBIO / FOKU)

«Partida ia guztietan irabazteko aukerak izan ditugu, baina emaitza bolada txarragatik, taldearen egoera ez da nahiko genukeena bezain ona». Horra Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren egoera aztertzen. Covid-19aren erruz bertan behera geratu zen beste partida bat errekuperatuko dute gerrnikarrek asteazken honetan: hain zuzen Perfumerias Avenida ahaltsuaren aurka, Malosten 20.00etatik aurrera.

Endesa Ligako liderraren bisita sekula ere ez da egokia, eta are gutxiago jarraian bost porrot pilatu ondoren. Lesioek, taldean oreka bilatu ezinak eta aurkarien lanak egoera asko estutu dute bizkaitarrengan. Hala, sailkapeneko hamargarren postuan daude uneotan Mario Lopezenak 9-11ko balantzearekin. Egia da Koparako sailkapena eskuratu zutela bizkaitarrek bere garaian, baina orain play-offetan sartzea dute helburu, eta martxa honetan lan oso zaila bihurtuko zaie.

Are eta zailagoa azken hamar neurketak –Liga txapelketan beti ere– jarraian irabazi dituen talde baten aurka. Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarraren aginduetara, egoki ari dira Salamancakoak, baina ez kosta gabe, lesioen erruz ohi baino jokalari gutxiagorekin ari baitira jokatzen; tartean Katie Lou Samuelson izarra, Estatu Batuetara «alde eginda» dagoena klubaren baimenik gabe. Horrez gain Gernikako jokalari ohi Nogaye Lo, Mariella Fassoula eta Shante Evans ere faltako ditu –azken honek taldea laga du–.

Alabaina, pasa den jardunaldian Emese Hof pibot herbeheretarrak jardunaldiko MVPa izatea erdietsi zuen eta horrez gain, Karlie Samuelson –Katie Louren ahizpa–, Maite Cazorla, Silvia Dominguez edo Andrea Vilaro lako jokalari apartak dauzka.

Galdutako sentsazioen bila

«Egokitu zekigukeen aurkaririk petralena etorriko zaigu bisitan, baina agian horrek presio gutxiagorekin jokatzen lagunduko digu», adierazi du partida bezperan Mario Lopezek. «Sentsazioak ez dira onak; erasoan zorte pixka bat ere falta zaigu eta asmatu ezinik jardute horrek defentsa lana ere erasan digu azken aldian», laburbildu du entrenatzaile gernikarrak.

Aukerarik izatekotan, Gernika Bizkaiak «sekulako partida» egin beharko duela dio Mario Lopezek. «Sekula baino gehiago, aurkariari baino, gure buruari begiratu behar diogu. Sentsazio onenak bilatu behar ditugu berriz; defentsan eta errebotea zaintzeko orduan lan hobea egin behar dugu ere, bestalde. Baina batez ere, gugan dago hobetzea. Erasoan jaurtiketa errazak bilatzea eta behin bilatutakoan, sartzea behar dugu nahitaez. Finean, presiorik gabe jokatu beharreko partida izan behar da, eta asteburuan Ferrolen jokatu behar dugun neurketari begira, galdutako sentsazio horiek berreskuratzeko neurketa izan behar da», amaitu du Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak.